Justizia arloan euskerea bultzatzeko aplikazinoa sortu dau Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2016-11-14 13:22   Euskerea berbagai

Auzia euskaraz eskuko telefonoetarako aplikazinoa da. Abogadu, prokuradore eta notario euskaldunei zuzenduta dago, batez be.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazinoko hizkuntzearen normalizazinorako lantaldeak bultzatu dau Auzia euskaraz aplikazinoa. Justizia arloan lan egiten daben profesional euskaldunen komunidadea sendotzea da helburu nagusia. Era berean, hizkuntza arloko baliabideak eskaini nahi jakez abogadu, prokuradore eta notarioei.

Justizia eta Administrazino Publikoaren Sailak 400.000 itzulpen juridiko baino gehiago ditu euskerara itzuliak eta, aplikazinoaren bidez, erabiltzaileen eskura ipiniko ditu, lan tresnatzat erabili daiezan. Euskera juridikoaren datu baserik handienetako bat dala dino Jaurlaritzeak.

Aplikazinoa doban deskargau leiteke iOS eta Android sistemak darabilzen telefonoetatik. Batez be abogadu, notario eta prokuradoreentzat bada be, justizia arloan interesa daukan beste edonork be erabili leikeela dino Jaurlaritzeak. Esate baterako, Zuzenbidearen ataleko unibersidadeko komunidadearentzat zein demanda bat euskeraz ipini nahi dauenarentzat aproposa da.

Gaur egun, Jaurlaritzearen kalkuluen arabera, justizia arloko 507 profesional eta eragile euskaldun dagoz Euskal Autonomia Erkidegoan. Aplikazinoaren bidez, komunidade hori trinkotu ez eze, zabaldu be egin nahi dabe, kide barriak erakarrita. Ganera, holan nahi daben profesionalek euskerea erabili ahal izatea erraztuko dau Auzia euskaraz-ek eta erabilten dan euskerearen kalidadea hobetuko da.

Behin aplikazinoa telefonora deskargauta, lau atal nagusiak agertzen dira pantaila nagusian: Profesional euskaldunen zerrendea, Auzia euskaraz proiektuaren ganeko informazinoa, baliabideak eta terminologiaren datu basea.

Eusko Jaularitzeak 2013an ipini eban martxan Auzia euskaraz proiektua, prozedura judizial osoa, demanda bat aurkezten danetik ebazpenera arte, euskeraz egin ahal izateko baliabideak emoteko. Harrezkero, hiru urteotan, lau epaiketa egin dira euskera hutsean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu