'Zirkorrika' abestiak girotuko dau 20. Korrika

Bizkaie! 2016-12-14 13:15   Euskerea berbagai

Iruñean aurkeztu ditu AEK-k 2017ko Korrikako abestia eta bideoklipa. Xabier Zabalak idatzi dau musikea, Uxue Alberdik berbak, eta artista ezagunek parte hartu dabe grabazinoan.

Iruñean egindako aurkezpena (argazkia: AEK) | Ikusi handiago | Argazki originala

Otxandion hasi eta Iruñean amaituko da 20. Korrika, 2017ko martiaren 30etik apirilaren 9ra. Lekukoaren atzetik joango diran euskaltzale guztiei laguntzeko, ohikoa izaten da furgonetako bozgorailuetatik Korrikaren doinuak entzungai izatea. Korrikaren ezinbesteko osogai horren barri emon dabe AEK-ko arduradunek, Iruñeko Kondestable jauregian egindako ekitaldian.

Zirkorrika izenburua dauka 20. Korrikaren abestiak. Izen aproposa da, bideoklipa zirku baten girotuta dagoalako. Abeslari eta musikariakaz batera, akrobatak, malabaristak eta abar agiri dira bideoan. Ganera, doinu balkanikoak gogora dakarz Xabier Zabalak sortutako musikeak. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ohiko laguntzailea da Zabala.

Abestia eta bideoklipa grabetako orduan, euskal artista ezagunakana jo dau Korrikak. Musikea Jarauta 69 txarangako kideek jo dabe, Oreka TX-ren laguntzinoagaz. Abesten, ostera, honeek izan dira: Izaro, Petti, Miren Narbaiza (Napoka Iria), Jurgi Ekiza (Willis Drummond) eta Oihana Fernandez (Afu).

Korrikalariei adorea emoteko, doinu bizi eta alaiak daukaz Korrikaren abesti barriak. Berbei jagokenez, zirkuaren munduari erreferentzia egiten jako eta Korrikagaz bat egiteko deia be badago. 2017ko leloa, Batzuk, da oinarria. Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak idatzi ditu Zirkorrika kantako berbak. Bideoklipean, zirkuko artistek inguratuta agiri dira kantariak eta musikariak, soka, trapezio eta malabareen artean abesten. Hiru Damatxo idea faktoriaren zuzendaritzapean grabau dabe.

Bestetik, AEK-k eskerrak emon deutsaz Iruñeko Udalari, Korrikari laguntzegaitik. Zirkorrika abestia bertan aurkeztu dabe eta, ganera, 20. Korrika Nafarroako uriburuan amaituko da. Hartu-emon oparo baten hasikerea izatea espero dau AEK-k.

Ikusi Zirkorrika bideoklipa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu