Jon Rahm Barrikako golf jokalariak Basque Team Fundazinoagaz akordioa zarratu dau
2016-12-19 08:10 Euskaldunak munduanOrain dala urteak AEBetara aldatu zan arren, kirol arloan han hazi eta komunikazino ikasketak han egin dituan arren, Euskadigaz, bere herriagaz dauen maitasunari eutsi gura izan deutso.
Basque Team Fundazinoa Jon Rahmegaz hartu-emonetan jarri zan mundu mailan dauen erantzun ona ikusita, Fundazinoak bere kirolarien artean izan nahi ebalako golf jokalaria. Irudi-kontratua eskaini jakon, beste kirolari batzuekaz egin dan moduan, Leticia Canales, Axier Muniain eta Aritz Aranburu surflariakaz, esaterako. Orain dala urteak AEBetara aldatu zan arren, kirol arloan han hazi aen arren eta komunikazino ikasketak han egin dituan arren, Euskadigaz, bere herriagaz dauen lotura eta maitasunari eutsi gura izan deutso.
Golf jokalari bizkaitarrak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria dan Jon Redondok eta Basque Teameko koordinatzaile Olatz Legarzak lagunduta, ekimenaren gorabeherak azaldi ditu kazetarien aurrean:
Kontuak kontu, golf jokalariak atzean itxi dau amateur mailea eta zirkuitu profesionalean lehiatzen dago honezkero. Basque Teamek egindako proposamena onartu eban baina irudi-kontratuaren 9.000 euroak golf proiektuak garatzeko Fundazinoan itxiko ditu. Golfeko proiekturik egon ezean, dirua Basque Teamek egokitzat hartzen dituan kiroletan, beste proiektu batzuk garatzeko erabiliko da.
Jon Rahm
Jon Rahm (Barrika, 1994/11/10) golfaren historia modernoko golflari amateur onena da askoren eretxiz. Dana dala, etapa hori atzean itxi eta zirkuitu profesionalean lehiatzen dabil. 2016an etorkizun oparoko amateurra izatetik errealidade profesionala izatera pasau da. Zirkuitu amerikarrerako txartela eskuratzea zan bere lehenengo erronkea eta laster lortu eban. Kirol honetako adituek etorkizunean munduko lehenengoen artean kokatzen dabe eta lehiakideek bere ezaugarriak goraipatzen ditue.
Jon Rahmen istorioa Larrabeako zelaian hasi zan, hantxe pasetan zitualako Jonek orduak eta orduak putting-greenean. Futbola, piraguismoa, pilota edota burruka-arteak lako kirol eta diziplinak gustatzen jakozan arren, Jonek golfa aukeratu eban.
Geroago ausardiaz hartutako erabagi biri esker bere etorkizuna aldatu egin zan: Blumera (Madril) joan zan beka bati esker eta ondoren AEBetara aldatu zan bere ikasketak egiteko. Arizonako Unibersidadtean ikasi dau sano gogorrak izan diran azken lau urteetan eta aurten, 2016ko bagilean, Komunikazinoan graduau da. Urteotan, zirkuitu profesionalera aldatzeko eskaintzak egin deutsiez baina bere gurasoen, Edorta eta Angelaren gomendioari jarraituz ikasketak amaitzea izan da bere lehentasuna. Unibersidadean golfeko taldean parte hartu eban, Sun Devils taldean. Bertan Tim Mickelson, Phil Mickelsonen golflari profesionalaren anaia izan zan bere garapenaren gakoetako bat. Horrezaz gan, garrantzitsuak izan dira Eduardo Celles swing irakaslea eta Joseba del Carmen gasteiztarra; azken horrek erakutsi deutso zelan bideratu behar dauen bere energia.
Jonen ibilbidea amateur mailan bikaina izan da: birritan jaso dau Ben Hogan saria unibersidade mailako golflari onenari, Jack Nicklaus saria amateur onenari, 50 aste emon zituan amateurren munduko zerrendearen gorengo tokian, munduko txapelduna izan zan errekor historikoagaz... Oso gitxi falta izan jakon oraindino amateurra izanda bere lehen torneo profesionala irabazteko 2015eko urtarrilean, Phoenixeko Edegian, amateur mailan egin eutsien bigarren konbidapenean, baina profesionaletara egindako saltoa, oraindino 22 urte bete barik, aurreikuspen guztiak hausi zituan. Zirkuituan bagilean egin eban debuta, Quickens Loans txapelketan eta hirugarren amaitu eban. Tiger Woods bera be txundituta geratu zan.
Hortik aurrera, urrian hasi zan, PGA Tourreko 2017ko denporaldia. Safeway Open txapelketea aro barri baten lehenengo torneoa izan zan. Aro barri horretan munduko zirkuiturik onenean jokalari ofizial mduan jokatuko dau Jonek. Horrezaz gin, pasa dan zemendian, Rafa Cabrerak Munduko Koparako bikotekide aukeratu eban eta zortzigarren amaitu eben.
Burua hotz mantentzen badaki Barrikakoak eta lehiakortasuna eta anbizinoa dira bere ezaugarri azpimarragarrienak. Segurtasun eta sendotasun ikaragarriak ditu. Bere joko laburra eta kolpeak jentea zur eta lur ixteko modukoak dira
Jone Athleticeko zale amorratua da, jatun ona da eta Michael Jacksonen jarraitzailea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!