EGA Master enpreseak bere hiztegi teknikoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2016-11-25 10:49   Euskerea berbagai

Elhuyar-eko Hizkuntza eta Teknologia unidadeko terminologia-adituen aholkularitzapean, EGA Master Hiztegia osotu dau, zazpi hizkuntzatan: euskerea, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, portugesa eta txinerea. 

Mundu mailan liderra da EGA Master arlo industrialean erabilten diran kalidade altuko erreminten fabrikazinoan, eta bere katalogoko produktuen eta tresnen ezaugarriakaz lotutako 2.700 kontzeptu inguru batu ditu hiztegian, eta edonork konsultetako moduan jarri Interneten.

Egunotan aurkeztu dabe hiztegia, Gasteizen, Artium Museoan; proiektuan parte hartu daben erakunde guztietako ordezkariak batu dira ekitaldian. EGA Masterren izenean, Iñaki Garmendia zuzendari nagusiak berba egin dau; Elhuyarretik, Garbiñe Alkiza Lopez de Samaniego hiztegiaren zuzendari teknikoak emon ditu azalpenak; eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak be egin dau berba prentsaurrekoan.

Nazinoarteratzearen ondorioz, EGA Master lako enpresa batek etenbarik sortu behar ditu termino barriak hizkuntza batean baino gehiagotan. Nabarmena da globalizazinoaren aroak beste enpresa-errealidade baterantz garoazala, eta horrek hainbat hizkuntzatan lan egitera behartzen dauela enpresa mundua. EGA Masterren jaubetu dira estrategia linguistiko egoki bat izatea giltzarria dala lehiakortasunerako, bezeroakandik hurrago egoten laguntzen dauelako.

Horregaitik, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unidadteko terminologia-adituen aholkularitzapean, hiztegi hau sortu dabe, eguneroko jardueran eurentzat ohikoak diran terminoak batu eta gizartearen esku jarteko. Esangura horretan, hiztegi hau beste sektore batzuetan be erabili ahal izango dabe (itzulpengintzan, kazetaritzan, hezkuntzan...). Bestalde, hiztegi hau euskerearen normalizazinoan be lagungarri izango da, erreminten sektoreko terminologia finkatua daben beste hizkuntza batzuen parean jarten dauelako euskerea.

Iñaki Garmendia EGA Masterreko zuzendariak azaldu dauenez, nazinoarteko enpresa multinazional familiarra da proiektu honen bultzatzailea, hogeitaka hizkuntzatan lan egiten dauen euskal enpresa bat. Eta hogeitaka hizkuntza horreetako bat da euskerea; ez gehiago eta ez gitxiago. Bestalde, nabarmendu dau EGA Master enpresea gasteiztarra dala eta aitzindaria izan dala, holako hiztegi bat moldatu dauen lehena baita bere sektorean.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu dauenez, txalotzekoa da EGA Masterren ekimena, diru-laguntzino barik eta bere kabuz osorik finantzauta egin dauelako euskerearen erabilerea sustatzeko lanabes hau. Mundu globalizatuan, hil edo bizikoa da enpresentzat nazinoartekotzea, eta, nazinoarteko merkatuetan lekua egiteko, beharrezkoak dira globalizazinoaren hizkuntzak, baina EGA Masterrek erakusten dau munduan puntakoa dan enpresa batek euskereari lekua egiten deutsola bere kudeaketan. Bestalde, Baztarrikak aitatu dau hiztegi hau osogarri bikaina izango dala Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak, Euseaeraren Aholku Batzordeko Terminologia Batzordearen laguntzaz, orain arte argitaratu dituan 49 hiztegi terminologikoentzat, tartean, Makina-erreminta eta Zenbakizko kontrola hiztegiak.

Baztarrika jaunaren ondoren, Garbiñe Alkiza Elhuyarreko kideak berbea hartu eta azpimarratu dau Elhuyarrek terminologian eta hizkuntza-teknologietan dauen ezagutzea eta eskarmentua eskaini deutsozala EGA Masterren hiztegiari: 40 urtetik gora daroaguz hiztegigintzan lanean, eta euskerazko hiztegi saldu eta konsultatuenek gure zigilua daroe. EGA Master hiztegian, hiztegigintza-lanaz gan, hizkuntza-teknologietan dogun ezagutzea be ezinbesteko izan dogu. Azkenik, hiztegiaren zehetasunak jakinarazo ditu: hiztegi aurkeztu barriak EGA Master enpresako eta erreminten sektoreko 2.700 kontzeptu jasoten ditu, zazpi hizkuntzatan: euskerea, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, portugesa eta txinerea. Ganera, horreetako termino askok berariazko ordain bat dabe Hego Amerikarako. Eta interfazea bera be zazpi hizkuntza horreetan konsultau daiteke. Alkizak jakinarazo dauenez, 'erabilera-hiztegi bat da. EGA Masterren dokumentazinoan erabilitako terminoak hartu ditue oinarritzat batze-lanerako: katalogoa, produktu-zerrendak, checking-listak... Nabarmendu dau hiztegi honetan ezinbestekoak izan dirala Elhuyarren hizkuntza-teknologiak, lana ahalik eta gehiena automatizetako, eta esan dau prozesu osoan zehar EGA Masterreko adituek esku-hartze zuzena izan dabela.

Azken buruan, gogorarazo dabe proiektu hau ez dala hemen amaitzen, eta garrantzitsua dala aurrerantzean be alkarlanean jarraitzea, normalizazinoa eta terminologiaren bateratzea helburutzat hartuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu