Herri oso baten ahaleginaren ordezkari izandako 'inurriak' omenduko ditu Argizaiola sariak

Bizkaie! 2016-11-16 12:18   Euskerea berbagai

Argizaiola saridunak ez eze, Durangoko Azokako guneak eta egitaraua aurkeztu ditue. Gerediagako Nerea Mujikak danentzako plan aproposak dagozala ziurtatu dau.

Nerea Mujika eta azokako guneetako arduradunak (argazkia: Durangoko Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Argizaiola saria nori emon erabagiteko orduan, herri oso baten ahaleginaren izenean lan egin daben inurriak gogoan hartu ditue, Gerediaga alkarteko lehendakari Nerea Mujikak adierazo dauenez. Milaka personen ahalegina dan arren, sei lagunek jasoko dabe Gerediagaren Argizaiola saria, bakotxa lurralde baten ordezkari.

Justo Alberdi, Jaime Albillos, Mari Carmen Belaza, Patxika Erramuzpe, Kepa Mendia eta Jose Ramon Zengotitabengoa izango dira saridunak Durangoko Azokearen 51. edizino honetan, euskal kulturea eta euskalgintzea suspertzeko ezkutuko lan handia egiteagaitik. Zeregin horretan, sarituek orduak eta orduak sartu dituela dino Mujikak. Abenduaren 3an, San Agustin kulturgunean izango da Argizaiola sariak banatzeko ekitaldia.

Era berean, 51. Durangoko Azokan gune bakotxak izango dauen egitaraua be aurkeztu dabe. Abenduaren 2tik 6ra egingo da aurtengo azokea eta, Nerea Mujikak azpimarratu dauenez, danentzako moduko ekitaldiak antolatuko dira. Abenduaren 2tik 6ra Durangon nahi zaitugu! Guztiontzako dugu plana, horixe Mujikak egin dauen deia. Areto Nagusia, Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena, Irudienea, Szenatokia, Kabi@ eta Azoka TB izango dira guneak.

Guztira, 200 ekitaldi baino gehiago egongo dira bisitarien esku. Tartean, Ahotseneako 120 aurkezpenak eta Areto Nagusiko 45ak. Ohiko moduan, Landakotik urtengo dau Azokeak eta San Agustin kulturgunean Szenatokia egongo da eta Zugaza zinema-aretoak Irudieneko proiekzino eta solasaldiak hartuko ditu. Programazinoa harro egoteko modukoa dala dino Nerea Mujikak eta alkarlanean egindakoa dala.

Azoka TB guneak dakar erakargarritasun nagusietako bat. Izan be, streaming bidez, zuzenean emongo dabe Durangoko Azokea egunero, abenduaren 2tik 6ra. Modu horretara, azokea Durangotik harago eroango dabe, Azoka TB-ko arduradun Oihana Agirrek adierazo dauenez.

Szenatokiak, bestetik, hiru atal nagusi izango dituala azaldu dau Itziar Elias guneko koordinatzaileak: Mami Lebrun antzezlana, Antzerki Maratoia eta Francoren Bilobari Gutuna obrea. Irudienean, ostera, film luze eta laburrez disfrutetako aukerea izango da. Dokumentalak, zinema esperimentala, umeentzako filmak eta abar ez dira faltauko. Alkargunea ez eze, euskal sortzaileek euren lana erakusteko gunea da, dino Irudieneko Johana Olabarriak.

Saguganbara, aurreko urteetan legez, umeen topaleku izango da. Horko arduradun Itsaso Gangoitiren arabera, tailerrak, ipuin kontaketak, ikuskizunak eta abar egongo dira. Ganera, Talentue plazara! egitasmoaren bidez, hainbat disziplinatan dabilzan artista gaztetxuek eszenatokira igoteko aukerea izango dabe.

Ahotsenea, bere aldetik, orain dala urte batzuk hasitako ibilbidean sakontzen ahaleginduko da aurten. Lutxo Egia koordinatzaileak dinoanez, artista hasibarriak zein esperientzia luzedunak nahi ditue oholtzan. Aurten, Ipar Euskal Herriko sorkuntzeak Ahotsenean izango dauen presentzia nabarmendu dau Egiak.

Kabi@, urtero legez, interneten, informatikearen eta teknologia barrien txokoa izango da, euskerea ardatz dala. Bide horretatik, abenduaren 6an Komunidadearen Eguna antolatu dabela azaldu dau Gorka Julio arduradunak. Bertan, Libreoffice ofimatika paketearen laguntzino-webgunea euskeratzen ibiliko dira.

Proposamenik barritzaileenak eta ekitaldirik harrigarrienak eskaintzeko gogoz dagoz Durangoko Azokako guneak, bisitari guztien neurrira atondutako egitarauagaz. Dana dala, azokearen beti-betiko protagonistak, hasikerako urteetatik egon diranak, liburu eta diskoak dira. Aurten 246 erakusmahai ipiniko ditue eta bertan 296 nobedade egongo dira.

Bestetik, aurtengo azokako kartela egin dauen Christiane Etcheversen obren erakusketea ipiniko dabe Durangoko Arte eta Historia Museoan. Bihar, zemendiak 17, izango da inaugurazinoa eta urtarrilera arte ikusi ahal izango da. Pintura abstraktua jorratzen dau, batez be, Etcheversek.

Guneetako egitaraua:

Ahotsenea

Plateruena

Kabi@

Szenatokia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu