Bizkaian .eus domeinua indartzeko deia egin dabe Foru Aldundiak eta Eudelek
2016-11-04 11:21 Euskerea berbagaiUrtebetean, % 27 hazi da .eus domeinua Bizkaian. Interneten euskereari bidea zabaltzeko tresna indartsua da .eus, kanpainearen bultzatzaileek dinoenez.
Urte bi bete dira .eus domeinua interneteko erabiltzaileen esku dagoala. Dagoeneko 6.000 webgunek erabilten dabe .eus amaierea euren helbideetan eta hazten segitzen dau kopuruak. Interneten, euskerearen prestigioan eta erabileran eragiten dauela ikusita, .eus domeinua bultzatzeko bat egin dabe Puntu Eus Fundazinoak, Eudelek eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Ahalik eta enpresa, erakunde eta alkarte gehien .eus domeinura batzea da helburua, kontuan hartuta domeinu hori lortzeko baldintza nagusia webguneko edukinak euskeraz egotea dala.
Hurrengo asteetan hasiko da martxan kanpainea. Bizkaian .eus indartu nahi dogu, zehaztu dau Josu Waliñok, domeinua kudeatzen dauen alkarteko arduradunak. Horrek, interneten euskerearen erabilerea handituko dauela azaldu dau. Domeinua erabilten daben komertzio txikiak eta alkarteak eredu izango dira kanpainan, beste batzuk erakarri eta komunidadea zabaltzeko asmoz. Adibidez, Gili-Gili erropa-dendeak edo Nabarniz jatetxeak parte hartuko dabe. Harro dagozala erakutsiko dabe, .eus izateagaitik, dino Waliñok.
Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak azaldu dauenez, euskereak gizarteko alor guztietara zabaldu beharra dauka, baita internetera be: Sarea konkistetako unea da. Oraintsu kaleratutako Inkesta Soziolinguistikoak dakarrenez, Bizkaian gora egin dau euskeraz dakienen kopuruak, gero eta gehiagok erabilten dabe eta euskerearen aldeko jarrerea nagusi da. Bilbaok ohartarazo dau, baina, gazteen erabilera ohiturak teknologia barrietara lotuta dagozala eta, beraz, interneten egotea ezinbestekoa dala: Hor egon behar dogu, hizkuntzeak aurrera egitea gura badogu.
Lorea Bilbaok, Foru Aldundiaren izenean, dei egin deutse enpresa, erakunde eta alkarte guztiei .eus domeinua erabiltera. Erabili daigun, euskerea ezagunago egiteko, .eus-ek prestigioa eta erreferentzialtasuna emoten deutsaz euskereari interneten, adierazo dau Kultura diputaduak.
Josu Waliñok azaldu dauenez, .eus domeinuaren bilakaerea oso positiboa izan da azkenaldion. 2015etik 2016ra bitartean, munduko domeinu nagusi guztiek beherakadea euki dabe, hau da, webgune gehiago ezabatu ditue erregistrau baino. Euskal domeinuaren kasua bestelakoa da, % 18ko hazkundea izan dau urtebetean. Geratzeko heldu da .eus, indarrez, azpimarratu dau Waliñok.
Ganera, Bizkaian izan dau hazkunderik nabarmenena .eus-ek azken urtean. Webguneen kopuruak % 27 egin dau gora. Euskal Herri guztian hazkundea izan dogu, baina Bizkaian indartu da gehien, zehaztu dau Waliñok. Oraindino, .eus domeinudun webgune gehien Gipuzkoan dagoz, halandabe.
Euskereari onura garbia ekarten deutso .eus-ek, Waliñoren arabera. Izan be, badirudi .eus domeinudun webguneetan euskerea erabilteko jokerea askoz handiagoa dala, domeinuaren beraren baldintzek bultzatuta. Euskerearen arnasgune digitala dala esan dau Waliñok. Ganerako domeinuetan, bataz beste, Euskal Herriko webguneen % 20 baino gitxiagotan dagoz euskerazko edukinak (Bizkaian % 15) eta, .eus darabilenen kasuan, % 90aren bueltan dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!