Katixa Agirrek irabazi dau Augustin Zubikarai saria

Bizkaie! 2016-10-21 11:33   Kulturea

Agirrek Amek ez dute idazten nobelearen proiektuari esker irabazi dau lehiaketea. Elkar argitaletxeak eta Ondarroako Udalak antolatzen dabe urtero Augustin Zubikarai saria.

Aurtengo deialdira hamazazpi lan aurkeztu dira eta epaimahaiak Katixa Agirreren proposamena aukeratu dau. Urriaren 27an emongo deutsie saria idazle gasteiztarrari, Ondarroako Literatur Amuak jardunaldiaren barruan. Sariketako epaimahaian Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Ana Urkiza egon dira.

Amatasunaren eta sorkuntza artistikoaren arteko loturea aztertzen dau Katixa Agirrek Amek ez dute idazten nobelan. Horretarako, detektibeen nobeletako ezaugarridun hari bat erabilten dau: andra batek bere ume txikia hilten dau, agiriko arrazoi barik, eta kasu horrek jakinmina eta ezinegona sortzen deutsoz protagonisteari. Idazlea eta ama da nobelako protagonistea. Oraingoz, proiektua baino ez da nobela hori, baina Augustin Zubikarai bekeari esker amaitu eta argitaratu ahal izango dau Agirrek.

Gasteizen jaio zan Katixa Agirre eta doktoretzea lortu eban EHUn, ikus-entzunezkoen arloan. Idazlea ez eze, irakaslea da. Sua falta zaigu eta Habitat ipuin-liburuak idatzi ditu, baita Atertu arte itxaron nobelea be. Horrezaz gan, ume eta gazteen literaturako liburu ugari argitaratu ditu Agirrek, esaterako, Amaia Lapitzen saila.

Honen aurretik, sari ugari irabazi ditu Agirrek: Ernestina de Champourcín poesia lehiaketea lehenengo, Emakumeak Kontari ipuin lehiaketea gero eta Igartza sari ospetsua 2007an. Habitat liburua, hain zuzen, Igartza sariaren emoitzea da. 111 Akademiaren saria be emon eutsien 2015ean.

Augustin Zubikarai sariak hamarkada eta erdi pasautxuko ibilbidea bete dau. Lehenengo bederatzi edizinoetan nobela laburren lehiaketea izan zan. 2010etik, ostera, nobelak sortzeko beka bat da. Laguntzino horri esker argitaratu dira Joxean Agirreren Zwei Frauen (Bi emakume), Itxaso Araqueren Damutzen ez direnak, Garbiñe Ubedaren Hobe isilik?, Garazi Kamioren Orube abandonatuak eta Jasone Osororen 12etan bermuta. Miren Gorrotxategiren 33 ezkil bidean da eta Katixa Agirreren Amek ez dute idazten batu da zerrendara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu