'Egunero alkarregaz' lelopean, Mungian egingo dabe 2017ko Ikastolen Ibilaldia
2016-10-27 12:26 Euskerea berbagaiLarramendi Ikastolearen 50. urteurrena ospatuko dabe Ibilaldian, maiatzaren 28an. Bost hamarkadako lanaren ondarea jaso eta Mungiara eta inguruko herrietara zabaldu gura dabe.
1998an Erdu geugaz lelopean egindako Ibilaldia izan zan azken hitzordua Mungian. Larramendi Ikastolearen mende erdia ospatzeko asmoz, barriro bueltauko da herri horretara Bizkaiko ikastolen jaia, 2017ko maiatzaren 28an. Egunero alkarregaz izango da leloa oraingo honetan. Egunean-egunean alkarlanean egindako lana etorkizuneko hezkuntzearen oinarri izatea da helburua.
Orain hasi eta maiatzera arte, Ibilaldiagaz lotutako jarduerak egitea da asmoa, jaiaren helburuak Mungia guztira eta eskualdeko herrietara eroateko asmoz. Leloak dinoan legez, eguneroko hori da inportantea, Ibilaldia ez da egun bakarra, azaldu dau Aitor San Millan 2017ko Ibilaldiko dinamizatzaileak.
Ganera, Ibilaldia bera Mungian antolatuko dan arren, eskualde guztiak parte hartzea nahi dabe. Larramendi Ikastolea handia da, eskualde osoan da erreferentzia, dino San Millanek. Euskerearen aldeko mezua zabalduko inguruko herri guztietan, 50 urtez egin daben modu berean: Azken finean, ikastolak, herria eta euskerea bat datoz.
Ibilaldiaren beste edizino batzuetan edo ikastolen aldeko beste jai batzuetan pasetan danaren kontra, oraingo honetan ez dago helburu materialik. Hau da, maiatzaren 28an batzen dan dirua ez da izango eraikin barriren bat egiteko edo azpiegiturak hobetzeko. Guk eraikin asko daukaguz, alde horretatik ez dogu beharrizanik, azaldu dau Aitor San Millanek. Beraz, lortutako baliabideak ikastolearen eskaintzea hobetzeko erabiliko ditue: Kalidadean sakondu gura dogu, etekina hori izango da.
Horrezaz gan, Ibilaldiak badaukaz beste helburu batzuk, euskerearen eta kulturearen sustapenagaz lotuak. Ikastolen proiektua ezagutzera emotea, Ibilaldiaren eragin positiboa Mungialdera eroatea, euskal kulturea urte guztian erakargarri egitea, ikasleak proiektuaren parte sentidu daitezala lortzea eta abar, helburu asko aitatu ditue antolatzaileek.
Mende erdiko ibilbidea eguneroko lanagaz lortu dabela azpimarratu dabe Larramendi Ikastolako arduradunek. Ibilaldia be modu horretara antolatu nahi dabe, eguneroko beharrean oinarrituta. Hori azaltzen dau leloak, Egunero alkarregaz.
Jaiaren irudi edo logotipoa, ostera, etorkizunari egindako keinua da. Kostaldean erabilten diranen moduko traola baten marrazki koloretsua da 2017ko Ibilaldiaren irudia, baina Larramendi Ikastolakoek gaur egun dauen esangureari begiratu deutsie. Hau da, sare sozialetan erabilten dan traola. Modernizetako gogoa dogu, etorkizunera begira gagozala adierazo gura dogu, dino Aitor San Millanek. Logotipoan agiri dira, ganera, L eta I letrak, Larramendi Ikastolearen siglak hain zuzen.
Helburuak zehaztuta, maiatzeko hitzordua biribila izateko lanean segiduko dabe Mungian. Egitarau zehatzaren barri aurrerago emongo dabe. Ikastolearen 50. urteurrena ospatzeko aproposa izango da Ibilaldia. 1967an sortu zan Escuela Parroquial Larramendi izenagaz eta, hasikeran zazpi ikasle eta irakasle bakarra ziran arren, laster hasi zan hazten. Gaur egun, 0 eta 18 urte bitarteko mila ikasle inguru dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!