Ardaoaren kulturea protagonista, Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2016-11-09 08:31   Kulturea

Grabaduaren Nazinoarteko Jaialdiagaz bat eginaz, Vivanco Fundazinoaren bildumako 76 artelan ikusi leitekez Arte Eder Museoan, zezeilaren 6ra arte.

William Hogarth, 'Solasaldi moderno bat gauerdian' (1733). Vivanco Fundazinoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

FIG Bilbao, grabaduaren eta papel ganeko artearen nazinoarteko jaialdia da. Bilboko Arte Eder Museoak, balio historiko handiko erakusketa baten bidez, bat egin dau ekimenaren 5. edizinoagaz. Ardaoaren kulturea, Vivanco bildumako grabaduaren maisuak erakusketan, Errioxako Vivanco Fundazinoaren jaubetzako koadroen aukeraketea batu dau. 15. mendetik gaur egunera arteko hainbat artistaren ikuspegia jasoten da, ardaoaren eta ardaoak sortzen dituan bizipenen ganekoa.

Erakusketeak ibilbide zabala egiten dau grabaduaren bilakaeran zehar. Gizakiaren historian ardaoak izan dauen garrantzi kulturala agirian geratzen da, sasoi askotako artistek marraztutako grabaduei esker. Garai guztietako adierazpen artistikoetan behin eta barriro agertzen da ardaoa, erakusketako arduradunek azaldu dabenez.

Ondo bereiztutako bloke nagusi bi ditu erakusketeak. Lehenengoan, grabadu klasikoa da gai nagusia. Atal hori beste hiru azpiatal nagusitan banatzen da: Mitologia, kristautasuna eta kostunbrismoa. Bigarren blokea, grabadu garaikidearen ganekoa, heterogeneoagoa da.

Grabadu klasikoaren atalean, artearen historiako egile ezagunen obrak dagoz: Andrea Mantegna (1430/31-1506) da zaharrena. Ganera, Johannes Sadeler, Jacob Matham, William Hogarth, Theodor Galle, José de Ribera, Francesco Bartolozzi, Francesco Piranesi, Johann Adam Klein eta abar dagoz. 19. mendekoak dira obra barrienak.

Atal garaikidean, batez be, 20. mendeko abangoardia eta jokera artistiko nagusietako ordezkariak dagoz. Marc Chagall, Juan Gris eta Pablo Picassoren lanakaz hasten da aukeraketea, 20. mendearen hasikerara begira. Ondoren, Joan Miró, Antoni Tàpies, Andy Warhol, Roy Liechtenstein eta abar datoz. Euskal ordezkaritzea be ez da faltau, Eduardo Chillidaren grabadu bat ipini dabe eta. Lan barrienak Miquel Barceló eta Paula Regorenak dira.

Ardaoaren kulturea, Vivanco bildumako grabaduaren maisuak erakusketea Arte Eder Museoko 16. eta 19. aretoen artean dago ikusgai, 2017ko zezeilaren 6ra arte. FIG Bilbao jaialdia da antolatzaile nagusia eta Vivanco Fundazinoaren laguntzinoa izan dau prestakuntzan. Grabaduaren Nazinoarteko Jaialdia Bilbon egiten hasi ziranetik, 2012tik, edizino guztietan egon da erakusketaren bat Arte Ederretan. Igaz, esate baterako, Lucas van Leydeni eskainitakoa ipini eben.

 

Juan Gris, 'Nature morte' (1922). Vivanco Fundazinoa.
Joan Miró, 'Mahats-biltzaileak' (1963). Vivanco Fundazinoa.
Andrea Mantegna, 'Bakanala kupel bategaz' (c. 1470-72). Vivanco Fundazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu