Biba gune kultural barria sortu dabe Bilboko Erronda kalean
2016-10-27 08:51 KultureaSortzaile hasibarriei eta euskal kultureari lekua egiteko ipini dabe martxan proiektua. Inaugurazinoa, gaur 20:00etan.
Bilboko eragile kultural eta herritar batzuek sortu dabe Biba gunea, uriaren eskaintzan hutsunea dagoala jaubetu dira eta. Modu herrikoi, edegi eta parte-hartzailean eroan nahi dabe egitasmoa aurrera, alkarlanaren bidez.
Bibaren bultzatzaileek azaldu dabenez, Bilbon badagoz azpiegitura kultural handiak baina, sarritan, sortzaile apalagoak edo hasibarriak zirkuitu horretatik kanpo geratzen dira. Era berean, euskal kulturarako espazioak falta dirala uste dabe. Desorekea be sumatu dabe eskaintza kulturalean, erdigunearen alde eta auzoen kaltetan. Hartara, jenteari lekua egiteko gunea izango da Biba, alkargune fisiko bat.
Erronda kaleko 2. zenbakian dago Biba lokala, Bilboko Zazpi Kaleetan. Tabernea egunero egongo da zabalik, goiz eta arratsalde, baina helburu nagusiak programazino kulturala eta sormenari bultzadea emotea izango dira. Oraindino, Bibaren proiektua ez dago guztiz zarratuta, baina idea asko darabilez buruan: Sortzaileen arteko sarea izatea, formakuntzarako guneak eukitzea, urtero lan bat plazaratzea...
Eguen iluntzeetako egitaraua izango da Bibaren ardatzetako bat. Zuzeneko emonaldiak sartuko dira programazino horretan. Esaterako, zemendiaren 3an Hutsa bikote akustikoaren kontzertua antolatu dabe, 10ean Mikel Markezen irakurraldi dramatikoa, Izareren poesia musikatua 17an eta bertsolariak 24an (Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita). Eguenetatik kanpora be egongo da Bibara hurreratzeko atxakiarik: zemendiaren 11n, barikua, Josu Bergarak joko dau Erronda kaleko lokal barrian.
Inaugurazino egunerako be ekitaldi berezia preparau dabe. Beren-beregi egun honetarako sortutako pieza bat estreinauko da Biban. Arratsaldeko 20:00etan izango da ekitaldi hori, gaur, urriak 27. Herritar guztientzat zabalik egongo da, beraz, gaurtik aurrera, Biba gunea. Holako leku baten beharra egon dala igarri dabe bultzatzaileek. Hainbat eragile eta artistak txalotu egin dabe proiektua egunotan.
Biban antolatuko diran ekitaldi gehienak euskeraz izango dira, hizkuntza horri lehentasuna emongo deutsie eta. Izan be, Euskal Herrian eta euskeraz egindako eskaintza kulturalari ikusgarritasuna emotea da Bibaren asmoetako bat. Halandabe, edozein proposamen aztertzeko prest dagoz, baita erderazkoak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!