Beldur Barik topaketea Urdulizen egingo da, zapatuan

Bizkaie! 2016-11-24 08:53   Kulturea

Indarkeria matxistearen kontrako jarrerearen alde 12 eta 26 urte bitarteko gazteek egindako lana erakutsiko da jaialdi horretan. Ganera, Beldur Barik lehiaketako sariak banatuko dira.

Berangon aurkeztu ditue Urdulizeko topaketearen nondik norakoak (argazkia: Emakunde) | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakundek eta Eudelek 2009an ipini eben martxan Beldur Barik programea. Gaur egun, Jaurlaritzearen eta foru aldundien babesa be badauka. Gazteakaz lan eginda, indarkeria sexistea prebenidutea da egitasmoaren helburu nagusia. Ikasturtean zehar egiten dan lana erakusteko antolatzen da Beldur Barik jaia, zemendiaren 25aren bueltan, egun hori dalako emakumeen kontrako indarkeriari ezetz esateko eguna. Aurten, Urdulizen ipini dabe hitzordua, zapatuan, hilak 26.

Ekitaldiz betetako egitaraua agindu dau Emakundek Urdulizeko topaketarako. Besteak beste, Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketako sariak banatuko dira. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutako sariketa horretara, 69 udalerritatik heldutako 341 lan aurkeztu dira. Gehienak, 246, lehen kategoriakoak dira, hau da, 12 eta 17 urte bitartekoek eginak. Ganerakoak, bigarren kategoriakoak dira, 18 urtetik gorakoenak.

Desbardintasun egoerei eta indarkeria sexisteari aurre egiteko errespetua, bardintasuna, askatasuna, autonomia eta erantzunkizuna bultzatzen daben ikus-entzunezkoak saritzen dira Beldur Barik lehiaketan. Kategoria bakotxean 500 euroko sari nagusia eta 300 euroko aitamena emongo dira. Era berean, sari berezi bi egongo dira, biak 300 eurokoak: Beldur Barik webguneko bozketearen irabazlea eta ikus-entzunezko produkzinorik onena.

Beldur Barik programearen arduradunek adierazo dabenez, lehiaketara aurkeztutako lanetan ikusi da gazteek gero eta hobeto identifiketan dituela indarkeria sexistea eragin leikeen desbardintasunak, eta honeei aurre egiteko jarrerea agertzen dabela.

Beldur Barik programan askotariko gaiak landu dira aurten: Bildurraren pertzepzinoa, edertasun arauak, gizarteratze desbardindua, maitasun erromantikoa eta ahalduntze kolektiboa. Gazteakaz indarkeria matxistearen gaia lantzea garrantzitsua dala azpimarratu dabe Beldur Bariken bultzatzaileek. Jabekuntza eta indartze prozesuak errazten ditu lanketa horrek eta indarkeriaren aurreko jarrerea indartzeko balio dau.

Zapatuan Urdulizen ospatuko dan topaketan, ikus-entzunezko lehiaketako sariak banatu ez eze, jarduera ugari antolatuko dira. Esate baterako, eztabaidak eta tailerrak egongo dira, indarkeria matxistearen gaia lantzeko. Ganera, ikuskizunak egongo dira. Antolatzaileek dobako autobusak ipiniko ditue, gazteak modu erosoan joan eta bueltau daitezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu