Familian olgetako jolasak dakarz Ikastolen Alkarteak Gabonetarako

Bizkaie! 2016-12-16 08:34   Euskerea berbagai

Jolastu familian lelopean, eskaintza dotorea preparau dau Ikastolen Alkarteak. Gailu elektronikoak amatau eta alkarregaz olgetako deia egin dau.

Argazkiak: Ikastolen Alkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurtengo Gabon sasoiari begira atondu dauen eskaintzan, Ikastolen Alkarteak hiru jolas nabarmendu ditu: Argitxo puzzle progresiboak, Nire Lehen Hitzak, eta Argitxo antzar-jokoa. Familia edo lagun arteko giroan olgau eta gaitasun barriak garatzeko aproposak dira.

Argitxo pertsonaian oinarritutako puzzle progresiboak urte bi eta bost bitarteko umeentzat pentsauta dagoz. Banaka zein binaka olgetako, lau puzzle dakarz jokoak: Errazenak sei pieza ditu eta gatxenak, 16. Argitxogaz identifikau eta jolastuz, euskerearen aldeko atxikimendua garatzea da asmoa, Ikastolen Alkartearen arabera. Irudikapen espaziala eta esku-motrizidadea garatzen laguntzen dabe puzzleok.

Nire Lehen Hitzak, ostera, lau urtetik gorako neska-mutilentzako jokoa da. Berbak sortu eta osotzea da jolasaren funtsa eta, aukeratutako berbearen arabera, puntuak lortzen dira. Arau errazak dituan talde jokoa da. Euskeraz olgau eta disfrutetan daben artean, alkarreganako atxikimendua lantzen dala dino Ikastolen Alkarteak.

Argitxoren antzar-jokoa, bost urtetik gorakoentzako pentsautakoa, ohiko antzar-jokoaren tankerakoa da. Kasu honetan, baina, Argitxo da protagonistea: Kriseilua galdu dau basoan eta, dadoen bidez aurrera eginaz, neska-mutilek topetan lagundu behar deutsie. Bidean, pertsonaia ugari agertuko jakez: Prakagorriak, Mari, Tartalo, eguzki-lorak, Basajaun, lamiak... Besteak beste, Euskal Herriko ingurune naturala eta mitologia ezagutzea da jokoaren helburua.

Ikastolen Alkarteak era horretako jokoen beharra azpimarratu dau: Gabonak une aproposa izan daiteke seme-alabei gure denporea eskaintzeko, eurakaz jolastuz, gure denporea alkarregaz konpartidutea da egin geinkien oparirik preziatuena. Ganera, alkarregaz olgauta, familia barruko hartu-emonak sendotzen dirala nabarmendu dau alkarteak, eta bakotxaren kezkak eta sentimenduak errazago azaleratzen dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu