Joseba Gabilondo: 'Gero eta diferentzia gehiago dago eta gero eta gitxiago dakigu'

Koldo Isusi Zuazo 2016-10-10 08:34   Barriketan

Globalizazioak eta Erdi Aro barria (Erein) liburua idatzi barri dau.

Urretxun jaioa, etxean berba egindako euskalkia Bergarakoa darabilen. Gasteizen amaitu zituan euskal filologia ikasketak Jon Juaristi eta Koldo Mitxelenagaz (1987) eta University of California, San Diegon doktoradutzea egin eban Hollywood garaikideari buruzko tesia idatziz (1991). Ordutik
literatura eta kultura hispaniarren ganean maisu ibili da Duke University (North Carolina), Bryn Mawr College (Pennsylvania), University of Florida, University ofNevada, Reno zein Michigan State University ospetsuetan.

Idazle gipuzkoar-estadubatuartuak 1992an argitaratu eban AEBetako kronika bat: Kaliforniatik bihotzez eta, hortik aurrera, literatura euskaldun garaikideari buruzko beste lan akademiko bat: Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006).

Sariei jagokenez, Apokalipsia guztioi erakutsia (Erein, 2009) liburuagaz irabazi eban Erein narratiba saria. Eta egunotan aurkezten dabilen Globalizazioak eta Erdi Aro barria saiakera lanak, barriz, Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno XVI. saria irabazi dau.


1.- Globalizazinoa bat bakarra zala pentsau arren, pluralean globalizazinoak erabilten dozu. Zergaitik?

Gero eta gehiago zabaldu orduan eta diferentzia gehiago sortzen dira; emoten dau gero eta homogeneoagoak garela, antzekoak garela baina kontrakoa da egoerea. Liburuan aitatzen dodan adibidea da iceberg edo izotz mendi bat eta norberak puntan ikusten dauena da, berbarako, webgune gustokoena; hortik behera dagoana, barriz, anabasea da. Emoten dau dana dakigula, dana gure esku dagoala baina alderanrtziz da gero eta diferentzia gehiago dago eta gero eta gitxiago dakigu. Horregaitik dauka indar handia lokalak, egunetik egunera indar handiagoa.  


2.- Globalizazioak azaltzeko biderik egokiena Erdi Arora jotea dala dinozu. Zehaztu zeinke baieztapen hau?

Diferentziak, desbardintasunak ugaltzen doaz eta hori lehendik ezagutzen dogun kontu bat da, izan be, Erromako Inperioa jausi zanean, mundu guztia tributan zatitu zan eta euskerea be hortxe hasi zan zabaltzen; sasoiko barbaro legez, zabaltzen eta indartzen hasi ginan. Erdi Aroaren amaierara joan ezkero, barriz, sistema feudal aristokratikoa egoan eta hor % 5ak eukan sasoiko aberastasunaren % 80. Gaur egun ez gara egoera horretara heldu baina bidean gagoz; Carlos Slim danok ezagutzen dogu eta kontua da ze Plutokratak izeneko liburuan egileak aitatzen dauela Slimek daukan aberastasuna gizateriaren historia osoan edozeinek izan dauen aberastasunaren gainetik dagoala. Egia ala guzurra izan, horrek erakusten dau feudalismorantz goazela gaur egun; gauza bi jazoten dagoz aldi berean: gero eta barbaro gehiago dago eta gero eta feudalismo aristokratiko gehiago. Baina lehenago edo aurerrago bide batetik edo bestetik joko dogu eta barbaroen alde egin beharko geunke.


3.- Erdi Aro biren artean gagozala dinozu, bateratze edo unibersalizazino proiektuak baztertu egin beharko geunkezala... Zergaitik? Nora goaz?

Zehatz esaterik ez dago baina aitatu bide bi horreetako bat hartuko dogula gauza segurua da. Barbaroen alde egin ezkero, emoten dau bizitza askoz demokratikoagoa eta zoriontsuagoa izango geunkela; besteak, barriz, geroaldi txarra dakar.


4.- Hirugarren bidea izan daitekeen Ekologiaren aldetik be egoerea atzera bueltarik bakoa dala dinozu...

Bai. Muturreko Erdi Arora eroan gaikez ekologiak, izan be, globalizazino ugarien aurrean eta dagoan informazino guztiaren erdian, ondorio sendoa emotea gatxa dan arren, nik irakurri dodanaren arabera, beranduegi da planetea salbetako. Azken aldion eguzkiaren, haizearen zein itsasoaren indarra sustatzeko politikak ugaldu diran arren, ez dago ezer egiterik. Apokaliptikoa emoten dauen arren, ez goaz geroaldi baikorrerantz.


5.- Saiakera generoaren barruan sartu daiteke zure azken liburua, gai baten ganeko analisia edo interpretazinoa egiteko aproposa. Ze jarrera hartu behar dau irakurleak liburua zabaltzen dauenean? Erraz irakurtekoa da?

Jarrera zabala. Nik ez dot diziplina bakarra jorratu, liburu hau ez da ekonomia, politika eta soziologia liburua, arlo horreek danak zeharkatuz idatzitako liburua da eta horrek daukan abantailea da edozein irakurlek leidu leikela, ez da espezialistentzako liburua. Zinemea, gorputza, jatekoa, gizentasuna, ekonomia, Txinako kapitalismo konfusionistea, internet, ekologia lako gaien ganean idatzi dot; danean sartzen naz eta segurtik irakurle batzuei ilunagoak egingo jakoz arlo jakin batzuk baina badago salto egin eta aurrerago irakurten jarraitzeko. Ganera, aitamenak jatorrizko hizkuntzetan laga dodaz, hain zuzen, euskal idazleak badaukalako jakinmina beste hizkuntza batzuetan idazteko eta hau lako liburu global batean beste hizkuntza batzuk sartzea nahitaezkoa dala uste dot. Aitamenak ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz dagoz.


6.- Munduan muturreko jarrerak indarra hartzen doaz (Trump AEBetan, Marie Le Pen Frantzian, AfD Alemanian...), edo neu edo inor ez, xenofobia, fundamentalismoa... Zerk eraginda?

Gaur egun ez dago danok onartzen dogun zeruertz politikorik; 60ko hamarkadan, 3. munduko nazino gehienak orduantxe independizau ziran, Nigeria, Argelia, Vietnam, Kanbodia eta abar; eta zeruertzak ziran sozialismoa eta kapitalismo desarrollistea, kolonizazinotik urten ebenen asmoa garapena zan, hamarkadotan mundu guztiak kotxe bat gura eban, oporrak, ongizate maila dezentea... Hori desagertu egin da eta ondorioz jenteak muturreko jarrerak hartu ditu. Dana dala, orain momentuan fundamentalismoak oso itxura eskasa dauen arren, nik uste dot, epe laburrean desagertu egingo dirala jarrerok. Berbarako, Saudi Arabian ateoak sortzen hasi dira; hain zuzen, fundamentalismo gogorrenak be kontraesan handiak sortarazoten ditu, diferentziak, jarrera desbardinak eraginez. Beraz, fundamentalismoaren ugaltzearen ondorioz etorriko da jarreron desagerpena be.


7.- Gurera etorrita, zelan baloretan dozuz hauteskunde osteko datuak?

EAE eta Espainiako dinamikak goitik behera desbardinak dira eta hemen gurean ez dago horrenbeste kaosik. Politika egiteko beste modu bat, kudeaketa ona aldarrikatuz dabiz batzuk eta aderdi uniosnistek gero eta indar gitxiago dabe hemen eta hori baikorra da. Kapitalismozaletasun edo garapen nahi itsu horretatik aspaldi urrundu ginan baina egoerea konpondu barik segiduten dogu. Gurean be inork ez dauka epe luzerako politikarik; gurea paradisua ei da, aparteko kudeaketea darabilgula eta abar baina hori egiteko neoliberalismo handiagoa behar da eta horrek eskatzen dau momentu batean poblazinoaren ongizatea sakrifiketea etekin handiagoak lortzeko. Kontuak kontu, datozen urteotan egoera horren aurrean lan egin beharko da eta EAJk ez daki hori konpontzen. Bestetik, ezkerraren kontaresana da Syriza sindromea, hau da, indarra hartu eta agintzen be hasi daitekez baina Troikak, merkatuek inponiduten dituan mugetatik kanpo ez dago politikea egiterik ez ezkerrekorik ezta eskumakorik be. Neoliberalismoaren erdian, ezkerrak eta eskumak oso gertu amaitzen dabe Troika ahalguztidunaren menpean.


8.- Apokalipsia guztioi erakutsia lanean, Euskal Herriak 2050. urtean independentzia lortuko dauela aldarrikatzen dozu...

Neolitikoan hasi eta 2050. urtean amaitzen dan idazlan honek, historia, politika eta sexua nahasten ditu, sorreran Euskal Herria jazoera akzidental bat izan zala nabarmenduz, baina 2050. urtean independentzia lortuko dauela aldarrikatuz. Ironia, kritikea eta barrea buztartuz, Euskal Herriko historia eta politikea zortzi ipuinetan jorratu neban hor eta irakurri ez badozu azken ipuina gomendatuko deutsut, Guggenheim eta Arzallus protagonista dirala, Euskal Herriak Txinagaz batera independentzia lortzen dauela esaten dot, atara kontuak.


9.-  Michiganera eroango zaituan hegazkina hartu aurreko orduotan harrapau zaitugu. AEBetan 30 urtetik gora daroazuz maisu lanetan eta bistan da gustora zabizela...

30 urte datorren urtean izango dira baina bai bizitzaren zati handiena han egin dot. Oso gustora nabil 10 miloe inguruko Michiganen, neu nazelako euskaldun bakarra ze badakizu inguruan beste euskaldunik badago lehenago edo geroago euskaldun horrek bilatu eta topau egingo zaitu; hamar urte daroadaz han eta oraindino ez dot euskaldunik ezagutu... Ni holan bizi naz gustora, euskalduntasuna nasaiago bizi dozulako.


10.- Zure ohiko maisu lanaz gan, idaztea be gustoko dozu eta badakigu beste liburu bat be idazten zagozala. Zeozer aurreratu zeinke?

Bai. Izenburua da: Euskal ideologiaz eta azpititulua, barriz, Postnazionalismoan, populismoa eta nazio etnikoa, bertoko politikea ardatz izango dauena. Nire tesia edota hipotesia da euskal politika gehiena, maila ideologikoan behintzat, 60ko hamarkadan sortu ziran idea eta balioetatik bizi izan dala, bai eskuma eta bai ezkerra. Orduko balio gehienak beraz gaur ez dabe balio eta dana dago egiteko.  


11.- Idatzizko lan askotan euskerea darabilzu. Lanketa berezirik egiten dozu?

Ez. 24 urtegaz urten neban hemendik eta euskerea ahaztu ez jatzu ahaztuten, erdoildu, akaso, apur bat, baina Michiganen ez dot inogaz euskeraz berba egiten, irakurri egiten dot asko. Niretzat euskerea hizkuntza mentala da.


Gehiago jakiteko:


- Barbaroak

- Joseba

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu