Domekan ospatuko dabe Nafarroa Oinez, Vianan
2016-10-14 11:17 Euskerea berbagaiHartu, tenka, tira lelopean egingo dabe Nafarroako Ikastolen aldeko jaia. Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolak dira aurtengo antolatzaileak.
Nafarroa Oinez hau historikoa izan daiten, euskerearen sokatik tira egiteko deia egin dabe Ebro ertzeko ikastola bietako arduradunek. Vianako ospakizunerako dana prest daukiela ziurtatu dabe, hainbat hiletako lanari esker. Ereintza eta Ibaialde ikastola txikiak dirala baina lan handia eginaz erronka handi honi aurre egiteko moduan dagozala dinoe.
Kontuak kontu, domekan, urriak 16, izango da Nafarroa Oinez 2016. Aurten lehenengo aldiz, ikastola bik parte hartu dabe antolakuntzan, Vianakoak eta Lodosakoak, baina zirkuitua Vianan egongo da. Ebro ibaiaren alboan dago Viana uri historikoa, Errioxa eta Arabako lurrak urrun ez dagozala.
Sokea da aurtengo edizinoko ikurra. Euskerearen aldeko bidean, euren sokara batu ditue ikastolek Nafarroako norbanakoak eta erakundeak. Euskerea danona da eta, guztion artean, lotzen gaituan euskerearen sokea indartu behar dogu, adierazo dabe antolatzaileek.
Vianako kaleetatik, 3,6 kilometroko zirkuitua izango da Nafarroa Oinezen ardatza. Zailtasun gitxikoa izango dala dinoe antolatzaileek. Zirkuituaren barruan lau gune egongo dira eta bertan egingo dira eguneko ekitaldi nagusiak. Jateko leku ugari eta askotarikoak egongo dirala be aurreratu dabe.
Programazinoan leku handia egin deutsie inguruko taldeei. Vianako Kometa taldea, Lizarrako gaiteroak, Vianako Gazte Berri txarangea, Andosillako txistulariak, Lodosako erraldoiak, Lodosako abesbatzea eta abar dagoz egitarauan. Era berean, urrunagotik joango dira ETS, Izaki Gardenak, Oihan Vega...
Ikastolek antolatutako beste jai batzuetako esperientzia aintzat hartuta, gazteen arteko Erronka jokoa egingo dabe Vianan. Nafarroako 14 ikastolatako 144 gaztek parte hartuko dabe, Urko Aristi eta Andoni Sagastibeltza aurkezle dirala.
Milaka euskaltzalek Vianako kaleak beteko ditue domekan, beraz. Era horretako jai baten sortzen dan zikinkeria ahalik eta gehien murrizteko asmoz, plana egin dabe antolatzaileek, jai jasangarria helburu. Edalontzi berrerabilgarriak egongo dira eta etxera bueltau aurretik, txostetako barran edo horretarako ipiniko diran edukiontzietan ixteko eskatu deutsie jenteari. Hondakinak ondo bereiztu eta bakotxa bere kontenedorera botetako deia be egin dabe.
Bestetik, edozein eraso sexistaren kontra lan egingo dabe antolatzaileek, batez be, emakumeen aurkakoak badira. Eraso sexisten kontrako logoa prest daukie hainbat euskarritan plazaratzeko. 50.000 pegatina banatuko dira logo horregaz. Jaiak aske bizi eta gozatu, horixe izango da kanpainearen ardatza. Azken finean, Nafarroa Oinezera doazan guztiek euren burua, ganerako parte-hartzaileak eta ingurumena errepetetea da asmoa.
Nafarroa Oinezek bideoa be badauka (hemen).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!