Euskadi Literatura Saria, Mitxelko Uranga, Fernando Mikelarena, Uxue Alberdi eta Mikel Casalentzat

Dabi Piedra 2016-10-13 11:42   Kulturea

Euskerazko saiakerea, gaztelaniazkoa, euskerazko ume eta gazte literaturea eta literatura lanen ilustrazinoa ataletan saritu ditue, hurranez hurran.

Fernando Mikelarena, Mitxelko Uranga, Joxean Muñoz, Uxue Alberdi eta Mikel Casal | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak aurtengo Euskadi Literatura Sarietako lau arlotako saridunen izenak jakitera emon ditu, Bilbon egindako ekitaldian. Gure sorkuntzeak lekua izatea nahi dogu, adierazo dau Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Ez da erraza irabazlea aukeratzea, sormen lana neurtzea gatxa dalako, baina urtero gure autore batzuen lana nabarmentzea ondo dago, ganeratu dau. Epaimahaia ezagutza handiko adituek osotuten dabela dino Muñozek eta horrek balioa emoten deutsala sariari.

Euskerazko saiakerarik onenaren saria Mitxelko Uranga Alvarez berangoztarrak irabazi dau, Tartaroa. Mina eta boterea lanagaitik (Pamiela). Autoreak berak azaldu dauenez, mitologia aldarrikatzeko asmoz idatzi dau liburua: Gaur egun, mitologia istorioen bilduma hutsa dala zabaldu da, baina uste dot gizartea aztertzeko baliogarria dala oraindino. Bestetik, gizarteari kritikea egiteko helburua be izan dau, ulertzeko moduko estilo bat erabilita. Ni irakaslea naz Batxilergoan eta nire ikasleak gogoan izanda idatzi dot, azaldu dau Urangak.

Gaztelaniazko saiakerearen saria, ostera, liburu latz batek irabazi dauela azpimarratu dau Joxean Muñozek. Fernando Mikelarenaren Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 liburuan (Pamiela), Gerra Zibilaren sasoiko errepresinoa eta hilketak aztertzen dira. Francoren aldekoek egindako gehiegikeriak agirian ixten dira, izan be, Mikelarenak azaldu dauenez, Nafarroan errepresinoa itzela izan zan. Nafarroako garbiketa politikoa erakusteko idatzi dot, dino Berako ikerlariak, 80 urte pasau dira eta oraindino gauza asko ez dakiguz. Hamarkada askoan isilpean gorde diran gertakariak argitara ekarteagaitik eta memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanagaitik saritu dau epaimahaiak.

Euskerazko ume eta gazte literaturako saria Uxue Alberdik idatzitako Besarkada albumak (Elkar) irabazi dau. Elgoibartarraren testuakaz batera, Maite Gurrutxagaren ilustrazinoak dakarz liburuak. Sentimenduak azaleratzeko liburua dala nabarmendu dau Joxean Muñozek. Koplatan idatzi dau testua Alberdik, Mikel Laboaren Sorterriko koplak abestiaren doinuan abesteko. Orain dala bost urte idatzi nituan koplak eta igaz pentsau neban hor zeozer polita egiteko materiala egoala, dino Alberdik. 

Amaitzeko, Literatura lanen ilustrazinoa atalean, Mikel Casal Patiñok eskuratu dau saria. Media Vaca argitaletxearen Así es la dictadura liburuko irudiak egin ditu. 1977an idatzitako liburua da hori eta, beste hirugaz batera, serie baten parte da. Bertako gaiak gaur egun berreskuratzeko modukoak zirala eretxita, barriro argitaratu dira liburuok, azaldu dau Casalek. Umeei diktadurea zer dan irudien bidez azaltzea ez dala erraza onartu dau, baina umorea erabili behar dala uste dau.

Lau sarituetako bakotxak 18.000 euro jasoko ditu, eta beste 4.000 bere liburua beste hizkuntza batera itzultzen bada. Datorren astean, euskerazko eta gaztelaniazko liburu onenen eta itzulpen literariorik onenaren Euskadi Sarien barri emongo dau Eusko Jaurlaritzeak. Zemendiaren 17an izango da sariak banatzeko ekitaldia, Donostiako San Telmo museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu