Euskerearen oihartzuna hainbat herrialdetara zabalduko dau Etxepare Euskal Institutuak

Bizkaie! 2016-12-01 10:31   Euskerea berbagai

Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz bat eginaz, Etxeparek jarduerak antolatu ditu irakurletzak daukazan bederatzi uritan.

Argazkia: Etxepare Euskal Institutua | Ikusi handiago | Argazki originala

Abenduaren 3a Euskerearen Nazinoarteko Eguna da eta Etxepare Euskal Institutuak bat egingo dau ospakizunagaz. Euskera eta Euskal Kultura irakurletza sarearen bidez programa kulturalak antolatu edo sustatuko ditu. Institutuak sarea osatzen daben 28 irakasleei eta 1.500etik gora ikasleei autortzea egin nahi deutse modu honetara. Gaur egun, Etxepareren sarean 34 irakurletza dagoz, 18 herrialdetan.

Aurten bederatzi uritan izango dira berbaldiak, kontzertuak, tailerrak, errezitaldiak, zinema proiekzinoak eta Euskerearen Egunaren inguruko bestelako jarduerak: Frankfurten eta Leipzigen (Alemania), Corken (Irlanda), Santa Barbaran (AEB), Bolonian (Italia), La Platan (Argentina), Santiagon (Txile),  Brnon (Txekiar Errepublikea) eta Bartzelonan (Katalunia).

Leipzig eta Frankfurteko programek erbestea eta lehenengo Eusko Jaurlaritzea izango ditue ardatz. Aurten bete dira 80 urte aurreneko Eusko Jaurlaritzea osatu zala eta urteurrenagaz bat egingo dabe Alemaniako irakurletzek. Ingo Niebel kazetari eta historialari alemaniarrarak eskainiko dituan berbaldiez gan, Iragan gunea Berlin eta Gernika. Markak dokumentalak ikusi ahal izango dira.

Bestalde, Mariasun Landa idazleak Boloniako Unibersidadeko ikasleakaz egingo dan topaketa baten parte hartuko dau eta Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntzinoari esker italierara itzuli dan Maitagarria eta desioa (jatorrizkoan La fata e il desiderio) liburua aurkeztuko dau Erroman.

Corken, ostera, itzulpen tailerra, euskal erbestearen inguruko berbaldia eta Isaac Xubin itzultzailearen poesia irakurraldia izango ditue. Santa Barbaran, How to Bask in Basque jardunaldiagaz ospatuko dabe Euskerearen Nazinoarteko Eguna, eta Bartzelonako unibersidadeetan Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren Burua gora eman genduen pausua ikuskizuna estreinauko da.

Mikel Ezkerrok La historia del euskera en Argentina berbaldia eskainiko dau La Platan. Bertan, ikasleek euskera eta katalanezko hasikerako klase batera joateko aukerea izango dabe. Azkenik, Brnon euskal sukaldaritza tailerra antolatu dabe, eta Txileko Santiagon mendi martxea, beste jarduera batzuen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu