Iurdana Acasuso: 'Teknologia barriek aukerea zabaldu dabe besteakandik gehiago eta hobeto ikasteko'

Koldo Isusi Zuazo 2016-11-14 13:31   Barriketan

Azkue Fundazinoko zuzendaria

Klikasi, euskeraz sarean dagozan hezkuntza eduki eta baliabideak konpartiduteko plataformea da. Bertan, beste erabiltzaileen edukiak ikusi daitekez eta norberak gustoko dituanak argitaratu. Hau da, danon artean elikatutako edukien gunea da Klikasi. Testu, audio edo bideo fitxategiak, aurkezpenak, irudi edo argazkiak eta estekak dagoz bertan. Azkue Fundazinoa da plataformearen bultzatzailea eta bertako zuzendari Iurdana Acasusok dinoanez, erraza da Klikasin parte hartzea. Internet bidez jakintzea konpartiduteko tresna baliotsua da Klikasi eta, horregaitik, Acasusok uste dau oihartzun handiagoa merezidu dauela. Proiektura erabiltzaile eta eduki gehiago batzea gura dabe.


1.- Klikasi Azkue Fundazinoak sortutako plataformea da hezkuntza-baliabideak eta edukiak konpartiduteko asmoagaz. Hirugarren urtera bidean, ze balorazino egiten dozu?

Bai. Hasierako Klikasi 2011n abiarazo genduan, baina 2013an, hausnarketa sakona egin ostean, goitik behera aldatu genduan planteamentua eta hortxe sortu zan plataforma barria. Beraz, hiru urte bete ditu dagoeneko.

Balorazinoari jagokonez, gazi-gozoa dala esango neuke. Jakitun gara mueta honetako baliabide batek aldaketea eskatzen dauela gizartearen pentsakeran ze baliabide honen zutabeetako bat da edukiak gure artean libre konpartidutea; eta holako egoeretan personearen jarrera berezia beharrezkoa izaten da, copyright horretatik copyleft-era pasetako. Esangura horretan, balorazinoa gozoa, positiboa da, hezkuntza komunidadeak adierazo deuskulako oso baliabide interesgarria dala eta oso beharrezkoa ganera euren eguneroko lanerako. Gazia, barriz, guk gura geunken oihartzunik ez dauelako izan, hau da, erabiltzaile eta eduki kopurua ez dala guk nahi eta espero genduana.  


2.- Zeintzuk dira Klikasiren helburuak?

Oinarrizko helburua da sarean dagozan edota hor sortzen diran euskerazko eduki eta baliabideak libre konpartidutea. Horrek esan gura dau, trukerako tresna bat dala eta, esangura horretan, guk Klikasigaz sustatu gura doguna da bai ikastetxe, irakasle zein ikasleek sortzen dituen edukiak besteen eskura ipintea.

Klikasi ez da zerbitzari erraldoi bat, sortuta dagozan edukiak zabaltzeko plataformea baino, danon artean elikatutako edukien gunea. Klikasik beste plataforma batzuetatik hartzen ditu estekak eta horreetatik hartutako edukiak batu eta zabaltzen dira bertan. Edukiak testu, audio edo bideo fitxategiak, aurkezpenak, irudi edo argazkiak eta esteka formatukoak izan daitekez.


3.- Klikasi, klik eta ikasi daukaz oinarrian. Izenak be idea hori dakar, klik eginez ikasteko bidea dagoala...

Bai. Gaur egun informazino eta komunikazinoko teknologiek eskaintzen deuskuena aukera moduan ikusi behar dogu, teknologia barriek espazio barria zabaldu deuskue eta aukerea zabaldu dabe besteakandik gehiago eta hobeto ikasteko eta horixe da aprobetxau behar doguna.


4.- Egitasmo honetan zein izan da Kultur Kabia alkartearen ekarpena?

Dinamizazino lanetan nahitaezkoa izan da Kultur Kabiaren laguntzinoa, azken finean, Azkue Fundazinoaren egiturea lar handia ez danez, Kultur Kabiaren laguntzinoagaz gure mezua online zabaltzeaz gan, offline edo errealidadean, gure dimensino fisikoan zabaldu dogu. Eurei esker lortu dogu Barritzeguneetara zein eskatu daben ikastetxeetara joatea egitasmoaren barri emoten, dudak argitzen, trebakuntzea egiten eta bestelako jarduera batzuk bideratzen.


5.- Klikasiren erabiltzaileak ikasleak eta irakasleak dira ala badago lekua beste sektore batzuetako lagunentzat?

Duda barik. Normalean ikasi kontzeptua edo berbea entzunda, gura ez dala geure burua arlo horretara joaten da, hezkuntzara, hain zuzen be. Baina ezin da ahaztu bizitzako esparru askotan ikasi egiten dogula eta, duda barik, plataforma hau erabilgarria da ikasteko edukien alkartrukerako. Beraz, beste arlo batzuetarako be zabalik dago, jakina; berbarako, gidatzeko baimena euskeraz eskaintzen daben eskolen kasua nabarmenduko neuke, izan be, hori be ikasketa gune bat da eta zergaitik ez alkarbanatu eta konpartidu arlo horretan sortzen diran edukiak.  


6.- Ikastetxe moduan ba al dago parte-hartzerik?

Jakina. Ikastetxe moduan be parte hartu daiteke. Gure gogoetarako bileretan eta pentsau izan dogu, ikastetxeetako irakasleak ez dirala beti behargin finkoak izaten eta euren ibilbide profesionalean hainbat ikastetxetan ibilten dirala. Guk Klikasiri emon gura izan deutsagun balio erantsia izan da plataformea hezkuntza sistemako profesionalen esku jartea, norberak bere nortasuna eta ospe digitala eregiteko modua izan daian.

Kontuak kontu, irakaslea bere kabuz erabiltzaile izan daiteke, ikastetxea be bai eta ikastetxeak egingo dauena da bere aterkiaren azpian irakasleak identifikau, baina irakasleari askatasuna emoten jako bera bere kabuz elemento aktibo izateko, ezelako lotura barik.


7.- Klikasin ekarpena egin gura dauen batek zer egin behar dau? Ze pausu emon behar dau?

Prozesua sano erraza da. Sortzaileak orokorrean, irakasleak (bai ikastetxe batera lotuta edo bai era partikularrean), ikastetxeak eta ikasleak izan daitekez ekarpenak egiten dituenak. Ikasleen kasuan berezitasun batzuk dagoz: 18 urte baino gitxiagoko erabiltzaileak Ikasle lez gehituko dira Klikasin.
14 urte baino gitxiagoko erabiltzaileek, barriz, irakasle eta ikastetxe bategaz loturea izan behar dabe, nahitaez. Irakasle arduradunak erabiltzailearen izenean argitaratuko ditu edukiak eta Ikasle erabiltzaile mueteagaz lotuta egongo da, baliabidearen egilekide lez. 14 urtetik beherako Ikasleek ez dabe edukirik plazaratuko Klikasin. Ostera, gustuko dituen edukiei botoa emoteko aukerea izango dabe. Profil publikoari jagokonez, ez dabe agiriko profilik izango, ezta abatarrik be.

14 eta 18 urteko artekoek Klikasin izena emoten dabenean, profila sortu leikie baldintza batzuen arabera. Izena emoten dabenean, autortu behar dabe ondoko baldintzak beteten dituela, hau da, 14 urte baino gehiago dituela eta hemen adierazoten diran erabilera-baldintzak ulertzen, onartzen eta beteten dituela. Bestetik, 14 eta 18 urte artekoa izan ezkero, behintzat Irakasle eta Ikastetxe baten baimena beharko dabe, eta azken horreek erabiltzaileek plataforman gauzatutako ekintzak gainbegiratzeko ardurea izango dabe.

Kasu horretan, erabiltzaileen profilak Ikasle lez sortuko dira, besterik adierazo ezean, eta Irakasle arduradunek erabiltzaileek sortzen edo argitaratzen dituen edukiak gainbegiratu egingo ditue. Klikasi profesionalei eta hezkuntza sistemako kideei lana errazteko sortu da eta erregistroa egiteko atalean, era intuitiboan datuak sartu beharko ditu erabiltzaileak. Beraz, plataforman izena emon behar da lehenengo, e-posta eta pasahitza sartu eta aurrera, besterik ez da behar.


8.- Egitasmora batutako kategoria desbardinen artean, zein da eduki edo baliabide kopuru gehien daukana?   

Eduki gehien dauen arloa zientzia, matematika eta teknologiakoa da. Arrazoiak bat baino gehiago izan daitekez baina nagusia, akaso, eduki sortzaileetako bat Azkue Fundazinoa bera dala. Zenbat-gura kategoria dago eta edozein arlotako gaiotan edukiak eta baliabideak sartzeko aukerea dago plataforman.

Edukiak antolatzeko kategoria desbardinak kolorez identifikauta dagoz eta holan, bilaketa bakotxean emoitzetan eduki bakotxeko agertuko dira: izenburua, deskribapena, irudia, kategoria, adina, ikasturtea, eduki horrek dituen baliabideen formatuak.


9.- Euskerazko baliabideak libre eta doban trukatzea da asmoa baina badira zentzunezko erabilera arauak...

Erabiltzaileak eurak dira edukien egokitasuna neurtu eta kontrolauko dabenak. Azkue Fundazinoak ez ditu edukiak balorauko, erabiltzaile-komunidadeak berak aukerea dauka edukiak baloretako eta, era berean, salatzeko be bai.


10.- Orain arte lehiaketak eta antolatu izan dozuez plataformearen zabalkundea sustatzeko. Aurrera begira ze asmo dozue?

Gure asmoa sustapenean jarraitzea da. Lehiaketaren bat gura geunke martxan jarri baina horretarako pentsetan dogu helduago edo edukiz hornituago egon behar dala plataformea. Hurrengo hileotan ahalegin berezia egingo dogu plataformea sustatu eta ezagutarazoteko eta, esan deutsudan lez, epe laburrean ikastetxeen arteko lehiaketa bat atondu gura geunke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu