28. Bilbo Uria Pop Rock Lehiaketearen finalak asteon jokatuko dira Bilborock aretoan
2016-11-08 08:40 MusikeaHiru finalak asteon izango dira: eguenean, hilak 10, elektronikako eta bestelako jokeren finala; barikuan, hilak 11, metalekoa eta zapatuan, hilak 12, pop-rockekoa. Kontzertuak Bilborock aretoan egingo dira 20:00etan hasita.
Bilboko Udalak antolatzen dauen Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketearen 28. edizinoa finaletara heldu da zemendian. Hain zuzen be, hiru modalidadeetako finalak hil honetan izango dira: eguenean, hilak 10, elektronikako eta bestelako jokeren finala egingo da; barikuan, hilak 11, metalekoa eta zapatuan, hilak 12, pop-rockekoa. Kontzertuak Bilborock aretoan egingo dira 20:00etan hasita.
Irailean hasita lehiaketearen barruan jo daben 34 taldeetatik sei –hiru pop-rockekoak eta beste hiru metalekoak- pasau dira finaletara. Talde horreek aukeratzeko epaimahai profesional baten -musikearen arloko hamabost adituk osotua, modalidade bakotxeko hiru- eta hiru personek osotutako epaimahai gazte baten balorazinoa kontuan hartu da, bai eta ikusleen botoa be (688 boto jaso dira). Elektronikearen eta bestelako jokeren kasuan, epaimahai profesionalak zuzenean aukeratu ditu finalera pasau diran lau taldeak.
Kategoriaren arabera, ondokoak dira finaletarako sailkatu diran taldeak:
- Elektronika eta bestelako jokerak:
• Rrucculla (Bizkaia).
• L'An2000 (Frantzia), Sueisfine (Valentzia).
• Vanesa Paris (Bartzeloan).
- Metala:
• Fetitxe (Bizkaia).
• Insaniam (Albacete)
• Warg (Zaragoza).
- Pop Rocka:
• I Me Mine (Frantzia).
• My Expansive Awareness (Zaragoza).
• The Zephyr Bones (Bartzelona).
Bilboko Udalak beren-beregi nabarmendu gura izan dau aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen kalidadea, sailkapenetako kontzertuetan batu diran 2.000 personek ziurtatu ahal izan dabenez.
Musikari gazteei laguntzea
Musikako lehiaketa beterano hau antolatzean, Bilboko Udalak ondoko helburuak bete nahi ditu: batetik, bilbotarrei musika-talde hasibarrien lana eskaintzea eta bestetik, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osotutako talde horreen lanak sustatzea eta zabaltzea da, eta aldi berean estaduko eta atzerriko beste talde batzuekaz eszenatokian jarduteko aukerea emotea.
Ondokoak izango dira sariak: Pop-Rock eta metal modalidadeak: 5.000 euro, 2.500 euro eta 1.200 euro; elektronika eta bestelako jokerak: 2.200 euro. Epaimahaiaren sari berezia 1.100 euroko balioa dauena, eta babesleek emondako sariak be egongo dira, berbarako, musika-tresnak, kontzertuetan joteko eta zabalkundea egiteko aukerea.
626 taldek emon dabe izena lehiaketan
Aurtengo edizinoan 626 taldek emon dabe izena lehiaketan: 462 pop-rockekoak, 122 metalekoak eta 42 elektronika eta bestelako jokeretakoak. Jatorriari jagokonez, barriz, % 18 Euskal Herrikoak dira, % 75 inguru estadukoak (batez be Madrilgoak eta Kataluniakoak) eta % 6 atzerrikoak.
Finalak streaming bidez
Hiru finalak streaming bidez eskainiko dira www.concursovilladebilbao.com lehiaketearen webgunean. Ganera, lehiaketeari buruzko informazinoa eta emonaldien bideoak be ikusi ahal izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!