Martxan da Euskerearen Ginkanearen 5. edizinoa

Bizkaie! 2016-11-23 09:16   Euskerea berbagai

Kutxa Ekoguneak eta Azkue Fundazinoak antolatutako lehiaketan izena emoteko epea abenduaren 3an amaituko da. Aurtengo gaia: Hizkuntza praktika ekologikoak.

Aurtengo edizinoko gai nagusiagaz bat eginaz, talde parte-hartzaileek gainditu beharko dituen probak hizkuntzen garapen jasangarriagaz lotuta egongo dira. Hizkuntzak modu jasangarrian garatu daitezan, hiztunek, hizkuntzek eta komunidadeek martxan ipinitako ekimenak izango dira ardatza.

Talde irabazleak 3.000 euroko finantziazinoa lortuko dau, euskerearen aldeko egitasmo bat garatu ahal izateko. Ganera, Euskerearen Ginkanearen 5. edizinoa dan ezkero, astero sari bereziak zotz egingo ditue, aste bakotxeko probea zuzen egiten daben parte-hartzaileen artean.

Euskeraz eta euskereagaz ondo pasetako asmoz antolatzen dau Kutxa Ekoguneak Euskerearen Ginkanea urtero. Edizino honetan be, Azkue Fundazinoaren laguntzinoa dauka antolakuntzan. Euskaltzaleen Topagunea arduratzen da koordinazinoaz.

Kulturearen edo euskalgintzaren inguruko taldeetan zabaldu da Euskerearen Ginkanan parte hartzeko ohiturea, antolatzaileen esanetan. Norbanakoen lehiaketa izatetik taldekakoa izatera pasau da. Ganera, hasikeran Gipuzkoan egiten zan arren, gaur egun Euskal Herri guztikoa da. Aurkezpena Bilboko Euskerearen Etxean egin da eta finala Donostian izango da, Ekogunean.

Abenduaren 3ra arte emon leikee izena parte-hartzaileek. Ondoren, ginkanea fase bitan jokatuko da: Lehenengo sei asteetan, urtarrilaren 19ra arte, asteroko probak gainditu beharko dira. Bigarren fasea finala izango da, urtarrilaren 28an. Lehenengo fasean puntu gehien batu daben lau taldeak pasauko dira finalera.

Argibide gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu