Bilboko Berbagunearen 5. edizinoa abenduaren 14an egingo da

Bizkaie! 2016-12-07 13:29   Euskerea berbagai

Azkuna Zentroan 1.600 euskaldun batzea da asmoa, hainbat gairen inguruan berba egiteko. Euskerea kalera ateratzea da Berbagunearen ardatza.

Erakunde antolatzaileetako ordezkariak, Azkuna Zentroan egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta uriko euskaltegien sarea dira ekimen honen bultzatzaileak. Aurreko edizinoetan legez, 5. Berbaguneak taldeka banatuko ditu parte-hartzaileak, alkarren artean euskeraz berba egin daien. Txandaka, hainbat gairen inguruan berba egingo da eta Bilboko euskaldunek alkar ezagutu ahal izango dabe.

Abenduaren 14an, eguaztena, ospatuko da Bilboko Berbagunea eta ordu eta erdiko lau txandatan banatuko dabe eguna: Goizeko 9:00etan, 11:00etan, 12:30ean eta arratsaldeko 16:30ean. Txanda bakotxean hainbat talde egingo dira, seina personakoak. Hogei minutu berbetan pasau eta gero, taldeak aldatu egingo dira. Talde bakotxari laguntzen, moderatzailea egongo da. Guztira, 1.600 lagun batzea espero dabe antolatzaileek.

Normalean, Bilboko Berbagunean euskaltegietako ikasleak eta ikastetxeetako neska-mutilak egoten dira. Aurten, ganera, edozein herritarrek izango dau parte hartzeko aukerea, arratsaldeko txandan. Era berean, hitzordua erakargarriagoa egiteko, pertsonaia publikoek be parte hartu izan dabe aurreko edizinoetan. Oraingoan be kirolaren, kulturearen edo gizartearen arloko jente ezaguna egongo dala ziurtatu dabe antolatzaileek.

Parte hartu nahi dabenek izena emon behar dabe berbagunea@gmail.com helbidean edo 94 416 24 72 telefono zenbakian. Txanda bakotxean 400 lagunentzako lekua dago. Euskeraz berba egiteko eta ulertzeko gauza diran herritar guztiek emon leikee izena.

Antolatzaileen esanetan, edade guztietako euskaldunak alkarregaz berba egiten jartea da Berbagunearen erronkea. Holan, euskerea agiriko hizkuntzea bihurtu nahi dabe Bilbon, kalera atera eta bultzadea emon. Eguneroko bizitzan euskeraz berba egitearen garrantzia be azpimarratu nahi dabe.

 

2016/12/14 Goiz eta arratsalde

Bilboko Azkuna Zentroan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu