EAEn euskerearen ezagutzeak gora egin dauela dino VI. Inkesta Soziolinguistikoak

Bizkaie! 2016-10-14 13:06   Euskerea berbagai

Batez be, gazteen artean igarri da igoerea. Erabilerea be hazi da urteotan, baita euskerearen aldeko jarrerea be.

Erakundeetako ordezkariak, VI. Inkesta Soziolinguistikoko emoitzak aurkezteko agerraldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Hazkunde baten kronikea da euskerearena, euskal gizarteak badauka pozik eta harro egoteko motiborik, adierazo dau Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, VI. Inkesta Soziolinguistikoaren emoitzak azaltzeko agerraldian. Beragaz batera egon dira Nafarroako Gobernuaren Euskarabideako zuzendari nagusi Mikel Arregi eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoko presidente Mathieu Bergé. Izan be, gaur Euskal Autonomia Erkidegoko emoitzak baino ez dira aurkeztu, baina laster Nafarroakoak be publiko egingo dira eta Ipar Euskal Herrikoak 2017rako prest egongo dira.

Bost urterik behin egiten dan Inkesta Soziolinguistikoak lau eremutan neurtzen dau euskerearen indarra: Herritarren hizkuntza gaitasuna, transmisinoa, erabilerea eta euskerea bultzatzearen ganeko eretxia. 16 urte edo gehiagoko herritarrak kontuan hartzen dira. Oraingoan, VI. Inkestan, 8.200 herritarrei egin jakez galderak, horreetatik 4.200 Euskal Autonomia Erkidegokoak.

Patxi Baztarrika pozarren agertu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jasotako datuakaz eta zoriondu egin dau euskal gizartea, euskerearen aldeko konpromisoa agertu dauelako. Halandabe, adi segiduteko eskatu dau, euskerearen normalizazinoan asko dagoalako egiteko eta erronka barriak datozalako orain.

Ezagutzeari jagokonez, euskereak urteotan izan dauen gorakadea nabarmena da. Lehenengo Inkesta Soziolinguistikoa egin zanean, 1991n, herritarren % 24,1 zan euskeraz berba egiteko gauza eta 2016ko neurketa honetan, % 33,9ra igon dau kopuru horrek. Baztarrikak nabarmendu dauenez, hazkunderik nabarmenena gazteen artean jazo da: Orain dala 25 urte, laurena ziran euskaldunak eta, gaur egun, hamarretik zazpi. Inkestan parte hartu daben gazteen artean, erdiek baino gehiagok etxetik kanpora ikasi dabe euskeraz, hau da, eskolan edo euskaltegian.

Erkidegoan, guztira, 16 urtetik gorako 631.000 lagun euskaldunak dira eta beste 356.000 euskaldun hartzaileak dira, hau da, ez dakie euskeraz ondo, baina ulertzen dabe. Herrialdeka begiratuta, gipuzkoarren erdiak euskaldunak dira, bizkaitarren laurena eta arabarren bostena.

Euskerearen normalizazinorako kezka handienetako bat erabilereagaz lotuta dago, euskeraz berba egiteko ohiturea ez dalako hazi ezagutzearen neurrian. Euskal Autonomia Erkidegoan VI. Inkesta Soziolinguistikoak emondako datuak begiratuta, jokera hori igarten da, baina datuak ez dira txarrak, erabilereak be nabarmen egin dauelako gora. Herritarren % 30,6k euskerea erabilten dabe. Mende laurenean % 7,9 egin dau gora datuak.

Jaurlaritzak azpimarratu dauenez, Inkesta Soziolinguistikoa egiten hasi ziranetik, lehenengo aldiz egin dau gora etxean euskeraz berba egiten dabenen zenbakiak. Beraz, beherazko jokereari bueltea emon jako. 2011n baino % 1,8 gehiago erabilten da etxean.

Inkesteak agirian itxi dauen hazkundearen atzean faktore ugari dagozala dino Baztarrikak, baina bat nabarmendu nahi izan dau: Herritarren gogoa, gizarte honen proiektu kolektiboa dalako egin dau euskereak aurrera. Inkesta Soziolinguistikoan bertan jasoten da jarrera hori erakusten dauen datu bat: Euskerearen aldeko jarrerea zabalduago dago gizartean eta kontrakoak atzera egin dau.

Pozik egoteko arrazoiak dagozan arren, oraindino bide luzea dagoala uste dau Baztarrikak. Arriskutsua da egindakoaren handitasunak egiteko doguna lausotzea, dino sailburuordeak, urteotako energia sozialari eta konpromiso politikoari eutsi behar jake, politika positiboak bultzatzen segidu, errazena ez dalako aurrera egitea: errazena gaur egungo euskerearen eta gaztelaniaren arteko desorekea kroniko bihurtzea eta atzera egitea da. Horregaitik, orain arteko ahaleginari eutsi eta erronka barriei aurre egiteko ordua dala uste dau.

VI. Inkesta Soziolinguistikoaren datu guztiak batzen dituan txostena, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu