Jose Luis Treku: 'Oskarbiren haria ez da sekula eten'

Koldo Isusi Zuazo 2016-10-31 08:25   Barriketan

Oskarbi taldeko kidea

Oskarbi taldeak 1966ko zemendian emon eban lehenengo kontzertua eta, beraz, aurten 50 urteko ibilbidea osotuko dabe. Mendira naiz izenburuko diskoa plazaratu barri dabe urteurrenaren harian eta taldearen ibilbideko hamaikagarrena da: 1969ko disko txikia, Abesti zaharrak eta berriak (1970), Eskutari (1972), Olentzero (1975), Hitz urri batzuk (1975), Euskara eta txakolina (1980), Esperantzari leiho bat (2004), disko bikotxa, Xirimiri (2012) eta Mendira naiz (2016).


1.- 1984. urtean taldeak agur esan eutsen zaleei eta hortik aurrera, Oskarbik oso tarteka eskaini ditu emonaldiak. Orain, ostera, kantu barriz osotutako diskoagaz zatozie eta kontzertuak emoteko amesagaz. Taldea bizirik dago? Ze asmo dozue?

Azken urteotan bizirik dago, bai; pentsaizu 84tik aurrera bost disko argitaratu doguz eta nahikoa adierazgarria da hori. Tarteko etenak eta aparte itxita, 90ean hasi ginala barriro esan daiteke, astiro, kontzertu bereziak egiten eta. 2000. urtetik aurrera, barriz, kontzertuak emon izan doguz han eta hemen, ez lehenago moduan baina bai, Oskarbi bizirik dago eta urte batzuetan egongo da, ezusteko handirik ez bada.


2.- Herri kantutegia eta taldeak berak sortutako abestiak izan dozuez ardatz baina beti be euskal tradizinoari modernidadea erantsiz...

1966an Oskarbi sortu zanean, euskal kulturgintzan ez egoan gauza handirik eta kantugintzan koruak eta otxoteak edo zortzikoteak baino ez egozan; guk aurrera pausua emon gura izan genduan, egoera hori irauli eta gu geu be koruetatik bagentozan be, hasi ginan harmoniak, ahotsak, inprobisazinoak lantzen eta musika jokera eta estilo desbardinakaz esperimentazinoan, bide barriak urratzen, berbarako, jazza, gospela eta doinu barritzaileak euskal tradizinoagaz buztartzen.  


3.- 1968an, Koldo Romerok sortutako 'Gazteak gera' doinu saritua zentsuratua izan zan. Zelakoak izan ziran Ez Dok Amairuren parte izan zinieneko sasoi hareek?

Kantetan hasi eta jarraian, geu baino urtebete lehenago edo hasitako Ez Dok Amairukoakaz alkartu eta egin euskuen konbita onartuta jaialdi, kantaldi eta holakoetan batzen ginan. Lau urtean ibili ginan eurekaz Euskal Herri osoan kantuan. Momentu horretan, erantzukizun bi geunkazan; batetik, Ez Dok Amairuren dinamika propioa eta, bestetik, Oskarbi taldearen aparteko jarduna. Gero, jakina, frankismoaren eta zentsurearen sasoia be bizi izan genduzan, ez gara atzo jaiotakoak...


4.- Orduko eta gaurko helburuak ez dira bardinak izango...

Ez. Lehen dana egoan egiteko, susperraldia be bizi izan genduan eta kantagintzea jenteari erakustea zan helburua, doinu eta berba herrikoiak geure erara eskaintzea; horri gaur egun be ekiten deutsagu baina gaur egun, barriz, jenteak zeozer gehiago eskatzen deutsu, kontauezinezko talde, estilo eta jokerak dagoz eta jenteari berezitasuna, kalidadea eskaini behar jako.


5.- Ahotsaren indarra nabarmendu da Oskarbiren kantuetan eta Mendira naiz disko barria be korala ei da. Zelako kantuak topauko doguz lan barrian?

Betiko eskemeagaz jarraituz, poema barriakaz egindako kantuak, berbarako, Mendira naiz; Marinela kantua be bai, Txalaparta be bai, hau kantata bat da, esperimentala, barrikuntzea egia esateko, txalapartea, ahotsak eta bestelakoak sartu doguz hor. Ganerakoak dira, Gandiagaren poema bat: Bai, bai baina gero ez; gero, Oteizak egin eban letra bat baina diskora batuta egon ez dan bat. Nik neuk egindako poema bat be sartu dogu eta Lapurdiko J.B. Tamusarriren poemak, XIX. mendekoak. Horrexek topauko dozuez disko barrian.


6.- Mendira naiz disko barria Ondarroan aurkeztu zenduen oraintsu zuzenean Beikozinin. Zelako harrerea izan zenduen?

Oso ona. Jenteak harrera beroa egin euskun. Ondarroan hamar bat aldiz izan gara kantaldiak eskaintzen, azken aldia 80ko hamarkadearen inguruan eta bageunkan gogoa bueltetako. Geu txaloka hasi eta jentea be berotu egin zan eta gure lineatik apur bat aldentzen bada be, mendiaren gorazarre lez egindako kantuagaz gozau genduan: Mendira naiz, bidea naiz, iritsi naiz, ase naiz... Pianoaren eta ahotsaren laguntzaz kantu ederra da.


7.- Hurrengo kantaldiak dozuez Urretxun, zemendiaren 13an; Pasai San Pedron, Durangoko Azokan, Ahotsenean, abenduaren 4an, eta Donostian, abenduaren 18an...

Bai. Urretxun, hilaren 13an; Pasai San Pedron, 18an; Durangoko Azokan gero, abenduaren 4an eta abenduaren 18an, barriz, Donostiako kantaldia berezia izango da. Lehenengo zatian, eszenografia landu bat tarteko dala, Oskarbi taldean ibili izandako guztiak gogoratuko doguz, hasi 1966an eta oraintsura arteko historia; bigarren zatian, barriz, disko barriaren aurkezpena egingo dogu.


8.-  Oskarbik ibilbide luzean emondako kontzertuen artean bateren bat nabarmenduko zeunke? Akaso Bilboko La Casillan Joan Manuel Serrategaz emondakoa edo 2000. hamarkadan Quebeck, Argentina eta Uruguain egindako kantaldiak...

Galdera gatxa. Bai, horreek ondo gogoan daukaguz baina, pentsaizu 600 bat kontzertu emon doguz eta bat aukeratzea benetan be oso gatxa da. Baina beharbada Donostiako Belodromoan 1976ko 24 Ordu Euskeraz kantaldia nabarmenduko neuke; ez geure kantaldia beren-beregi, baina jente asko batu ginan taulan eta milaka ikus-entzuleren aurrean, momentua oso ederra eta gogoangarria izan zan, 12 mila lagunen aurrean kantau genduan eta hori ez da erraz ahaztuten.  


9.- Taldearen ibilbidean kideen joan-etorria izan da eta oso oker ez bagagoz Antton Valverde bera be Oskarbiko kidea izan zan... Gaur egun zenbat zarie taldean?

Orain 10 gara, oholtzan 10, sekula baino gehiago. Sei ahots eta sei musikari zeozelan esateko; ahotsetan edadekoak gagoz eta musikariak, barriz, gazteak dira, gazteagoak [Barreka].


10.- Euskal musikearen munduan beteranoenak zarie Oskorri eta Benito Lertxundigaz batera. Zer gogoeta eragiten deutsu horrek?

Bizirik gagozanon artean, Benito eta geu gara bakarrak. Oskorri taldeak 40 urtetik gora egin ditu baina gu 50era heldu gara aurten. Eta horrek eragiten deusten gogoetea da Oskarbiren haria ez dala eten, beti gustau jaku kantugintzea eta isiluneak, kideon joan-etorria, etenak eta izan arren, beti ibili gara alkarregaz eta hartu-emonak ez doguz sekula galdu.  

 
11.- Musikagintzearen industrian, diskoetxeen jardunean eta ze gorabehera igarri dozue azken urteotan?

Jakina. Aldaketa teknikoak, teknologikoak, 6-8 pista erabilten genduzan lehen, orain, barriz, aukera tekniko guztiak dagoz. Bestetik, baliabideak eta asko aldatu dira, orain urteak, bigarren diskoa grabetan Bartzelonara joan ginan eta hegazkinez egin genduan bidaia, nahi beste denpora hoteletan egon ginan... Gaur egun, dakizunez, ezer baino lehen diskoa pagau egin behar da eta gero argitaratu. Nabarmen aldatu dira gauzak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu