'Demagun ehun urte barru' egitasmoa, gaur eta bihar, Donostia 2016ren eskutik

Bizkaie! 2016-12-12 12:40   Euskerea berbagai

Anjel Lertxundi idazleak hizkuntza gitxituen ikuspegitik begiratzera eroango ditu Javier Cercas, Marie Darrieusecq eta Raul Zelik, Donostiako Aquariumean.

Donostia 2016 Europako Kultur Uriburuak karta zuria emon deutse hiru sortzaileri, hain zuzen be, Karta Zuriak izena dauen ekimenean. Uriburutzearen egitaraua amaitzear dan honetan, Anjel Lertxundiri jagoko azken karta zuria erabiltea. Donostia 2016k emon deutsan askatasuna baliatuta, Demagun ehun urte barru izeneko solasaldiak eratu ditu idazle gipuzkoarrak. Harkaitz Canok lagundu deutso Lertxundiri antolakuntzan.

Hizkuntza hegemonikoetan idazten daben idazleak hizkuntza txikiagoen egoerara eroatea da jardunaldiaren asmoa, Lertxundik azaldu dauenez. Horretarako, hizkuntza handietan idazten daben hiru idazle konbidau ditu: Javier Cercas (espainolez idazten dau), Marie Darrieusecq (frantsesez) eta Raul Zelik (alemanez). Hirurek gogoetea egin beharko dabe, etorkizun iluna dauen hizkuntza baten idazteak dakarzan traben eta nekeen ganean, literaturea bitarteko dala.

Anjel Lertxundik azaldu dauenez, galdera zehatz bat, behinik behin, erantzun beharko dabe hiru gonbidatuek: Europako hizkuntza txiki baten idatziko balebe, zer sentiduko eta idatziko leukeen. Witold Gonbrowicz idazlearen testu batetik dator Lertxundiren asmoa. Haren hizkuntzea, poloniera, ehun urte barru bizirik izango ete dan galdetzen dau Gonbrowiczek. Horregaitik, solasaldien izenburua Demagun ehun urte barru da.

Lehenengo topaketea gaur, astelehena, izango da, 19:00etan, Donostiako Aquariumean. Demagun denbora ez dugula lagun izenburupean, Javier Cercas eta Marie Darrieusecq izango dira Lertxundiren berbalagun. Adan Kovacsics itzultzaileak be parte hartuko dau solasaldian. Izan be, Lertxundik garrantzia emon nahi izan deutso itzultzaileen lanari.

Jokera utilitaristearen eraginpeko mundu honetan, hizkuntza txikien biziraupena aztertuko da gaurko solasaldian. Hizkeren espresibidadetik aztertuta, hizkuntza txikietako literaturearen iraunkortasuna jorratuko dala dino Donostia 2016k. Adierazkortasunaren faltan, hizkuntza ez hegemonikoetako literaturek nekez iraungo dabe, Lertxundiren ustez, eta horregaitik sakon aztertu beharreko gaia dala dino.

Bigarren saioa bihar, martitzena, izango da, hori be 19.00etan Aquariumean. Karlos Cid eta Miguel Saenz itzultzaileak eta Raul Zelik idazlea izango dira protagonistak, Demagun itzultzailea dela mamua/Ghost in translation izenburupean. Irakurleak sarri konturatzen ez diran arren, itzultzailearen arrastoa egon badago testu literarioetan eta horixe aztertuko dabe martitzeneko saioan. Hizkuntza txikietako idazleentzat ezinbestekoa da itzultzaileen lana, euren ama hizkuntzatik mundura urteteko.

Donostia 2016k azaldu dauenez, saiootara sartzea libre da. Euskerazko eta gaztelaniazko aldi bereko interpretazinoa egongo da. Ganera, Antton Valverderen zuzeneko musikeak girotuko ditu solasaldiak.

Kultur Uriburuaren Karta Zuriak egitasmoan parte hartu daben beste sortzaile biak, Anjel Lertxundiren aurretik, Jone San Martin koreografoa eta Esther Ferrer artista performerra izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu