Hemen da V. Euskerearen Ginkana

Bizkaie! 2016-10-18 12:11   Euskerea berbagai

Izena emoteko epea urriaren 17tik abenduaren 3ra izango da; webguneko formularioa beteteaz gan, talde bakotxak bere burua eta babestu nahi dauen euskerearen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean.

Kutxa Ekoguneak euskeraz eta euskereagaz dibertiduteko antolatzen dauen lehiaketea da Euskerearen Ginkana, aurten be Azkue Fundazinoagaz alkarlanean egingo dauena. Erakunde biek euskerea sustatzeko daben konpromisoan bat egin eta hizkuntza praktika ekologikoak sustatzea dabe helburu. Bosgarren edizino honetan be, Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketearen koordinatzailea.

Bost urteko ibilbidea dauen proiektua da Euskerearen Ginkana eta urtez urte, Kutxa Ekoguneak eragile eta kolaboratzaile desbardinakaz batera, euskerea erdigunean izanik, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasuna gaiak landu izan ditu.

Euskerearen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiagaz lotutako taldeen artean zabaldu dan lehiaketea da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik, Euskal Herri osora zabaldu dana. Bilakaera honen lekuko dogu gaurko aurkezpen ekitaldia: Bilbon, Euskerearen Etxean, emongo jako hasierea lehiaketearen 5. edizino honi, eta Donostian izango da finala, Ekogunean.
 

Aurtengo edizinoaren gaia: Hizkuntza praktika ekologikoak

Munduko bioaniztasuna babesteko ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak doguzan arren, munduko hizkuntza aniztasunak be babesa behar dauela ez dogu hain barruratua. Hamabost egunero hizkuntza bat hilten dan garai honetan, hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar doguz, hizkuntza-ekologistak!

Euskerearen Ginkanaren 5. edizinoan, hizkuntza-ekologistak izateko hizkuntza praktika ekologikoak hartu ditue gaitzat. Gainditu beharreko probak eta galderak, hizkuntzen garapen jasangarrirako lagungarri izaten diran hiztun eta hizkuntza-komunidadeen ekimen eta praktikei lotuak izango dira. Hizkuntza aniztasuna bermatzeko erronka unibersalari olgetearen bidez helduko deutsagu euskerearen lurraldean eta tokian tokikoa babestuz eta aniztasuna balioan jarriz, mundu mailako homogeneizazinoari aurre eginez. Euskerea bizibarrituz munduko hizkuntza aniztasuna be babesten dalako, mundu anitzagoa eregiten dogulako.



Lehiaketea

Fase bi izango dira: lehenengo faseak 6 asteko iraupena dauka, abenduaren 3an hasi eta urtarrilaren 19an amaituko da. Fase honetan webgunean astero argitaratuko diran probak gainditu beharko ditue taldeek.

Bigarren fasea, final handiaren eguna da. Urtarrilaren 28an egingo da Donostiako Ekogunea parkean. Bertan lehen fasean puntu gehien lortu dituen 4 talde parte-hartzaileak lehiatuko dira.


Parte-hartzaileak

Parte-hartzea taldekakoa izango da eta euskerearen aldeko proiekturen bat gauzatu edo babesten dauen talde, alkarte edo eragile bat ordezkatuko beharko dabe. 4-6 laguneko taldeak osotu beharko ditue parte hartu ahal izateko.  

Edozein talde muetak hartu leike parte lehiaketan: Taldeak egitura formalik bako lagun koadrilea edo guraso zein ikasle taldeak izan daitekez. Baita egitura formala daben alkarte desbardinetako taldeak be, besteak beste, euskalgintzakoak, kulturgintzakoak (musika, antzerki, bertso eskola...), talde feministak, erakunde sozialak, talde ekologistak, tokiko enpresak, eta abar.


Izena emotea

Lehiaketan izena emoteko epea urriaren 17an hasi eta abenduaren 3an amaituko da; webguneko formularioa beteteaz gan, talde bakotxak bere burua eta babestu nahi dauen euskerearen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean. Aurkezten diran proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitekez, aurrez martxan dagozanak edo aurrerantzean egin nahi diranak. Edozelan be, guztiek euskerearen aldeko lanari ekarpena egin beharko deutsie, arloa edozein izanda bere: hezkuntzea, aisialdia, kulturgintzea, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu