World Cheese Awards lehiaketan sekula batu dan gaztai kopururik handiena, gaurtik Donostian

Bizkaie! 2016-11-16 10:12   Jan edanak

Euskadi-Basque Country International Cheese Festival dalakoan, mundu guztiko 3.061 gaztaik parte hartuko dabe. Munduko gaztaien txapelketea, topaketak, dastaketak eta abar antolatu dira.

Artzai Gazta alkarteak antolatu dau Euskadi-Basque Country International Cheese Festival topaketea, gaur, zemendiak 16, hasi eta hilaren 18ra arte. Donostiako Kursaal jauregia izango da jaialdiaren erdigunea. Dagoeneko errekor bat apurtu dabela azpimarratu dabe antolatzaileek: 3.061 gaztai klase lehiatuko dira, World Cheese Awards sariketan sekula batu dan gaztai kopururik handiena. 31 herrialdetatik heldu dira Donostiara.

World Cheese Awards lehiaketearen 29. ekitaldia izango da aurtengoa. 3.061 gaztaietatik onenak aukeratzeko, 266 laguneko epaimahaia egongo da dastaketak egiten. Produktoreak, teknikariak, saltzaileak, erosleak eta abar dagoz epaimahaian, tartean Victoria Urresti euskal ordezkaria. Urrezko, Zidarrezko eta Brontzezko sariak ez eze, euskal gaztairik onenaren saria be erabagiko dau epaimahaiak.

Lehiaketeagaz batera, herritarrak gaztaien mundura hurreratzeko jarduera ugari be antolatuko dira Donostian egunotan, International Cheese Festival jaialdiaren harira. Nazinoarteko 38 produktorek erakusmahaia ipiniko dabe, dastaketak egin eta gaztaia saltzeko. Jatorri Izendapeneko alkarteek be euren txokoa izango dabe.

Profesionalek, ostera, alkarren barri izateko eta sektoreko azken aurrerapenak ezagutzeko aukerea izango dabe. Alde batetik, adituen berbaldiak egongo dira. Bestetik, abeltzaintzearen eta gaztaigintzearen arloko proiektu barritzaileak aurkezteko gunea egongo da. Gaztaiagaz lotutako kontakizun bereziei be tartea egingo deutsie.

Gaztai ekoizle artisauak dira ekitaldi honen protagonistak, adierazo dau Artzai Gazta alkarteak. Euren lanean segiduteko, negozioak zabaltzeko eta ikasteko aukerea emongo jakela ganeratu dau. Gaur egun, 110 gaztai ekoizle batzen ditu Artzai Gaztak. Herritarrei be, jaialdiaz disfrutetako deia egin deutsie. Horretarako, Open your gazta leloa plazaratu dau.

Antolatzaileek azaldu dabenez, aurten Donostian ospatuko dan ekitaldi gastronomikorik garrantzitsuena da Euskadi-Basque Country International Cheese Festival. Artzai Gaztak azaldu dau, urte askotako lanari esker lortu dabela munduko gaztaien txapelketea Donostiara ekartea. Erakunde publikoek ez eze, Basque Culinary Center-ek eta Idiazabal Jatorri Izendapenak lagundu dabe antolatzen.

Egitaraua osorik, hemen.

Erakundeetako ordezkariak be hurreratu dira jaialdira (argazkiak: International Cheese Festival)
Gaztai lehiaketako prestakuntzak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu