Goñi familiak daroan GetxoGaso gasolindegia, VII.Euskara Saria

Bizkaie! 2016-11-24 10:30   Euskerea berbagai

Sari-emote ekitaldia abenduaren 1ean, eguenean, 20:00etan, izango da Fadura Kiroldegian.

Goñi familiak kudeatzen dauen GetxoGaso gasolindegiak jasoko dau Getxoko Udalak antolatutako VII. Argia Ereiten Euskara Saria 2016, euskerearen erabilereagaz erakutsitako konpromisoagaitik. Mikel, Iker eta Alaitz neba-arreba Goñitarrek orain bederatzi urte hartu eben gasolindegiaren kudeaketea edo ardurea eta ordutik aurrera negozioan euskerea sendotzeko ahaleginetan dabiz eten barik, euskereak lekua izan behar dauelakoan eremu guztietan. Bide horretan, langile euskaldunak eukiteari aparteko garrantzia emoten deutsie, euskeraz berba egitera gonbidatzen dauen pegatiena paparrean eroaten dabe langileek, kartelak elebidun dagoz...



Goñitarrak oso pozik dagoz GetxoGaso gasolindegiari egindako esker onagaz, herrian jente askok lan egiten dau euskerearen alde, eta beraz saria guk jasotea oso garrantzitsua da, horrek esan nahi dauelako euskerearen alde guk egindako lana aintzat hartu dala eta hori poztasun eta ohore handia da guretzat, adierazo dau Iker Goñik. Gazteak hirugarren belaunaldikoak dira negozio honetan, aitite eta amamak jarri ebelako lehenengo gasolindegia. Aitak jarraitu eban eta orain bederatzi urtetik hona hirurak dagoz. Familiarengandik jaso ditue euskereagazko maitasuna eta bezeroakazko errespetua, eta Geroa ikastoleak be garrantzia izan dau beren heziketan eta euskerearen aldeko konpromisoan eta lanean. Lan hori progresiboa izan da, batez be, azken hiru edo lau urteotan emon deutsielako bultzada handia; makinatxu bat gauza egin ditue; alde batetik, hizkuntza paisaia bi hizkuntzetan jarri, aurreko Korrikan kilometro erdia erosi eben eta behargin danek hartu eben parte; kontratazino barriak egiterakoan saiatzen dira langile elebidunak kontratetan; eta paparrean daroen pegatineagaz konbita egiten deutsee bezeroei nahi daben hizkuntzan egiteko, euskeraz zein gaztelaniaz.

Euskereagazko konpromisorako arrazoiak argi ditue, hau da, Guk honetan sinisten dogulako. Uste dogu bezeroek nahi daben hizkuntzan atendituak izateko eskubidea dabela eta horretan gabiz. Bestetik, institutuan, unibersidadean edo plano teorikoan akaso errazago izan daitekeelako euskerea aldarrikatzea, baina eguneroko bizitzara pasetan garenean be koherentzia hori gorde behar dogu. Ez da beti eraeza, baina horretan gabiz, nabarmendu dau Alaitz Goñik.

Gasolindegiko lan taldearen erdia gitxi gorabehera elebiduna da eta euskerea menperatzen ez dabenen artean maila desbaerdinak dagoz, bateren bat momentu honetan euskaltegian ikasten dabil. Lan-taldeari oso garrantzitsua da guretzako, ezinbestekoa da. Gu entrenatzaileak lakoak gara, langile guztien ahalmenei distirea atara behar deutsegu, bai euskeraz egiten dabenei baita eusearaz egiten ez dabenei be, izan be, danak dira funtsezkoak bezeroei arretea euskeraz emon ahal izateko. Danon artean kultura hori sortzea da gure helburua eta horretan jarten doguz gure mimoak eta energia, gehitu dau Alaitz Goñik. Neba-arrebek adierazo moduan, Repsolek be esfortzu handia egiten dau kartelak gaztelaniaz eta euskeraz izateko eta Korrikan parte hartu ebenean be lagundu eben; enpresearentzat funtsezkoa da, oso argi dauka eta bere laguntzinoa dogu.

Mikel, Iker eta Alaitz Goñi oso pozik dagoz eurena izan dalako Euskara Saria jaso dauen lehenengo enpresea, alde batetik, Getxon gure gasolindegia beste leku bat dalako euskerea normaltasun osoz egiteko eta euskaltzale legez horrek poztasun handia emoten deusku; bestetik, gure eretxiz, oso garrantzitsua dalako euskerea mundu akademikotik enpresara, saltokietara, bizitzako arlo guztietara eroatea. Euskerearen presentzia leku eta eremu guztietan izan behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu