Gazteek euskerea zelan bizi daben aztertuko dabe astelehenean Bilbon
2016-12-15 10:59 Euskerea berbagaiSabino Arana fundazinoak eta Euskaltzaindiak antolatu dabe jardunaldia. Besteak beste, Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak ikerlan bat aurkeztuko dau.
Gu gazteok, nola bizi [dugu/gara] euskara(z)? izenburua ipini deutsie jardunaldiari. Izan be, helburu nagusia izango da, gazteen unibersoan euskereak beteten dauen lekua aztertzea. Horretarako, adituen eretxia batuko da eta baita gazteena eurena be, Jone Miren Hernandezek gidatuta egin dan azterlanaren emoitzen bidez.
EHUk egin dau Gu gazteok izeneko azterlan hori, Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren laguntzinoagaz. 12 eta 14 urte bitarteko gazteak izan dira ikerketearen lagina. Eguneroko bizimoduan euskereagaz ze lotura daukien eta euskeraz lotutako ze bizipen gogoratzen daben galdetu jake, besteak beste. Gazteek euren inguruko hizkuntza ohiturak, praktikak eta jarrerak azaltzea izan da asmoa.
Batutako datuak jaso eta bere horretan ipiniko ditu EHUk, gogoetarako abiapuntu izan daitezen. Gazteen testuingurua agertzen dau azterlanak eta euskerearen inguruan daukiezan diskurtsoak. Datuok gizartean euskerea normalizetako lagungarri izango diralakoan dagoz ikerlariak.
Jone Miren Hernandez EHUko Gizarte Antropologia saileko irakasleak azalduko ditu azterlaneko emoitzak, Bilboko jardunaldi horretan. Bera izango da hizlarietako bat. Bestea, Kike Amonarriz soziolinguistea eta telebista aurkezlea izango da. Hedabideen bidez, urteak daroaz Amonarrizek euskerea gizarteratzeko lanean eta bere esperientziatik abiatuta egingo dau berba.
Hernandez eta Amonarriz hizlari nagusiak izango dira eta, antolatzaileek aurreratu dabenez, euskereari eta euskal kultureari lotutako hainbat esparrutako ordezkariek be parte hartuko dabe jardunaldian.
Astelehenean, abenduak 19, egingo da jardunaldia, eguerdiko 12:00etan hasita, Sabino Arana fundazinoak Bilbon daukan egoitzan (Mandobide kaleko 6. zenbakian). Ordu bi inguruko saioa izango da. Parte hartzeko, izena emon behar da idazkaritza@sabinoarana.org helbidean edo 94 405 64 50 telefono zenbakian.
2016/12/19 12:00
Bilbon, Sabino Arana fundazinoaren egoitzanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!