Basque Ultra Trail Series zirkuituak Hego Euskal Herriko lau uriburuak lotuko ditu

Bizkaie! 2016-10-24 10:45   Kulturea

Sheve Peñak 1953an eginiko Lau Katedralen Martxa ibilaldian oinarritzen da zirkuitua, eta zabalik dago elitekoentzat nahiz probea erronka personaltzat hartuta amaitzea beste helbururik ez dabenentzat.

Bilboko Zabalgune Eraikinean aurkeztu dabe egunotan Basque Ultra Trail Series izeneko probea, besteak beste, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotzia, Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailburuordeak eta Asier Alea Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo-Sustapeneko eta Turismoko Zuzendari Nagusia tarteko zirala.



Hego Euskal Herriko lau uriburuak ultra traileko zirkuitu barri honen abiapuntu eta helmuga izango dira 2017an: Basque Ultra Trail Series (BUTS), hori da erronkearen izena eta lau urien arteko probak muturreko modalidade honetako egutegian sartuko dira datorren urtean. Beraz, zirkuituak lau lasterketa edo etapa izango ditu, zezeiletik urrira bitartean, eta Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñea lotuko ditu. Berebiziko kirol-erronkea izango da mendian korrika egitea maite dabenentzat, ultra distantziako proba horreetan 78 tontor igoko baititue, Euskal Herriko mendirik esanguratsuenak tartean dirala.

Lehen aldia da Euskadiko eta Nafarroako erakunde guztiek alkarregaz parte hartzen dabena kirol hutsaz harago doan holako egitasmo batean, izan be, zirkuitu honek, kirola ez eze, lurraldeen aberastasuna, kulturea, turismoa eta ondarea be sustatzen ditu. Esangura horretan, Basque Ultra Trail Series zirkuituak naturearen eta kirolaren berezko balioak buztartzeko asmoa dauka, eta, aldi berean, lau uriburuek eta lurralde historikoek natura, paisaje eta kultura aldetik daben aberastasuna be sustatu nahi dau.

Horretarako, antolakuntzeak arreta berezia jarri dau lasterketeak naturan izan leiken eragina ahalik eta gehien murrizteko, eta horretarako, ingurumenaren ganeko eragin horren auditoria egingo dau eta partaideek nahiz antolatzaileek eurek lasterketetan sortutako hondakinen kontrol-neurri zorrotzak ezarri ditu.

Partaideen kontrola eta segurtasuna bermatuta egongo dira beti, jantzietan eta ekipoan derrigorrez eroan beharreko satelite bidezko posizionamenduko (GPS) txip eta balizen bidez; era berean, lasterketa osoan zehar momentuan bertan non dagozan jakiteko aukerea emongo dabe gailu horreek.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu