Martxan barriro 'Adin-adin' egitasmoa

Bizkaie! 2016-10-10 12:56   Bertsolaritzea

Bertso saioak zahar etxeetara eroateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren arteko egitasmoak hirugarren urtez izango dau jarraipena.

Urriaren 4an emon jakon hasierea Tolosako Uzturre zahar etxean Adin-adin egitasmoaren lehenengo saioari eta beste 12 egingo dira Euskal Herriko zahar etxeetan urria eta abendua bitartean. Gipuzkoan, hirugarren urtez jarraian egingo da proiektua; oso arrakastatsua izan zan Tolosako Uzturre egoitzan egindako lehen saioa, Sebastian Lizasoren eta Oihana Iguaranen eskutik. Orain arte egindako bideak erakutsi dau ekimenaren arrakastearen gakoak edadekoen parte-hartzea bultzatzea eta euren arteko hartu-emonak hobetzea dirala.



Aurten nagusi gehiagorengana helduko da proiektua, eguneko zentroetako edadekoak zahar etxeetara hurreratuko baitira. Horrezaz gan saio bi gehiago egingo dira, Elizondon eta Aramaion hurranez hurran.

Adin adin egitasmoaren helburua, bertsoa ardatz, edadeko personen gaitasuna sustatzea da, edadekoen bizi kalidadea hobetuz eta gaitasun psikoemozionalak landuz. Proiektu honen bidez, euskal kulturearen adierazpide nagusienetakoa dan bertsolaritzea zahar etxeetara eroan da, ahozkotasunak dauen potentzial osoagaz, bai maila terapeutikoan eta bai ludikoan be.

Metodologia bereziagaz lantzen dira bertso saio honeek. Aurrez zahar etxeetako dinamizatzaile eta animatzaileek lanketa berezi bat egiten dabe bertso zahar eta kantu herrikoien inguruan egoiliarrakaz, holan bertsolariak doazenerako parte-hartzea aktibetako. Egoitza bakotxera bertsolari bi joaten dira, ahal bada eskualdekoak, ezagutzagaitik, bi belaunaldi desbardinetakoak eta gizonezko eta emakumezko bat izatea be ahalbidetzen da.


Bertso saioen egutegia:

1.- Tolosa. Urriak 4. Uzturre egoitza. 17:00. Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso.

2.- Lazkao. Urriak 14. Txindoki egoitza. 17:00. Gema Urteaga eta Iñaki Murua.

3.- Donostia. Urriak 19. Zorroaga Egoitza, 17:30. Ane Labaka eta Andoni Egaña.

4.- Arrasate. Urriak 19. Iturbide egoitzan. 17:00 Jexux Mari Irazu eta Maider Arregi.

5.- Azkoitia. Urriak 20. San Jose egoitza. 17:00. Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso

6.- Tolosa. Urriak 25. Iurramendi egoitza. 16:30.  Oihana Iguaran eta Anjel Mari Peñagarikano.

7.- Bergara. Urriak 26. Mizpirualde egoitzan. 17:30.Maider Arregi eta Jexux Mari Irazu.

8.- Errenteria. Urriak 26. Jesusen Bihotza egoitza. 17:30. Alaia Martin eta Andoni Egaña.

9.- Beasain. Urriak 28. Arangoiti egoitzan. 17:00 Iñaki Murua eta Gema Urteaga.

10.- Azpeitia. Zemendiak 8. San Martin egoitza. 17:00. Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Beñat Lizaso.

11.- Elizondo. Zemendiak 18. Francisco Joaquin Iriarte egoitza. 17:30. Alazne Untxalo eta Andoni Egaña.

12.- Oiartzun. Abenduak 13. Petra Lekuona egoitza. 11:00. Exteban Martiarena eta Jon Martin.

13.- Aramaio. Abenduan izango da baino eguna zehaztu barik dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu