Euskadi sariak, Luis Garde, Xabier Olarra eta Gabriela Ybarrarentzat

Bizkaie! 2016-10-19 11:01   Kulturea

Euskerazko literaturan arloan, Luis Garderen Ehiztariaren isilaldia saritu dabe; gaztelaniazko literaturan, Gabriela Ybarraren El comensal; eta euskarazko literatura itzulpenaren sailean, Xabier Olarraren Ulises.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2016ko Euskadi Literatura sarien irabazleak iragarri ditu gaur, euskerazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskerazko literatura itzulpenaren sailetan.

Euskerazko literaturearen arloan, Luis Garderen Ehiztariaren isilaldia (Pamiela) saritu dabe; gaztelaniazko literaturearenean, Gabriela Ybarraren El comensal (Caballo de Troya); eta euskarazko literatura itzulpenaren sailean, barriz, Xabier Olarraren Ulises (Igela). Bakotxak 18.000 euroko saria jasoko dau, eta 4.000 euro gehiago, lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Luis Gardek (Iruñea, 1961) Ezkaba mendiko San Kristobal kartzelan 1938an izandako igesaren inguruko narrazinoa egin dau Ehiztariaren isilaldia lanean. Jon Kortazar buru izan dauen epaimahaiaren eretxiz, liburu aberatsa da, sakona eta gogorra, irakurlearen kontzientzia astintzen dauen urruneko sarraski lazgarriaren memoria etiko hurbila.

Gabriela Ybarra (Bilbo, 1983) gaztelaniazko literatura saileko irabazlea, barriz, heriotzeagaz eta familiagaz dituan hartu-emonak ulertzen ahalegindu da eta, horretarako, jazoera bi aztertu ditu: batetik, 1977an, ETAk bere aitita hil izana eta, bestetik, 2011n, bere ama minbiziaren ondorioz hil zanekoa.

Euskerazko literatura itzulpenaren arloan, Xabier Olarra (Tolosa, 1953) itzultzailea saritu dau Juan Garzia Garmendiak gidatutako epaimahaiak; ez zan dema makala James Joyceren 'Ulises' monumentala euskerara ekartea, baina auzo-erderetako bersinoak bardintzen eta tarteka gainditzen dituan egokitasun miragarri batez emona jatorku itzulpen honetan.

Pasa dan astean, ganerako ataletako saridunak iragarri zituen: euskerazko saiakerearen arloan, Mitxelko Uranga izan da irabazlea, Tartaroa. Mina, boterea eta egia lanagaitik; euskerazko ume eta gazte literaturearen sailean, Uxue Alberdirentzat izan da saria, Besarkada Maite Gurrutxagagaz batera eginiko liburuagaitik. Literatura lanen ilustrazinoa atalean, barriz, Mikel Casal Patiñok eskuratu dau saria. Media Vaca argitaletxearen Así es la dictadura liburuko irudiak egin ditu. 1977an idatzitako liburua da hori eta, beste hirugaz batera, serie baten parte da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu