'Guria ostatua' diskoa plazaratu dau Ruper Ordorikak
2016-11-15 13:19 MusikeaHamaika kanta dakarz oñatiarraren lan barriak, gehienak berak idatziak. New Yorken grabau eban Ordorikak Guria ostatua eta Elkar diskoetxeagaz argitaratu dau.
Orain dala hile batzuk, udabarria heltzeaz batera, disko bat plazaratzeko unea zala begitandu jakon Ruper Ordorikari. Bazituan ordurako hainbat kanta idatzita, batzuk aspaldikoak eta beste batzuk barriagoak, eta horreek disko baten batzeko une hori aproposa zala ikusi eban. Batzuetan, eukitzen dodaz kanta batzuk eta sentiduten dot behar dodala disko bat atondu, azaldu dau oñatiarrak.
Hamaika abesti ditu Guria ostatua-k. Konposizinoari jagokonez, diskoko doinu guztiak Ruper Ordorikak berak idatzi ditu. Berbak, ostera, gehienak bereak dira baina salbuespena dira hiru kanta: Kontserba fabrikaren aurrean Joseba Sarrionandiarena da, Mare Nostrum Eva Linazasororena eta Munduko ostatuetan Gary Sneiderren olerki baten oinarrituta dago, gero Ordorikak moldatua.
Hasikeratik amaierara arte, disko homogeneoa osotu dau Ordorikak oraingoan, hari bati segika datoz kantu guztiak. Kantek harrapau egiten gaitue, dino Angel Valdes Elkarreko ordezkariak. Lehenengoa, Ireki atea, izenburutik bertatik da gonbidapena, Ruper Ordorikak bere ohiko estiloan eregitako munduan sartzeko, Valdesen esanetan. Autorea bera be gustura geratu da emoitzeagaz: Kantuak ia-ia ikutu be egin leitekez, soinuaren aldetik, adierazo dau Ordorikak, badot sensazinoa beste pausutxu bat emon dodala disko honetan.
Izenburuak be badauka azalpena. Pablo Ortiz de Elgea margolariaren estudioan egon zan behin Ruper Ordorika eta diskoaren azalean agiri dan koadroa ikusi eban, Guria tabernea agertzen dauena. Badirudi Guria izeneko ostatu bat badagoala herri guztietan, Oñatin be bai, azaldu dau Ordorikak, danontzako babesleku baten modukoak dira, hori irudikatu nahi izan dot diskoan. Oso errealak diran momentu, gomuta eta sentipenen bildumea da Guria ostatua, indar poetiko handiz marraztuak. Guria ostatuko epeletan entzuteko kanta aproposak dira, beraz.
New Yorken grabau eban Ruper Ordorikak Guria ostatua, hango hiru musikarigaz. Jamie Saft, Kenny Wollesen eta Tony Scherr izan zituan alboan lau eguneko grabazinoan. Zuzenean grabau eban guztia, sokazko tresnak izan ezik. Horreek Arkaitz Minerrek grabau zituan eta gerora sartu dira diskoan.
Anjel Valdesen ustez, disko honetako kantu batzuk hemendik urte batzuetara gogoratuko dira oraindik. Horixe da, Valdesen ustez, lan honen ezaugarrietako bat: Gaur egungo itxurako diskoa dala, baina era berean klasikoa. Zuzeneko hurrengo emonaldia hilaren 18an izango dau Ruper Ordorikak, Ermuko Antzokian. Ondoren, abenduaren 3an Soraluzen joko dau eta 17an Bilboko Kafe Antzokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!