Euskaltzaindiak eta Baionako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe lehenengoz

Bizkaie! 2016-12-07 08:46   Euskerea berbagai

Euskerearen normalizazinoan eta araugintzan Euskaltzaindiak dauen erreferentzialtasuna onartu dau Baionako Udalak.

Xarles Videgain, Andres Urrutia, Jean-René Etchegaray eta Yves Ugalde alkateordea (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jean-René Etchegaray Baionako alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dabe akordio historikoa, Lapurdiko uriburuan egindako ekitaldi baten. Historikoa izan da eguna, lehenengo aldiz sinatu da eta erakunde bion arteko lankidetza-hitzarmen bat. Baionako Udalari eta herritarrei euskerearen inguruko aholkuak emoteko eta euskerearen estatusaren ganeko ekitaldiak antolatzeko konpromisoa hartu dau Akademiak.

2016ko hitzarmenean, honako jarduera honeek adostu dira: Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa aurkeztea, Erlea aldizkari literarioa aurkeztea, XXI. Jagon Jardunaldia antolatzea eta Euskaltzaindiaren Hiztegi barria aurkeztea.

Bere aldetik, Baionako Udalak autortu egiten dau Euskaltzaindiak euskerearen normalkuntzan eta araugintzan egiten dauen lana, erreferentziazko erakundea dan ezkero. Jean-René Etchegaray alkateak Euskaltzaindiaren ibilbidea azpimarratu dau eta, besteak beste, gogora ekarri dau Frantzian onura publikoko erakunde izentauta dagoala. Normala da Akademiaren eta Herriko Etxearen arteko alkarlana bideratzea, adierazo dau Etchegarayk.

Bide horretatik, Etchegarayk ziurtatu dau, prest dagoala euskereari babesa emoteko. Hain zuzen be, euskal kultureari eta okzitanierari be lekua egingo deutsiela dino. Urtarrilean sortuko dan Euskal Alkargoak, ganera, euskerea bultzatzera bideratzen dan aurrekontua handituko dauela aurreratu dau Etchegarayk.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren ustez, erakunde bien arteko hitzarmena historikoa da eta Udalaren gogo eta nahiari esker lortu da. Xarles Videgain euskaltzainak ekitaldian azaldu dauenez, akordioari esker hainbat helburu bete nahi ditue: euskereari ikusgarritasuna emon; Euskaltzaindiaren Hiztegia, literaturea eta ahozkotasuna landu Baionan; eta euskerearen estatusa jagon Euskal Alkargo barrian, Baionako Udalaren laguntzinoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu