Donostiako Protokoloaren dokumentua zarratu eta gizarte eragileen atxikimenduak batuko ditue orain

Bizkaie! 2016-10-26 08:37   Euskerea berbagai

Hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharreko 180 neurri jasoten ditu Protokoloak.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Talde Antolatzaileak azken bilerea izan dau gaur Donostiako San Telmo Museoan. 2015ko martiaren 31n hasitako ibilbidea amaitutzat emon dau eta orduan hartutako konpromisoak bete egin dirala adierazo dau eguerdian eskainitako agerraldian. Proiektuaren sustatzaileak han izan dira eta euren izenean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Xabier Paya Donostia 2016ko kultur programaeren zuzendariak hartu dabe berbea, Talde Antolatzaileko ordezkariagaz batera, ibilbidearen balantzea egiteko.

Xabier Payak adierazo dau Protokoloak Kultur Uriburuaren proiektuen lan egiteko modurari erantzun deutsola; Gizarte osoa inplikau da Protokoloa eratzeko prozesuan, herritarrak, gizarte eragileak, akademia eta erakunde publikoak. Gizarte eragileek bultzatu dabe ekimena, eta bai eurek, bai herritarrek berebiziko ekarpenak egin ditue dokumentua osotzeko; akademia eta zenbait arlo profesionaletako kideakaz osotutako adituen batzordeak Protokoloaren pertinentzia, zehaztasuna eta bideragarritasuna bermatu ditu; eta Donostia 2016 Fundazinoa sortutako administrazino publikoen finantziazinorik barik ezinezkoa izango zan holako lanik amaitzea urte honen amaierarako.

Ganera, Payak azpimarratu dau Protokoloa laguntzen dagoala eleaniztasunaren auzia nazinoarteko ikuspegitik ulertzen: Europako Kultur Uriburu legez, euskerearen aldeko lana Europako testuinguru eleaniztunean kokatzen lagunduko dau Protokoloak. Uriburutzearen legatuaren parte izango da, Europak bere hiztun guztien eskubideak bermatuko dituan orekea bilatzeko aldarri eraginkorra: Donostiako Protokoloa. Aitatu dau Donostiako Protokoloa osotzeko bide horretan eragileen arteko hartu-emonak eregi eta sendotu dirala: Hizkuntz eskubideen defentsan zelan edo halan dabize hainbat hizkuntz komunidaderen arteko sarea trinkotzeko balio izan dau Protokoloaren sorkuntza prozesuak eta argi itxi dau eleaniztasunaren kudeaketa egokia Europako bizikidetzea hobetzeko ezinbesteko berbagaia dala.

Paul Bilbaok adierazo dau ia bi urteko ibilbidea oso oparoa izan dala eta Talde Antolatzaileko erakundeek egindako lana eta proiektuari emondako babesa eskertu ditu. Bere berbetan, eurak izan dira gizarte eragileakan sinistu dabenak eta euren ahalduntzea ahalbidetu dabenak. Goraipamen berbak izan ditu baita be Protokoloan lanean ibili dan Batzorde Zientifikoaren maileagaitik.

Orain, Protokoloa eskutan, Europako Gizarte eragile guztiei itzuliko jakela adierazo dau dokumentura atxiki daitezan eta horregaz benetako balioa hartu daian. Izan be, Paul Bilbaok ziurtatu dauenez, Protokoloak Hizkuntza eskubideen alorrean dabizen eragileei zoru komun bat eskaintzen deutse guztiek norabide bardinean aurrera egin deien. Paul Bilbaok espero dau ekarpen barri honek ibilbide oparoa izatea eta Donostiako Protokoloa Europako eragile guztientzat lan tresna baliogarria izatea.

Talde Antolatzailearen izenean, Tommaso Nodarik hartu dau berbea eta azaldu dauenez, Talde Antolatzailearen betekizuna, prozesu parte-hartzaile bat martxan jartea izan zan, hizkuntza gitxituen berreskurapenaren alde lan egiten daben Europa osoko gizarte eragileen ekarpenak kontuan izanik. Dokumentu bat osotu behar genduan desabantaila egoeran dagozan hizkuntzei bardintasun egoerara heltzeko neurri zehatzak proponiduta, bakea eta alkarbizitzarako ekarpena egingo ebana, hizkuntza komunidadeak eta gizarte eragileak protagonista izango zituana.

Horrezaz gan, Talde Antolatzaileak gizarte eragileen ekarpenei formea emon eta Protokolo bilakatuko eban Batzorde Zientifikoa osotu eban eta aurreko astean amaitu eban bere lana.

Tommaso Nodariren eretxiz, helburuak bete egin dira eta orain gure eginbeharrak ziranak emoitzak dira. Gure funtzinoa zana bete dogu eta poz handiz, gizarte eragileen esku ixten dogu eurena dana.

Honegaz batera, abenduaren 17an, Protokoloaren aurkezpen ekitaldian izango dirala iragarri dabe eta bertan parte hartzeko deia luzatu deutse Europa osoan hizkuntza gitxituen alde dagozan norbanakoei eta norabide honetan lanean dabilzan talde eta erakundeetako ordezkariei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu