Beñat Ugartetxeak irabazi dau Basauriko finalaurrekoa

Bizkaie! 2016-11-28 08:59   Bertsolaritzea

Mallabiarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean egoteko txartela lortu dau. Onintza Enbeitak eta Xabat Galletebeitiak be aukera handiak daukiez Miribillan kantetako.

Beñat Ugartetxea, Basaurin (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ia 400 entzule batu ziran atzo, domekea, Basauriko Artunduaga kiroldegian, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoaz disfrutetako. Lehenengo hiruren artean alde txikia egon zan baina, azkenean, epaileen puntuazinoek Beñat Ugartetxeari emon eutsien garaipena.

Begoñe Olabarria izan zan gai-jartzailea. Hamarreko handiko ofizioetan, bertso politak bota zituen Imanol Uriak eta Xabat Galletebeitiak, anorexia daukan lagun bat bisitetan joan diran persona biren azalean. Afrikako oporraldiaren inguruan be, ondo ibili ziran Onintza Enbeita eta Beñat Ugartetxea.

Zortziko txikian umorera jo eben bertsolariek. Onintza Enbeita informatikariagana behin eta barriro joten dau Joseba Artzak ordenagailuan arazoren bat daukanean, horixe ipinitako gaietako bat eta bertsolari biek ondo aprobetxau eben alkarri epelak esateko. Galletebeitiak eta Ugartetxeak be barre ugari eragin eben entzuleen artean, udaltzainaren eta giltzak kontenedorera jausi jakozan herritarraren papelean hurranez hurran.

Hamarreko txikian, bikoteentzako terapian ipini zituan gai-jartzaileak Artza eta Uria. Etxez etxeko saltzaileak ziran, ostera, Ugartetxea eta Bizkarra. Hor mallabiarra polito ibili zan beteranoaren aholkuak emoten. Ikaskide ohiak ziran, ostera, Enbeita eta Galletebeitia eta bertsoaldi ederra osotu eben.

Saio erregularra egin eban Ugartetxeak. Hasikerako ariketan, hamarreko handian, ez zala oso eroso ibili autortu eban gero, urduri urten ebalako oholtzara. Halandabe, ofizio horretan ondo eutsi eutsan eta ganerako bietan be sendo ibili zan mallabiarra. Bakarkakoan be fin ibili zan, bai puntuari erantzuten eta baita gaia emonda be. Azkenean zeure izena esan dabe, barrura sartu zara izan zan bakarkako gaia sei bertsolarientzat. Dopin auzi baten deklarau behar dauen txirrindulariaren azalean jarrita kantau eban Ugartetxeak.

Irabazlea Ugartetxea izan zan arren, Onintza Enbeita bigarrena eta Xabat Galletebeitia hirugarrena ez ziran urrun ibili sailkapenean. Saio dotorea egin eben biek eta ondo josi zituen bertsoaldiak. Finalerako txartel zuzenik lortu ez arren, puntuazinoz Miribillan sartzeko aukera handia daukie biek.

Beste hiru bertsolariak ez ziran horren fin ibili, lan ona egin eben arren. Laugarren Imanol Uria izan zan, bosgarren Joseba Artza eta seigarren Aitor Bizkarra. Dagoeneko finalean egoteko aukera barik geratu dira.

Hurrengo saioa Larrabetzun izango da, abenduaren 3an, zapatua. Honeek izango dira oholtzan: Ander Elortegi, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Julen Erezuma, Mikel Goiriena eta Miren Amuriza. Saio hori izango da azken finalaurrekoa eta, beraz, finalean egongo dan zortzikotea hango puntuazinoaren arabera erabagiko da.

Basauriko saioko puntuazinoa, hauxe:

1. Beñat Ugartetxea, 504 puntu.

2. Onintza Enbeita, 497 p.

3. Xabat Galletebeitia, 495 p.

4. Imanol Uria, 474 p.

5. Joseba Artza, 442,5 p.

6. Aitor Bizkarra, 420 p.

Dagoeneko finalerako sailkatuta: Jone Uria (Markina-Xemeinen irabazle) eta Beñat Ugartetxea (Basaurin irabazle).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu