Arabako La Leze gaztantadegiko gaztaia da Euskal Herriko Artzai Gaztai onena

Bizkaie! 2016-11-02 09:34   Jan edanak

Artzai Gaztai Alkarteak antolatzen dauen lehiaketan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 40 gaztaigilek parte hartu dabe danetara, aurrez euren lurraldeko kanporaketetan sailkatu ondoren.

Euskal Herriko Artzai Gaztai onena aukeratu dabe Idiazabalen astegoienean. Artzai Gaztai Alkarteak antolatzen dauen lehiaketan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako  
40 gaztaigilek parte hartu dabe danetara, aurrez euren lurraldeko kanporaketetan sailkatu
ondoren.  

Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdiaren atarian jakin da aurten
Euskal Herriko Artzai Gaztai  onena zein da. Egun gitxi barru, ostera, Artzai Gaztai alkartearen eta World Cheese Awards-en eskutik, munduan, aurten, ospatuko dan gaztai ekitaldi garrantzitsuena Donostiara helduko da. Hiru egunez, zemendiaren 16an, 17an eta 18an, Kursaal   Jauregia gaztaiaren erdigunea izango da munduko toki desbardinetako 3.000 gaztai baino gehiagori eskuak zabalduta.

XXXIII. Euskal Herriko Artzai Gaztai Txapelketearen irabazlea, aurten Arabako La Leze gaztandegia izan da. Epaimahaiak, aurkeztutako gaztai guztiak probau ondoren emon dau jakitera txapeldunaren izena. Irabazlea Nazinoarteko ekitaldietan Artzai Gaztaiaren ordezkari izango da.

La Leze gaztandegi irabazleak, Artzai Gaztai Kaikua, txapela eta 1.000 kilo pentsu
eroan ditu etxera. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, barriz, Nafarroako Ricardo Remiro eta
Gipuzkoako Mausitxa gaztandegia izan dira.

Publikoak laugarren sari bat emon deutso Gipuzkoako Goienetxe gaztandegiari, salmenta   postuetako gaztairik onenaren saria.  

Txapelketea Artzai Gaztai Alkarteak eta Idiazabalgo Udalak antolatu dabe HAZIren, Eusko
Jaularitzearen, Laboral Kutxaren, Kutxabanken, Divaren, Unamuno pentsuak etxearen, Amporen
eta Jakitea alkartearen laguntzinoagaz.

Era berean, lehen aldiz, Laboral Kutxak eta Artzai Gaztak, finantza hitzarmen bat
sinatu dabe; akordioak Artzai Gaztako artzainen finantza egoerea hobetzea dau helburu. Javier
Kortajarena, Laboral Kutxako lurralde zuzendariak, eta Pablo Basterrak, Artzai Gaztako
lehendakariak, sinatu dabe hitzarmena.  

Bestalde,  Pablo Basterra, Artzai Gaztako lehendakariak, alkartearen babes osoa dabela
adierazo deutse Aralarko artzainei egun bizi daben egoera kritikoaren aurrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu