Oihana Bartra: 'Edozeinentzat zabalik egongo dan eredua nahi dogu'

Dabi Piedra 2016-11-07 09:27   Barriketan

Biba kulturguneko bultzatzailea

 

Urriaren 27an zabaldu eben Bilboko Erronda kalean Biba kulturgunea. Tabernea eta eszenatokia daukaz lokal barriak eta sortzaile guztiei, batez be euskerazkoei, lekua egiteko jaio da. Oihana Bartra bertsolaria da Bibaren bultzatzaileetako bat eta proiektu herrikoia dala dino, proposamen guztiei edegia.

 

1.- Bilboko bihotzean, Erronda kalean jaio da Biba. Ze hutsune betetera dator?

Kontraesana emon leike baina badakigu Bilbon badagozala kulturea eskaintzeko leku pilo bat. Halandabe, ikusten izan dogu, aldi berean, batez be sortzaile hasibarrientzako eta euskeraz jarduten dabenentzako gatxa izan dala martxan dagozan leku horreetara sarbidea izatea. Hor jarriko dogu fokoa, Biba jaio da kulturearen aldeko apustua egiteko eta euskal kultureari eta hasibarriei laguntzeko. Horreek lekua euki daiela, baita bere sormena erakutsi nahi dauen edonork be.


2.- Aurkezpenean esan zenduen Bilborako beste eredu kultural bat aldarrikatzen dozuela. Zein da, ba, zuen eredua?

Gure proiektua herri-ekimenetik dator eta, beraz, proiektu herritar bat izango da funtsean. Edozeinentzat zabalik egongo dan eredua nahi dogu. Anitza, euskerea bultzatuko dauena, genero ikuspegitik parekidetasuna bultzatuko dauena eta ateak zabalik izango dituana, holakoa izango da Biba.


3.- Lokal eder bat daukazue Errondan eta egitarau bete-betea. Hori guztia martxan jarteko, zenbat jente, eta zelakoak, zabilze Biban?

Gai honen inguruan interesa eta gauzak egiteko gogoa izan dogun jente talde bat gara, norbanakoen talde bat gara. Sortzaileak dagoz tartean, ez diranak be bai, gaiagaz interesa daukagun personak gara.


4.- Zelan antolatzen dozuez zereginak?

Egoereak une bakotxean eskatzen izan dauenaren arabera apurka-apurka joan gara lantaldeak sortzen: Tabernako lantaldea, obrea egin dauena, komunikazinoa, programazinoa... gero lantalde guztiak koordinetako gunea be badaukagu eta aurrerantzean be holan funtzionetako asmoa dogu.


5.- Biba zabalik dago, baina lan luzea egon da atzetik. Zelakoa izan zan proiektu honen hasikerea? Nondik dator idea hau?

Urrian jaio zala esan dogu, baina aspalditik dator hau guztia, jakina. Urteetako lan bat izan da. Jente askoren artean berba egin eta diagnostiko bat alkarbanatzen genduala ikusten zan. Jente gehiagogaz berba egin eta barriro antzeko beharrizanak aitatzen ziran. Espazio fisiko bat eukiteko beharra eta alkarlana bultzatzekoa aitatzen zituan jente askok. Sortzaileen arteko lana eta ikerketea sustatzea be bai. Orduan pentsau genduan zeozer egin behar zala eta holan jaio zan idea hau. Orain dala hiru urte inguru hasi ginan martxan, gitxienez.


6.- Proiektua errealidade bihurtzeko orduan, eredua nondik hartu dozue?

Ez dogu bereziki egitasmo jakin baten eredua hartu. Baina kontuan izan doguz Bilboko hainbat proiektu, esaterako Katakrak, izatez hareena eta gurea gauza desbardinak diran arren. Bakotxak daukazan ezagupenetatik be ideak hartu doguz, baina inspirazino konkreturik ez dogu euki.


7.- Proiektuari ekin eta azkenean martxan ipini dozuen arteko bidean, ze zailtasun edo traba topau dozuez?

Alde batetik, erronka ekonomikoa dago, oso handia izan da erronka hori. Herri ekimena dala dinogunean, hor herritarren finantziazinoa dago atzean. Lokalaren ingurukoak, kontu burokratikoak... gauza aspergarriak dira eta batzuetan konplikadua izan da. Proiektua bera martxan ipini arte, horreek izaten dira momenturik gatxenak. Horren ostean, oztopoak ez dira horrenbeste, lan egitea da kontua. Atzean lan handia dago, baina oztopoak, batez be, ekonomikoak izan dira.


8.- Finantziazinoa nondik lortuko dozue aurrerantzean?

150 persona baino gehiagoren konpromisoa, maila desbardinetakoa, lortu dogu eta horri esker, zati baten behintzat, finantziazinoaren auzia konpondu dogu. Aurrerantzean be, seguruenez, bide horretan segidu beharko dogu. Diru-iturri barriak be topau beharko doguz, ez daukagulako dana ordainduta.


9.- Lehentasuna emongo deutsazue euskerazko sormenari. Beraz, euskerea bultzatzeko gunea be izango da Biba, ezta?

Bai, hori da asmoa. Dagoeneko badagoz idea batzuk, Biba euskerea bultzatzeko erreferente bihurtzeko. Finkatuta dagozan lan ildoez gan, baleiteke aurrerago beste batzuk be zabaltzea eta, jakina, euskerearena izan leiteke horreetako bat, edo euskerearen inguruko zeozer.


10.- Hausnarketarako eta ikerketarako gunea izango da Biba, hori zelan gauzatuko dozue?

GITE-IPES alkarteagaz alkarlanean gabilz orain, ikerketearen inguruko ildoa zehazteko. Ikerketa lana egin nahi dogu, Bilbon kultureak daukan egoerearen ganean. Datu batzuk lortu eta erradiografia egin nahi dogu, uriko kulturearen egoerea zein dan jakiteko. Gero, horretan oinarrituta guk geuk be lan egin ahal izango dogu.


11.- Tabernea be badauka Bibak eta egunero dago zabalik. Zelako gunea izango da hori?

Lokalean egongo dan eskaintza kulturalaz gan, gustauko litzakigu alkargune izatea. Kulturea, euskerea eta beste esfera batzuetan mobiduten dan jentearen alkargune bihurtzea eta, behintzat, erreferentetxu hori izan daitela. Jentea hasi da eskariak egiten bere gauzetarako: Aurkezpenak, berbaldiak... ikusten da jenteak holako espazio baten beharra daukala.


12.- Zemendiko egitaraua ikusita, eskaintza zabala daukazuela garbi dago: Kontzertuak, poesia musikatua, berbaldiak, aurkezpenak eta abar. Badirudi sortzaileakaz nahi dozuen hartu-emon hori frutuak emoten hasi dala.

Bai, oso pozik hartu dogu jentearen harrerea. Beharbada, lehen aitatu dogunaren adierazlea da: Jenteak badauka zer eskainia, baina ez dauka non eskaini. Askotan, kontu ekonomikoa izaten da traba. Aurreko baten disko aurkezpena egin nahian etorri ziran batzuk eta lokala erabilteagaitik zenbat ordaindu behar eben galdetu euskuen lehenik eta behin. Guk, ezer be ez zala pagau behar erantzun. Azken finean, hori bada jenteari erraztasunak emoteko modu bat, gauzak egiten hasteko bultzadea.


13.- Egia da sortzaileentzako espazio aproposa dala Biba, baina Bilbon lehenedik be egon dira antzeko gune batzuk, esaterako Kafe Antzokia. Danentzako lekua badago Bilbon?

Bai, bai. Azpimarratu behar dogu gu ez gatozela inori konpetentzia egiten, edo lekua kentzera. Bakotxak bere berezitasunak eta egitasmoak ditu eta gu gehitzera gatoz. Eskaintza zabala dago, bai, baina uste dot guk beste eskaintza klase bat egingo dogula, ez da izango beste inogaz kontrajarria. Norabide berean ekarpenak egiteko egokiak dira proiektu guztiak.


14.- Sortzaileentzat aukera asko emoten ditu Bibak. Publikoarentzat, ostera, ze erakargarritasun dauka?

Lekua bera, uste dot, leku atsegina dala, eta proiektua erakargarria. Jente askoren artean egindako proiektua da, askok parte hartu dogu modu baten edo bestean eta horren zentzuna be nabarmendu nahi dogu, proiektua danona dala. Bertora datorren edonork Biba bere sentidutea nahi dogu, berak be zeozer aportau dauela edo aportau leikela pentsetea. Datozen guztiek nire lekua be bada pentsetea nahi dogu.


15.- Proposamenen bat daukan edonork parte hartu leike Bibako antolakuntzan?

Bai, guk nahi doguna da, programazinoa ez izatea norabide bakarrekoa. Norabide bitan joatea nahi dogu, jenteak esatea zer daukan proponiduteko edo ze interes daukan. Jentearen artean egindako programazinoa izango da eta hori positiboa da.


16.- Bibaren bultzatzaileek ahalegin handia egin dozue proiektua martxan ipinteko. Ganera, beste zeregin batzuk be badozuez. Zu zeu, laster hasiko zara Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantetan, lana be badozu... Zelan eusten deutsazu Bibaren erronkeari?

Egia da lan handia izan dala. Aurrerantzean be, proiektuaren tamainua ikusita, uste dot lana ekarriko deuskula. Hainbat saltsatan nabil bestela be, baina nik oso modu positiboan bizi dot, ilusinoz. Oso pozgarria da ikustea zenbat jente etorri zan Bibaren inaugurazino jaira, zenbatek zoriondu gintuen eta zenbatek esan eben hau beharrezko proiektu bat dala. Lan handia eskatu arren, gogo, ilusino eta alaitasun handiz bizi dot hau guztia.


17.- Zu zeu be sortzailea zara, bertsolaria. Sortzailearen ikuspegitik, zer onura ekarriko deutsu zuri Bibak?

Leku bat dagoala jakitea, nik neuk sortu ahal izateko edo erabili ahal izateko, sekulakoa da. Ez dakit zein emonaldi egin nahi badogu, adibidez emakume bertsolari batzuk orain sortu dogun Testurak, ba beharbada Biban izan leike lekua, hor eskaini geinke. Besoak zabalik hartu zaituen leku bat daukazula jakitea oso ona da sortzaileontzat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu