Teresa Lancetaren 'Agur erronboari' erakusketea Bilbon zabalik urtarrilaren 29ra arte

Bizkaie! 2016-11-08 10:48   Kulturea

Bilboko Azkuna Zentroak Teresa Lancetaren Agur erronboari erakusketea zabaldu dau. Nuria Enguita Mayo komisarioak zuzendutako eta Montemadrid Fundazinoaren La Casa Encendidagaz batera egindako produkzinoa.

Artistearen unibersoan zehar egindako ibilbide honetan, ehunak, diseinu geometrikoak eta arte herrikoiak nahastau egiten dira Erdialdeko Atlaseko emakume ehuleen komunidadeetatik abiatzen dan ikerlanak dituan emozinoagaz eta konplexutasunagaz. Erakusketan, tapizak, pinturak, marrazkiak, testu bat eta bideo batzuk jaso dira, azken honeek eskualde haretako emakumeakaz edo Espainiara joandako senide emigratzaileakaz egindako alkarrizketetan oinarrituak.

Lancetaren lanaren ondoan, Saharagaz mugan dagoan aldeko arte herrikoiari buruzko dokumentazinoa eta eskulangintzaz eta migrazinoez arduratzen diran artista gazteen lana jaso dira erakusketan. Eta lankidetza bi honeek: Nicolas Malevé, Erdialdeko Atlaseko patroien eta objektuen kartografia digitala egingo dauena, eta Lot Amorós, biko kode batean oinarritutako ikus-entzunezko instalazino alkarreragilearen egilea.

Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Lancetak erabagi eban ehungintzea adierazpide artistikotzat hartzea, eta artetzat hartzen danari buruzko mugak behartzea. Osogai formaletatik abiatu zan, ehunek daben berezko berezitasun horretatik: loturak, materialak, tradizinoak eta teknikak hartuta.

Premisa horren menpean, hamarkada bat geroago, artistea Erdialdeko Atlaseko emakume ehuleen komunidadeetan sartu zan, eta, belaunaldiz belaunaldiko ehun-tradizino horreen bidez, arte kolektibo bat topau eban: personei biziteko, komuniketako eta irauteko baliogarri izan jaken artea; Lanbideak eta sormenak, teknikak eta pentsamenduak bat egiten dabe, ezaguna eraldatzen eta ezkutuan dagoana azaleratzen daben momentu goren horreek lortzean. Herri nomaden ehun-tradizino horreetan, ehunek helburu apaingarritik eta funtzionaltasun sinbolikotik harago joten dabe: bizimodu baten parte dira, eguneroko ezagutza erkidea garraiatu, eta holan zabaltzen dabe apaintzeko daben boterea eta indar artistikoa.

Ehungintzeak aukerea emon deutso Lancetari jatorrizko kode unibersal bat ulertzeko, muga fisikoak, denporakoak eta kulturalak zeharkatuz barruko legea adierazoten dauen kode hori. Bere lanak artearen eta sorkuntza kolektiboaren erabilgarritasuna aldarrikatzen dau, jenio indibidualaren idearen aurrean.


Teresa Lanceta

Historia Modernoan eta Garaikidean lizentziaduna, eta Artearen Historian doktorea. Gaur egun, Teresa Lancetak (Bartzelona, 1951) Bartzelonako Escola Massana-n emoten ditu eskolak. Ehun-artean eta bideo-artean egiten dau lan, eta, besteak beste, Marokoko ehun-arte herrikoia, xv. mendeko alfonbra espainiarra eta tabako-industrian ibili ziran emakumeen lana ikertu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu