Hemen dira VII. Letrak eta futbola jardunaldiak
2016-11-03 12:16 KultureaVII. Letrak eta futbola, literaturea eta futbola buztartzen dituan urteroko hitzordua, aurten zemendiaren 7 eta 12 bitartean San Mamesen egingo da.
Athletic Club Fundazinoak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Euskaltelen laguntzinoagaz batera, Letrak eta futbola jardunaldien zazpigarren edizinoa aurkeztu dau. Literaturearen eta futbolaren inguruko urteroko hitzordua, aurten zemendiaren 7 eta 12 bitartean San Mamesen egingo da.
Programa nagusian gaikako sei topaketa egongo dira eta futbola-literaturea hartu-emonen inguruko hainbat alderdi aztertuko dira. Aurten, konbidadu lez, ondoko idazle eta artistak izango doguz, beste batzuen artean: Philip Kerr, Héctor Abad Faciolince, Valerio Magrelli, Unai Elorriaga, Agustín Fernández-Mallo, Pablo Nacach, Jasone Osoro, Alaia Martin, edo Los Planetas taldeko abeslaria, Jota.
Jaialdian Roberto Ferroren Mr. Pichichi lana antzeztuko da San Mamesen kanpoaldean eta Athletic Irakurketa Clubaren beste edizino bat egingo da. Ekimen honetan, Athletic Clubeko jokalari eta teknikariek irakurketa proposamenak jasoko ditue eta horreetako bat onartu eta irakurketa clubean parte hartzeko konpromisoa hartzen dau. Aurten Eneko Bovesa, Gorka Iraizoz, Xabi Etxeita, Andere Leguina, Maite Lizaso, Alberto Iglesias eta Andoni Imazek hartuko dabe parte ekimen barritzaile honetan.
VII. Letrak eta futbola - Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.
Letrak eta Futbola ekimena barritzailea eta bakarra da Europan eta Athletic Clubek kirolaren alorrean kulturea sustatzeko egiten dauen apustua da, beste ekitaldi batzuekazin osotzen dauena: Thinking Football Film Festival (2017an, bosgarren edizinoa izango dauena) edo BertsoDerbia. Azken urteetan hainbat idazle egon dira gure artean, berbarako, Juan Villoro, Eduardo Mendoza, Eduardo Galeano, Manuel Vilas, Enric González, Bill Buford, David Trueba, Manuel Jabois, Joan Tallón, Jorge Valdano, Bernardo Atxaga, Sergi Pàmies, Ignacio Martínez de Pisón, Simon Kuper, Josep Ramoneda, Jordi Puntí, Kirmen Uribe, Ray Loriga, Hernán Casciari, Andrés Neuman, Amets Arzallus, Ander Izagirre, Martín Caparrós edo Eduardo Sacheri. Urtez urte jaialdia egonkortzen doa eta kulturea eta kirola abatzeari jagokonez erreferente bihurtzen dago.
Letrak eta futbola 2016 Athletic Club Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dabe Euskaltelen eta BBK aretoaren laguntzinoagaz. Era berean, Barcelo bidaiak eta Melia Bilbao Hotelaren lankidetzea be badauka. RBArena eta Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioaren Liburuaren Behatokiarena be bai, eta antolatzaileek horreen guztien laguntzinoa eta babesa eskertu nahi ditue.
Xabi Etxeitaren liburua
Xabi Etxeitak, Athletic Irakurketa Clubaren barruan, Hector Abad Faciolinceren El olvido que seremos liburua aukeratu dau. Biak egongo dira datorren zemendiaren 10ean, 18:00etan Bizkaiko Foru Liburutegian egingo dan topaketan, beste irakurle batzuekaz batera liburuaren ganeko barriketaldian.
El olvido que seremos (Seix Barral, 2006) Kolonbiako Hector Abad Faciolinceren liburu ezagunena da. Aitaren figureari egindako maitasun adierazpena, intrasigentziaren eta indarkeriaren kontra egiten dauen bitartean. Bere aitaren, doktorea eta Kolonbian giza eskubideen aldeko aktibistea zan Hector Abad Gomezen, hilketa gertatu zanetik hogei urtera idatzita dago, paramilitarrek hil eben. Abad Faciolincek familiaren eta Kolonbiako indarkeriaren kronikea idatzi eban, eta bertan aitarenganako maitasuna danaren gainetik dago.
Topaketan parte hartzeko izena emon behar da, fundazioa@athletic-club.eus helbidera mezu bat bialduta. Lekuak mugatuak dira eta izena emoteko ordenaren arabera esleituko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!