Bilboko Itsasadarraren ganeko galdera gehiago izango ditu Galdeketaun lehiaketearen hirugarren edizinoak
2016-11-11 12:48 Euskerea berbagai12 eta 17 urte bitarteko bilbotarrei zuzendutako lehiaketa hori eskuko telefonorako aplikazino bat da eta zemendiaren 14tik deskargau ahal izango da. Gazteen artean euskerea eta jakinmina zabaltzea dira helburuak.
Galdeketaun lehiaketea Bilboko Udalak eta Nontzeberri atariak sortu dabe alkarlanean. Lehenengo edizino bietako arrakastea ikusita, hirugarren honetarako kolaboratzaile barriak topau ditue. Holan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak be parte hartu dau. Ondorioz, edizino honetako galdetegian, itsasadarraren inguruko galdera ugari sartu ditue.
Aurreko edizinoan, 200 parte-hartzaile inguru izan ziran eskuko telefonoaren bidezko lehiaketan. Guztira, 10.000 partida inguru jokatu zituen, bakotxak nahi dauen beste bidar jokatu leike eta. Juanra Madariaga Nontzeberriko arduradunak dino pozik dagozala datu horregaz eta aurten hobetzeko asmoa daukiela. Aurreko edizinoetan, 12 eta 17 urte bitarteko gazteek ez eze, heldu batzuek be deskargau eben jokoa baina horreek ezin dabela saririk irabazi zehaztu dau Madariagak.
Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko zinegotziak dino, Galdeketaunek helburu nagusi bi dituala. Batetik, gazteen artean euskerearen erabilerea bultzatzea, hizkuntzea eremu ludikora eroanda. Bestetik, jakinmina eta jakintzea zabaldu nahi ditue. Juanra Madariagak uste dau, lehiaketearen formatuak lagundu egiten dauela helburuok beteten: Galderak ez dira horren errazak, gehienetan parte-hartzaileek ez dakie erantzuna eta bilatu egin behar dabe. Ganera, askotan gazteek taldeka olgetan dabela konturatu da Madariaga eta hori be aberasgarria dala uste dau.
Hirugarren edizino honetan, jokoaren ezaugarri nagusia betikoa da: Partida bakotxean, test erako hainbat galdera erantzun behar dira, denpora jakin baten barruan. Zenbat eta galdera gehiago igarri, puntuazino altuagoa lortzen da. Galderak Bilbogaz lotuta dagoz. Historia, literaturea, geografia, kaleak, Athletic eta abar dira gai nagusiak.
Erakargarriago egiteko, aldaketa batzuk dakarz Galdeketaunek oraingoan. Batetik, koloreak eta irudiak barritu ditue. Bestetik, galdera barri ugari sartu ditue, sarri errepetiduten izan diran beste batzuen ordez. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren laguntzinoa izan dabe horreek galdera barriak pentsetako. Madariagak dinoanez, 120 itaun barri inguru dagoz, gehienak itsadararrari lotutakoak.
Jon Ruigomez Itsas Museoko zuzendariak dinoanez, gure museoak euskereagaz konpromisoa dauka eta, ganera, gure misino nagusietako bat da hezkuntzea. Hartara, gogotsu hartu dabe Galdeketaunen parte hartzeko aukerea. Ikasteko modurik onena olgetea da. Galderak aukeratzeko orduan, itsasadarrak joko handia emoten dauela uste dau, Bilboren historia hasikeratik egon dalako portuari lotuta.
Gure museoetan altxor asko dagoz eta Galdeketaunen bidez horreek ezagutarazo nahi doguz, adierazo dau Juanra Madariagak. Hurrengo edizinoetan, Itsas Museoagaz ez eze, Bilboko beste museo batzukaz be alkarlana izatea da asmoa.
Astelehenetik, zemendiaren 14tik, egongo da Galdeketaun Google Play Store plataforma digitalean eskuragai, doban. 12 eta 17 urte bitarteko edozein gaztek deskargau ahal izango dau, jolastu eta sariak irabazi ahal izateko. Urtarrilaren 31ra arte egongo da lehiaketea martxan. Puntuazinorik onena lortzen dauenari eskuko telefono bat oparituko deutsie eta, lehenengo hamar sailkatuen artean be, beste telefono bat zotz egingo da. Parte-hartzaile guzti-guztien artean, tablet bi zotz egingo dira.
Galdeketaunen parte hartzeko deia egin deutse Juanra Madariagak Bilboko gazte guztiei. Gabonetan olgetako aplikazino aproposa dala uste dau Koldo Narbaizak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!