Nerea Ibarzabalek irabazi dau Bizkaiko txapelketako azken kanporaketea
2016-11-07 08:42 BertsolaritzeaZaldibarko saioko puntuazinoakaz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan kantauko daben bertsolariak nortzuk izango diran jakin da.
Bosgarren eta azken kanporaketea ikusteko, jentez bete da Zaldibarko Olazar pilotalekua. Nerea Ibarzabalek irabazi dau saioa eta, horri esker, bere herrian bertan, Markina-Xemeinen jokatuko dan finalaurrekoan egongo da. 474,5 puntu lortu ditu Ibarzabalek.
Bigarren lekuan, nabarmen atzerago, Eneko Arrate geratu da (438,5). Arratek ez dau lortu finalaurrekotan kantetako lekurik, puntuazinoaren araberako sailkapenaren arabera. Beraz, Zaldibarko saiotik, Nerea Ibarzabal baino ez da egongo hurrengo fasean.
Hirugarren Peio Ormzabal izan da (429,5) eta laugarren Beñat Vidal (426). Bosgarren lekuan Igor Menikak amaitu dau (388,5) eta seigarrenean Beñat Romerok (386,5). Gai-jartzailea Maite Berriozabal izan da.
Astebeteko atsedenaldia dator orain eta, zemendiaren 19tik aurrera, finalaurreak jokatuko dira Bizkaiko Txapelketan. Hiru saio izango dira eta zortzi bertsolari pasauko dira Bilboko finalera: Saioko hiru irabazleak eta puntuazinoaren araberako bost.
Honeek izango dira hiru finalaurrekoak:
Markina-Xemein, zemendiaren 19an: Eneko Abasolo 'Abarkas', Jone Uria, Joseba Barandiaran, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Txaber Altube.
Basaurin, zemendiaren 27an: Aitor Bizkarra, Beñat Ugartetxea, Imanol Uria, Joseba Artza, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.
Larrabetzun, abenduaren 3an: Ander Elortegi, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Julen Erezuma, Mikel Goiriena eta Miren Amuriza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!