Amaia Ocerin: 'Bilbon euskerea kalera atera eta gizarteratzea da gure erronkea'
2016-12-19 12:07 BarriketanEuskararen Etxeko teknikaria
Bilboko San Inazio auzoan dago Euskararen Etxea, 2004tik. Azkue Fundazinoaren ardurapean sortutako etxe horretan, euskerearen interpretazino gunea topauko dau bisitariak. Euskerea ezagutzen dabenei zein ezagutzeko gogoa daukienei, hizkuntzearen historia, garapena eta egoerea azaltzen deutsiez. Ganera, euskerazko ekitaldi, aurkezpen eta jarduerak egiteko aretoak eskaintzen ditue. Holan, euskerearentzako eta euskaldunentzako erreferentziazko gunea da. Bertako teknikari Amaia Ocerinek zabaldu deusku Euskararen Etxeko atea.
1.- Gabonetarako egitarau berezia antolatu dau Euskararen Etxeak, umeentzat. Ze jarduera egongo dira?
Magia, ipuin-kontalariak, antzerkia eta berbenatxu bat egongo dira, guztira zazpi ikuskizun. Goizez izango dira guztiak, ordubete edo ordu eta erdikoak. Sartzea libre izango da, baina azpimarratu nahi dot plaza guztiak beteten diranean ezin izango dala inor gehiago sartu, beraz adi ibili behar da. Gitxi gorabehera 50 umerentzako lekua egongo da jarduera bakotxean. [Abenduko jarduera guztien agendea, hemen]
2.- Bestetik, robotika ikastaroa antolatu dozue, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Zer ikasiko dabe hor?
Nerabeei zuzendutako ekimena da, bai. Hirugarrenez antolatu dogu, normalean oporretako sasoian egiten dogu, Gabonetan zein Aste Santuan. Lehenengo edizinotik oso arrakastatsua izan da, plaza guztiak berehala beteten dira. Ikastaro teorikoa baino, praktikoa da gehiago, hau da, egiten ikasten dabe gazteek. Orduan, lana patxadaz egin ahal izateko eta bakotxari jagokon denporea eskaintzeko, plaza gitxi egoten dira. Gabon honeetako plaza guztiak beteta dagoz dagoeneko, epea zabaldu eta astebete ingurura amaitzen jakuz lekuak.
3.- Gabonetako oporraldia sasoi ona da ume eta gaztekana heltzeko, ezta?
Bai, hori da. Alde batetik, bermatu nahi dogu opor garaian auzoan, eta Bilbon oro har, euskerazko ekintzak egin ahal izatea. Ume eta gazteek oporretan euskeraz gozau deiela. Bestetik, bide batez, familiei agendea eskaintzen deutsegu, euskerazko jarduerak aukeratu deiezan eta gurasoek ezagutu deien Euskararen Etxea. Ze urte osoan daukaguz helduentzako ikastaroak eta tailerrak eta eurak be etorri leitekezala jakin behar dabe.
4.- Zelakoa da, ba, helduentzako eskaintza hori?
Eskaintza apala da. Jarduera kulturalak daukaguz batetik, hau da, kontzertu txikiak, irakurraldiak, musikeagaz lotutako ekitaldiak... Bestetik, teknologiagaz lotutako ikastaro eta tailerrak. Hor danetarik egin izan dogu. Esaterako, Twitter eta Instagram euskeraz erabilten ikasteko kursoa egin genduan, nortasun digitalaren eta pribadutasunaren ganekoak be aztertu genduzan... Arrakastatsuak izaten dira helduen tailerrak.
5.- Horrezaz ganera, alkarte eta taldeek euren ekitaldiak antolatzeko gunea be bada Euskararen Etxea, ezta?
Bai, etorri leitekez areto bat eskatzera, ekintzak egiteko. Batzarrak, aurkezpenak, berbaldiak... pribaduak zein jente aurrekoak izan, hemen badago lekua. Areto bi daukaguz horretarako, baliabide teknologiko guztiakaz, ekitaldiak patxadaz eta baldintza onetan egiteko. Ganera, artista, sortzaile eta eragileen partetik, proposamenak jasoten doguz, euren produktuak hemen egin ahal izateko. Hori gure agendeagaz lotzen dogu.
6.- Euskararen Etxea, bestetik, bisitau be egin leiteke. Zer topauko dogu hara joan ezkero?
Euskerearen Interpretazino Zentroa daukagu hemen, bakarra da munduan. Euskerearen bilakaerearen bidaiea egitea eskaintzen dogu, modu didaktiko eta gozagarri baten. Edukinak eta edukinak alkarren atzetik kontau baino, gidariak egiten dauena da, modu atsegin eta errazean azalpenak emon, edonork ulertzeko moduan.
Norberak bere kabuz be egin leike bisitaldia, pantaila alkarreragilez horniduta dago zentroa. Orduan, nahi dan momentuan etorri leiteke eta nahi beste denpora emon pantailetan dagoan informazinoa ikusten. Informazino asko, eta sakona, emoten da. Baina gomendatzen dogu bisitaldia gideagaz egitea, atseginagoa izaten dalako, didaktikoagoa. Gidariak bitxikeriak kontetan ditu, euskaldunentzat zein euskeraz ez dakienentzat interesgarriak diran kontuak azaltzen ditu... Euskerea zer dan eta zelan heldu dan gaur egunera arte, hori ikustea eta ulertzea da helburua.
7.- Zelako bisitariak joaten dira Euskararen Etxera?
Gehienbat ikastetxeetatik etorten jakuz. Urtero, 6.300 bisitari inguru izaten doguz eta horreetatik ia erdia ikasleak dira. Ikasturte bat amaitu baino lehen hasten gara hurrengo urterako erreserbetarako eskariak jasoten. Normalean, behin etorten dan ikastetxeak hurrengo urtean barriro etorri nahi dau. Ikasleek begiraleagaz bisitaldia egiten dabe lehenengo eta, ostean, tailer bat. Teknologiaren erabilpenagaz eta euskereagaz lotuta egoten dira tailerrak. Esaterako, azkenengo hiru ikasturteotan, komiki digitalen tailerra dogu martxan.
Ikastetxeetako neska-mutilak albo batera itxita, bisitarien artean danetarikoak izaten doguz. Enpresetatik, helduen hezkuntza zentroetatik, euskaltegietatik, alkarteetatik eta abar etorten dira. Gehienak euskaldunak izaten dira baina ahalegintzen gara interpretazino zentroa euskaldunak ez diranei be zabaltzen. Lehen aitatu dot, zentro hau ez da euskeraz ikasteko, euskerearen inguruan jakinmina biztuteko eta historia ezagutzeko baino. Bisitarien kopuru oraingoz txiki bat atzerritik dator, publiko hori oso interesgarria da guretzat. Euskereak atzerritar batzuen arretea erakarten dau. Hoteletan eskuorria emoten deutsienean, interes handiz etorten dira. Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egin leiteke bisitaldia Euskararen Etxean. Atzerrikoentzat esperientzia atsegina izaten da, euskereagaz lehenengo kontaktua dabelako. Harrituta geratzen dira.
8.- Euskerearen ganeko datu batzuk ez dira oso ezagunak atzerrikoentzat, baina ezta bertoko askorentzat be.
Bai, ganera guk eduki mamintsuak eskaintzen doguz, baina modu atseginean azaltzen ahalegintzen gara, jakinmina biztuteko. Bisitaldi dinamikoak egiten doguz. Normalean liburuetan topetan ez diran gauza asko kontetan doguz.
9.- 2004an sortu zan Euskararen Etxea. Harrezkero, ze garapen euki dau?
Ba, 2009an goitik behera barriztau genduan. Hasikerako edukinak eta ekipamendua aldatu egin ziran. Hasikeran, tranbia zahar baten modura girotuta egoan interpretazino zentroa eta, 2009tik, tren moderno baten antzera. Zergaitik trena? Ba, hara, Euskararen Etxearen leloa edo idea nagusia dalako, jentea euskerearen bidaia egitera animetea. Orduan, bisitariak nasa moduko baten sartzen dira eta tren bi ikusten ditue: Batean, euskerearen aniztasunaz egiten da berba, euskalkiez, lehenengo testu idatziez eta abar. Bestean, euskerea historian zehar zelan ibili dan kontetan da, jatorriari buruzko teoriak, bilakaerea, hedapen geografikoa... euskerearen bidaiea azken finean.
2012an, barriro barriztau genduzan edukin batzuk. Holan, bisitea atseginagoa eta alkarreragileagoa egin dogu. Orain be badogu asmoa, aurrekontuak emoten dauenean, erakusketea aldatzeko. Horregaz, gaur egungo medioetara egokituko geunke erakusketa guztia.
10.- Euskerea zabaltzeko lanean, beste erakunde edo talde batzukaz badozue hartu-emonik?
Bai, ze Euskararen Etxea lantokia be bada. Orduan, hemen egoitzea dauka ez bakarrik Azkue Fundazinoak, geugaz batera dagoz Ikastolen Alkartea, Topagunea, Hamaika akademia, Euskal Sortzaileen Bulegoa eta Mendebalde Kultura Alkartea. Horreekaz guztiakaz alkarlana izaten dogu hainbat egitasmotan. Ganera, sortzaile taldekakaz eta holakoakaz be hartu-emonak doguz, hemen euren ekintzak antolatzeko aukerea daukie eta. Bilboko Berbalagun proiektutik sortutako Darabilbo ekimenagaz be lan egiten dogu, alkarren agendak konpartiduten doguz, bion artean eskaintza ahalik eta zabalena egiteko eta ekitaldi desbardinak antolatzeko, batak bestearena errepetidu barik. Alkarri proposamenak be egiten deutseguz, esaterako ikastaroak eratzeko. Batzuetan, Darabilbokoek esaten deuskue euren erabiltzaileek ez dakit ze tailer egin nahiko leukeela eta guk antolatzeko ardurrea hartzen dogu.
11.- Aurrera begira, zeintzuk dira Euskararen Etxearen erronkak?
Gure asmoa da, Euskararen Etxea gero eta gehiago ezgutu daitela. Ikusi dogu, hamar urteko ibilbidea bete dogun arren, gizartean ez dala ezagutzen behar beste. Jente askok ez daki Euskararen Etxe bat dagoanik, eta gitxiago hori Bilbon dagoanik. Beste alde batetik, Bilbon, eta batez be San Inazio auzoan, euskerea kalera ateratzea eta gizarteratzea da gure erronkea. Horregaitik, 2014an baimena lortu genduan gure egoitzearen alboko pasabide bi hartzeko. Plazearen eta atzeko kalearen arteko arkupe moduko bi ziran, ganera puntu baltzak ziran auzoan, eta guk eraikinean integrau doguz. Holan, areto gehiago daukaguz eta, ganera, auzoari begira gagoz. Izan be, kristalezko hormak ipini deutseguz eta kaletik pasetan dan edonork ikusi leike barruan zer pasetan dabilen edo zer egiten dogun, sartzeko gonbidapena da. Kalera zabalik dagoan eremua dala adierazoteko, beheganeak Bilboko baldosak daukaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!