Donostiako hizkuntzak aztertzeko mintegia antolatu dabe Euskaltzaindiak eta Donostia 2016k

Bizkaie! 2016-11-30 08:33   Euskerea berbagai

Abenduaren 20an egingo dan mintegi horretan, hizkuntzen historia soziala lantzeko metodo barritzaile bat aurkeztu eta Donostian euskereak izandako bilakaerea aztertuko da.

Europako Kultur Uriburutzearen barruko ekitaldia izango da mintegia. Donostiak kulturgintzearen eta euskalgintzearen munduan ibilbide luzea daukanez, Euskaltzaindiak proposamena egin deutso Donostia 2016ri mintegi hau antolatzeko. Luis Villasante ikergunean egingo dabe, abenduaren 20an.

Alde batetik, Euskerearen Historia Soziala proiektuak sortutako oinarri teoriko-metodologikoa aurkeztuko dau Euskaltzaindiak. Berau garatzen ibili dan Mikel Zalbide euskaltzainak emongo ditu azalpenak mintegian. Nazinoartean barritzailea da metodo hori, Zalbideren esanetan.

Bestetik, Donostiako gizartean euskereak eta ganerako hizkuntzek azken 250 urteetan izan daben bilakaerea jorratuko dabe. Modu horretara, euskereak gaur egun Gipuzkoako uriburuan dauen egoera soziolinguistikoa nondik datorren ezagutu ahal izango da mintegian. Euskerearen Historia Soziala egiteko sortu dan oinarri teoriko-metodologikoa praktikan ipinteko eta bere emoitzak aztertzeko aukerea emon dau Donostiaren inguruko ikerlanak.

Egun bakarreko mintegi hori goizeko 9:45ean hasiko da, Lionel Jolyk emongo dauen berbaldiagaz. Euskerearen Historia Soziala proiektua zertan dan azalduko dau. Ondoren, Europako hizkuntzek Donostian izan daben lekua ikuspegi historiko batetik jorratuko dau Mikel Zalbidek. Gipuzkoako uriburuaren ganekoak etorriko dira gero barriro, Juan Madariagak 18. mendeko egoera soziolinguistikoa aztertuko dau eta. Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak, ostera, Donostiako 21. mendeko egoerea hartuko dabe ahotan. Amaitzeko, 250 urteotako bilakaera soziolinguistikoaren barri emongo dabe Zalbidek eta Jolyk.

Donostia 2016ko zuzendari Xabi Payak adierazo dauenez, mintegiak bat egiten dau uriburu kulturalaren gogo eta nahiagaz: Hizkuntzen aniztasuna bada, zelanbait, Donostiako Uriburutzeak Europako identidadeari egin nahi deutsan ekarpenetako bat, dino Paiak. Hizkuntzak ezinbesteko aldagaia dira alkarbizitzan, ganeratu dau.

Mintegian parte hartu nahi dabenek, helbide honetan emon leikee izena: info@euskaltzaindia.eus

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu