Juan Manuel Etxebarria: 'Liburuaren helburua da, herritik jaso dodana herriari emotea barriro'

Dabi Piedra 2016-11-28 09:43   Barriketan

Filologoa, irakaslea eta ikerlaria

1975ean hasitako lanaren emoitzea plazaratu barri dau Juan Manuel Etxebarria Ayestak, Euskaltzaindiaren eta Deustuko Unibersidadearen laguntzinoagaz. Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II liburuan Gorbeiaren magaleko 23 herritako kontakizunak, mitoak eta istorioak batu ditu. 1995ean argitaratu eban lan horren lehenengo atala, baina oraingoa askoz be zabalagoa da: 102 barri-emole edo lekukoren ahotik jaso ditu 450 etno-ipuin eta esaunda.

Bizkaiko eta Arabako Gorbeialdeko aberastasun linguistiko eta etnografikoa galtzear ikusten dau Etxebarriak eta, horregaitik, hori guztia idatziz jasotea derrigorrezkoa izan dala uste dau. Joxemiel Barandiaranek erakutsi eutsan bidetik, bilketa lan oparoa eta zehatza egin dau Zeberioko ikerlariak, adituentzako zein herritarrentzako erreferentziazko iturria izan daiten.

 

1.- Etno-ipuin eta esaundak aitatzen dira izenburuan. Zer dira?

Hara, ni Joxemiel Barandiaranegaz hasi nintzan lan hau egiten, 1975ean. Orduan hasi ginan Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiten. Nik mito bat kontau neutsan, gustau egin jakon eta hainbat arinen batzeko esan eustan, galdu baino lehen. Baina Barandiaranek esaten eban, holako kontakizun batzuk ez dirala mitoak berez. Ahozkotasunak ekarri dauen tradizinoa danez, askotan guk batzen doguzanak ez datoz bat mitoaren definizinoagaz. Orduan, etno-ipuin izenagaz bateatu doguz batzuk eta esaunda be erabilten dogu, berba hori Joxemielena da. Mitoaren antzeko kontakizun bat, istorio bat, da esaundea. Ipuinen modura, etno-ipuinek badaukie hasikera bat, trama bat eta amaierea. Horregaitik, etno herriarenak diralako eta ipuin. Esaundak izenagaz batu dodaz, bestetik, ahoz aho etorri jakuzan kontu guztiak.


2.- Gorbeialdean batu dozuzan etno-ipuin eta esaundak zelakoak dira? Ze gai lantzen ditue?

Gaiak asko dira. Jatorriari jagokonez, gure ipuin batzuk dira kristautasunaren aurrekoak, hor mito kutsuko gehiago dagoz. Badagoz kristautasunaren arokoak be bai. Eta bien arteko nahasteak be bai, Kristo aurreko elementu bat Kristo ostekoakaz batuta. Hori ahozkotasunak dakar: Berandura arte euskaldunok ez dogunez idatzi, ahoz ahokoan aldaketak egon dira. Joxemiel Barandiaranek esaten eban hori guztia idatzi egin behar zala, baina hasi garenerako, gauza asko aldatu dira. Ez da erraza Kristo aurreko mito garbi-garbi bat topetea edo kristautasunagaz lotutako istorio puru bat. Badagoz, baina ez da normala.


3.- Euskal mitologian ezagunak diran pertsonaien barri be jaso dozu Gorbeialdean, ezta?

Ba, pertsonaia asko dagoz. Lekukoei galdeketak egiteko orduan, beti hasten naz Anbotoko Marigaz edo Señoreagaz. Gero, jentilak, basajaunak, laminak, sorginak, deabrua... aitatzen dodaz itauna egiterakoan. Mitologia eskuliburuetan, pertsonaia asko agertzen dira Euskal Herri guztian. Gorbeialdean danak ez dagoz. Baina aitatutako horreek bai, eta Tartalo be agertzen da. Hemengo batzuek Tartalori Ameriketako jentile deitzen deutsie, badakielako ez dala hemengoa, holakoak topetan dira. Barandiaranek euskal mitologiaz idatzitakoa goitik behera aztertuta daukat eta horko pertsonaien ganean itauntzen dot. Batzuk agertzen dira eta beste batzuk ez. Gorbeialdea aberatsa da horretan, baina pertsonaiak ez dira horrenbeste be. Batzuk beste era batera kontauta topetan dodaz. Adibidez, Gauargiren ipuina topau neban, azken-azkenean, Orozkoko persona batek kontauta. Ordura arte beste izen bategaz jasota neukan, Gorbeiako Argi Berezia edo Argi Deabrua.


4.- Zein da zure metodologia lekukoakaz berba egiten dozunean?

Nik beti ebokazinoa izenekoa erabilten dot. Adibide bat ipiniko deutsut: Barandiaranek jasota dauka Axularren istorio famatua. Abadea dago ekaitza bedeinkatzen, garia ez daian alferrik galdu. Orduan, beragaz dagoan sakristauak, ikaratuta, eta ezin dauenez otoitza itxi, zapatea botetan dau lainoaren kontra eta erdibitu egiten dau. Nik lekukoari itauntzen badeutsat Axular nor dan, ba ez daki. Horregaitik erabilten dot beste metodo bat. Abade batek zapatea bota dauela ekaitzaren kontra, ia horren barri badaukan galdetzen deutsat eta batzuek holako istorioak ezagutzen ditue. Hori da ebokazinoa. Askotan, pertsonaiari berari baino, mitoan agiri dan irudiren bati egin behar jako erreferentzia eta, orduan, tak, hor dator. Esperientzia apur bat euki behar da, galderak zelan egin jakiteko.


5.- Pasadizo asko izango dozuz herririk herri ibili zarenekoak.

Bai, ze ganera, giroa sortzen jakin behar da. Barandiaranek esaten eban konfiantzea sortu behar zala, giro onean joateko momentua topau behar zala. Esaterako, Zeberion 106 urteko andra batengana joan nintzan. Alabeari esan neutsan ia noz zan momentu egokia galdetegia egiten joateko eta han joan ginan alabea eta haren seme-alaba bi 106 urteko emakume harengana. Kafea, txokolatea, galletak... jan genduzan eta izugarrizko arratsalde ona pasau genduan. Holakoetan emoitza ona lortzen dozu.


6.- Zeure herritik, Zeberiotik, hasi zinan etno-ipuin eta esaundak batzen, ezta?

Bai, eta hasikerea izan zan kuriosoa. 1975ean ni joan nintzan Derioko seminariora, irakasle, eta han Ander Manterolak esan eustan ia Etniker taldean parte hartu gura neban. Joxemiel Barandiaran kotxean etorten zan Manterolagaz Ataundik Deriora eta berbaldiak emoten euskuzan, Atlas Etnografikoa zelan egin jakiteko. Holako egun baten, nire auzoko gizon bati entzundako ipuin bat kontau neutsan. Joxemiel ikaratuta geratu zan, ia non batu neban hori. Ipuin hori interpretau euskunean konturatu nintzan, nik inguruan entzundakoak inportanteak zirala. Holan hasi nintzan, Atlas Etnografikorako batetik, eta neure kabuz bestetik. Gizon harek ekian guztia grabau eta gero nire aitagaz, amagaz, aititegaz, auzokoakaz... segidu neban, Zeberion bertan. Joxemielek esan eustan, bertakoa danak beti egingo dau lan zehatzagoa. Gero abanikoa zabaldu egin dot, Gorbeialde guztira. Lehenengo liburuan [1995] hamar herri sartu nebazan, oraingo honetan 23.


7.- Joxemiel Barandiaran askotan aitatu dozu. Lan honetan zabilzanontzat erreferente nagusia izan zan?

Niretzat izan zan gizon inpaktantea, benetan oso jakintsua, eta apala beste alde batetik. Bera konturatu zan, Euskal Herrian daukagun ahozko tradizino guztia, ahoz aho heldu dana, galdu egingo dala ez badogu batzen. Hor beste gauza bat aitatu behar dot. Atlas Etnografikoa egiten ibili nintzanean, ni Zeberioko informantea nintzan eta alkarrizketak euskeraz egiten nebazan, jakina. Baina gero gaztelaniaz argitaratzen zan. Euskerazko berba solteak errespetauta, baina erderaz. Nik, orduan, pentsau neban, zergaitik ez dogu hau euskera hutsean egingo?. Euskeraz batu eta euskeraz emon. Hori izan da nire beste erronkea liburu honetan. Hizkuntzea bizitzearen espilua da, ez da bardin euskeraz entzundakoa erderaz idaztea, edo euskeraz idaztea. Holan balio bi daukaz. Batetik, etnografiarako dagozan istorio, esaunda eta horreek. Eta bestetik, hizkuntzea bera. Herrietan dagoan aberastasuna batu dot, liburuaren helburua garbia da: herritik jaso dodana herriari emotea barriro.


8.-Bide batez, Gorbeialdeko euskerea batu dozu.

Mito eta esaunda guztien oinarria hizkuntzea da, hizkuntza barik ez dago eurok kontetako bitartekorik. Antzeko euskerea egin arren, ez da bardin Orozkoko euskerea eta Zeberiokoa, edo Otxandiokoa, edo Ubidekoa, esaterako. Hor dagozan aldeak, filologoentzat oso inportanteak dira. Zehatz batu ezkero, eredu oso ona dira etorkizunerako. Ni fonetika irakaslea izan naz unibersidadean eta apur bat arduratuta egon naz transkripzinoakaz, batzuek ez deutsie behar dauen garrantzia emoten. Zeberio eta Orozko alkarren ondoan dagoz, baina j ez dogu bardin esaten. Hori transkripzinoan bereiztu egin behar da, bestela etorkizuneko filologoarentzat txarra da, ondorio okerrak atera leikezalako. Txarto transkribidutea da, famea galtzea lez, arin galtzen da baina nekez errekuperau.


9.- Hiztegitxua be badakar liburuak, hor zer jaso dozu?

Liburuan agiri diran berba eta espresinoak sartu dodaz. Hiztegietan datoz horreetako asko, baina hemen emoten jakon esangurea desbardina da, aurretik jaso bakoa. Eta berba barriak be badagoz, ez diranak inongo hiztegitan agertzen.


10.- Gorbeialdeko 23 herri aztertu dozuz. Eskualdea zentzu zabalean hartu dozu, Basauri eta Bilboko lekuko batzuk be badagozan ezkero.

Bai. Ubide eta Otxandio alde baten dagoz, gero Arratia osoa, Galdakao... buelta osoa emon deutsat Gorbeiari, Ugaora eta Arrigorriaga arte. Arrigorriaga ganean, Malmasin inguruan, hor Bilboko lurrak dira, hiru informante daukadaz. Gero joan naz Laudioraino. Herri batzuetan ez da egiten euskerarik baina Laudion eta Baranbion topau dodazan persona bik emon deustez antxinako grabazino bi eta horreek be sartu egin dodaz liburuan. Baten batek esan leike Baranbion ez dala egiten euskerarik, baina zintea lortu dot eta liburuan sartu, zehatz ipinita nondik datorren grabazinoa eta nozkoa dan. Informanteen fitxak beti ondo egin behar dira, detaile guztiak ipini behar dira. Ganera, 23 herrietatik bi, gaur egun ez dira udalerriak, Zollo eta Baranbio. Arrankudiaga eta Amurrion dagoz, hurranez hurran. Baina Arrankudiagako eta Zolloko euskerak diferenteak dira.


11.- Zuk, 40 urteko lanean, nabaritu dozu holako etno-ipuin eta esaundak ahoz aho pasetako ohitureak atzera egin dauela?

Bai, diferentzia ikusten da. Lehenengo liburuko informanteak erraztasun handiagaz hasten ziran kontetan, hasi eta amaitu. Oraingoan, ordukoen seme-alaben istorioak transkribiduterakoan, askotan sakakortxo metodoa erabili behar izan dot. Eta honeek be ez pentsau, 70 urtetik gora daukiez batzuek! Baina itaun bat egin ezkero, ahaztuta daukiez gauzak eta sakakortxoaren moduan ibili behar dot, zure aitak zer esaten eban?, edo zure amak zer kontetan eban?, eta orduan gogoratzen dira. Mundua asko aldatu da, orain danek daukiez telebisinoa eta bestelako tresnak. Orduan, lehengo gauzak atzean geratu dira. Halandabe, galderak egiten jakin ezkero, zaharrek badakie erantzuten. Baina zatika erantzuten deutsue eta gero josi egin behar dot, ipuina osotu arte. Hor nabaritu dot diferentzia. Eta gaztetxuak zer esango deutsut, horreek beste mundu baten dagoz.


12.- Galdu baino lehen batu dozuz behinik behin.

Bai, liburuan dagoz, hemen geratu dira idatzita. Honek badauka aplikazinoa, iturri ona izan leiteke ipuinak idazteko edo irudiak marrazteko, esaterako. Erreferentziak hemen dagoz. Gauza interesgarriak dagoz, gaur egungo jente askok ez dakizanak. Aurreko baten, beste alkarrizketa bat egin eusten eta kazetariari galdetu neutsan ia inoz entzun eban sugeak ganaduari esnea edaten deutsala. Begiak zabal-zabalik geratu jatan, ez eban sinisten holakorik. Baina herririk herri ibili nazenean, hori galdetu eta danak erantzun dabe baietz, batzuek ikusi dabela dinoe, beste batzuek aitari entzun deutsiela... Arrigorriagako informante batek kontau eustanez, osaba baten etxera joaten zan eta hango behi bat beti joaten zan soloaren bazter batera, harriak egozan lekura. Gero, behi horrek esne gitxiago emoten eban eta halako baten ikusi eben harri artetik sugeak igoten eutsala eta esnea edan. Holako adibideak pilo bat dagoz.


13.- Behin liburu hau kalean dala, gai honetan sakontzen segitzeko asmorik badozu?

Badaukadaz informante batzuk oraindino, hurrengorako. Baina nik orain gura dot Euskal Herritik kanpo be enterau daitezala gure aberastasunaz. Euskal munduan bai, zabalduko da hau, sarean ipiniko dogu eta hor egongo da eskura. Baina kanpora atera nahi dot eta horretarako ondo dator gaztelaniaz edo ingelesez itzulpena egitea, gero hemendik kanpo be katalogau ahal izateko. Lehenengo liburuan egin neban hori, istorio bakotxaren laburpentxu txiki bat egin neban gaztelaniaz eta oraingoan be eginda euki dot hori baina ezin izan dogu liburua josi, ehun orrialde gehiago diralako eta kanpoan geratu da itzulpena. Sarean bersino digitala sartzen dogunean, orduan agertuko da. Hori adituentzat izango da, kanpoan ikusi daien ze aberastasun dagoan. Gure hizkuntzea ez dabenez ezagutzen, ez dira enteretan zer daukagun.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu