Patxi Saez: 'Komunikazino egoera guztietan euskerea lehenetsiko daben hiztunak behar ditu euskereak'

Bizkaie! 2016-12-02 08:56   Euskerea berbagai

Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala eta, Berezko hiztunak izenburuko gogoetea idatzi dau Patxi Saez soziolinguisteak.

Urepelen 2015eko martian ateratako argazkia (Amikuzeko Zabalik alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Berezko hiztunak

Landareari lurrak bizi-indarra emoten deutsan moduan, hiztunek emoten deutsie bizi-indarra hizkuntzeari. Lurra zelakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek be eragin betea dabe hizkuntzen indar edo ahulezian; hiztunak dira hizkuntzen funtsezko bizigaia. Landarea lurrean sustraituta bizi dan legez, hizkuntzak hiztunakan bizi dira: hizkuntzek, bizirauteko, behar-beharrezkoak ditue hiztunak, nahitaezko.

Irudikatu daigun euskerea landara bat dala eta lorontzi baten dogula. Lorontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino % 70 lur gehiago dauka. Baina lur barri horrek ez deutso landareari bizi-indarrik emoten. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Ganera, gure landarea ahultzen ete dabilen irudipena dogu, izan be, hosto batzuk horaildu egin jakoz (gune euskaldunetan, euskerearen arnasguneetan, galerak igarri dira azken mapa eta inkesta soziolinguistikoetan). Horixe dogu euskerearen gaur egungo egoerea: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu, baina hiztun barri horreek ez deutsie bizi-indarrik emoten.

Zer gertatzen da? Euskereak lur barri dituan hiztunak eten barik irabazten dituan arren, zergaitik ez dau indarrik hartzen euskal gizartean komunikazinorako tresna legez? Erantzuna begibistakoa da: euskerearen landarak lur gehiago irabazi dauen arren, lur horretan beste landara bi be badiralako, euskerea baino handiagoak eta indartsuagoak: gaztelania eta frantsesa. Landara horreek biek sustrai luze eta indartsuak ditue eta euskereak daukan lur horretatik elikatzen dira. Bi landara horreek euskerearen funtsezko bizigaia bereganatzen dabe: hiztunak bereganatzen ditue.

Beraz, nahiz eta euskereak azken 30 urteotan % 70 lur gehiago izan; nahiz eta elikatzeko % 70 aukera gehiago izan, lur hori elikagai potentziala da, baina ez benetakoa. Euskerea elikatu leikeen lur barri horrek, hiztun barri horreek, ez dabe euskerea elikatzen, lorontzi berean dagozan erderak elikatzen ditue. Hiztun horreek horregaitik moldatzen dira hobeto erderaz: bizi-indarra erdereari emoten deutsielako eta ez euskereari. Euskerearen hiztun potentzialak dira, baina ez funtzionalak.

Datuek ere horixe dinoe: EAEko euskaldunen % 44 hobeto eta errazago moldatzen da erderaz euskeraz baino. Holan dino 2016ko urrian argitaratu barri dan VI. Inkesta Soziolinguistikoak. Hauts horretatik sortua da lohitzen gaituan lokatza.

Euskereak indarbarritzeko dauen hiztun beharra aldarrikatuz, holan irakurri eitekean, 2015eko 19. Korrikaren hasikeran, Urepelgo herrian etxe baten leihotik zintzilik jarritako banderola edo pankarta baten:  

Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu.

Eta hemendik beste galdera bat sortzen jaku: Zelakoak izan behar dabe hiztunek hizkuntza bati bizi-indarra emoteko? Ze hiztun klase behar dau hizkuntza batek gero eta indartsuagoa izateko? Zelakoak izan behar dira hizkuntza baten tajuzko hiztunak edo berezko hiztunak, hau da, hizkuntza batek bere-bereak dituan hiztunak?

Ezaugarri nagusi bi izango ditue berezko hiztun horreek:

1. Ezagutzea: Hiztunak hizkuntza hori erabilteko beste edozein hizkuntza erabilteko baino erraztasun handiagoa izatea. Hizkuntza horretan pentsetea.  

2. Erabilerea: Hiztun aktiboa edo funtzionala izatea: hizkuntza hori erabilteko aukerea dauen komunikazino harreman guztietan hizkuntza hori aukeratzea. Hizkuntza horretan bizitzea.

Gurdi bereko gurpil biak dira ezagutzea eta erabilerea: ibiliz ikasten da oinez, eta hizkuntzea, erabiliz. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erraztasun handiagoa lortzen dogu. Erabiltearen poderioz ikasitakoa praktikan jarten dogu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean, hizkuntza erabat gure barrukoa bihurtu arte. Gurpil horreek biak mobiduteko indarra, ostera, komunikazinorako behar naturala da: hiztunak hizkuntza hori erabilteko daukan behar sozio-funtzionala. Halantxe azaldu neban, Gurdiaren Paradigma 2016, Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak Jardunaldian, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, 2016-02-12an.

Hizkuntza batek dituan berezko hiztunen artean hiru klasetakoak doguz, bai behintzat, euskerearen kasuan: elebakarrak, elebidunak eta eleaniztunak.

Euskaldun elebakarrik ez dago gaur egun, azken euskaldun elebakarra orain hogei urte inguru desagertu zan. Euskaldun elebidunak be desagertzeko bidean dira, mende honen amaierara heltzerako ez da alerik izango. Euskereak iraungo badau, nagusi behar doguzanak berezko hiztun eleaniztunak dira. Horreek sortzen egin behar dogu ahalegina.

Hiztunen bataz bestekoari jagokonez, munduan nagusi eta hegemoniko diran hizkuntzek ditue hiztun elebakar gehien (ingelesak, txinerak, arabierak, gaztelaniak eta errusierak, besteak beste) eta ahuldutako hizkuntzek, ostera, hiztun elebidun eta eleaniztun gehien.

Holan dino, elebakarrei buruz, Kataluniako Carme Junyent hizkuntzalariak:

Francoren sasoian katalanak ez eban hiltzeko arriskurik, hiztun elebakarrak baziralako. Orduan, ezinezkoa zan hizkuntza desagerrarazotea. Gure amamak, esaterako, ez ekian katalanez besterik: alferretan zan hari gaztelania inposatzea.

Beraz, hizkuntza bat hilteko arriskua hiztun elebidunak sortzetik eta horreek erdalduntzetik dator.

Gaur egun, bospasei urte arteko ume gitxi batzuk doguz euskaldun elebakar eta ale bakar. Hain zuzen be, ume horreei elebidun bihurtzeko halabeharretik sortzen jake erdalduntzeko arrisku bizia, batez be, eskualde erdaldun baten bizi badira.

Tolosako Juan Inazio Hartsuaga antropologoak be idatzi dau elebakarrei buruz:

Bada zeozer, beraz, hizkuntzearen batasuna, euskerazko irakaskuntzea, euskerazko komunikabideak eta euskerearentzako lege babesa baino indartsuagorik: euskaldun elebakarrak. Izan be, zenbat iraun dau euskereak bere etenbako atzerakadan elebakarren oxigenoa amaitu jakonean? Mende bat, mende eta erdi, mende bi? Hogei urte inguru izango dira azken elebakar apurrei lur eman geuntsela eta dagoeneko hasi gara erabilpen mailan sintoma kezkagarriak sumatzen han eta hemen.

Azken baten, euskereak berezko hiztunak behar ditu, bere-bereak dituan hiztunak, komunikazino egoera guztietan euskerea lehenetsiko daben hiztunak. Euskaltzale porrokatuak izan barik eta izateko behar barik, modu naturalean, hizkuntza berezkoa dabelako, euskeraz bizi eta pentsauko daben hiztunak eta, aldi berean, munduari zabalik dagozan hiztun eleaniztunak. Izan be, holako hiztunek, eta ez bestelakoek, emongo deutsie bizi-indarra eta iraupena euskereari.

Patxi Saez Beloki

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu