Bilboko Guggenheim Museoak 20. urteurreneko ospakizunak aurkeztu ditu
2016-10-07 12:23 KultureaArteak dana aldatzen dau izenburupean, 12 hileko programazino berezi bategaz ospatuko dabe efemeridea. Bertoko artistak eta eragileak be ekitaldien parte izango dira.
Antolatuko diran jarduerak Bilboko uritarrentzat zein kanpotik datozen bisitarientzat izango dirala azaldu dabe Guggenheim Museoko arduradunek. Ospakizunak hainbat helburu izango ditu: Museoak nazinoarteko arte giroan dauen erreferentzialtasuna indartzea; mundu guztiko bisitariak erakarteko ahalegina handitzea; bertoko eragile kultural eta artistikoakaz hartu-emona estutzea; eta Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia, gizartea eta kulturea bultzatzea.
2016ko urritik 2017ko urrira bitartean, 12 hilabeteko tartea hartuko dau museoak bere 20. urteurrena ospatzeko. Guggenheim Museoa zabaldu zanetik Bilbon izandako aldaketak eta arteak guztia eraldatzeko dauen ahalmena nabarmenduko ditue Arteak dana aldatzen dau leloagaz. Museoaren logotipoa egokitu dabe urteurrenerako eta ekitaldi guztiak iragartzeko webgunea abian izango da laster.
Hiru arlo nagusitan banatuko ditue ekitaldiak: Arte eremuan, lekuan lekuko eragileen eta euskal artisten eremuan eta uritarrentzako ospakizunetan. Egitaraua behin behinekoa da, baina dagoeneko ekintza ugari iragarri ditue eta hainbat eragilegaz alkarlanean hasi dira.
Arte eremua
Museoaren bildumea herritar guztien ondarea dala adierazo dau Guggenheimek eta, beraz, osogai teknologikoak dituen 14 artelan zaharbarritzeko konpromisoa hartu dau. Sistema elektriko edo elektronikoak, zirkuitu hidraulikoak, gas instalazinoak eta abar daukiez horreek obrek. Esate baterako, Daniel Buren-en Arku gorriak eta Yves Klein-en Su iturria dagoz barrituko diranen artean.
Era berean, kalidade handiko erakusketak hartzearen aldeko apostua egingo dau museoak bere 20. urtebetetzean. Oraintsu aurkeztu da, berbarako, Francis Bacon-i eskainitako atzera-begirakoa. Urriaren 21ean, ostera, Albert Oehlen artistearen koadroei eskainitako beste erakusketa bat zabalduko dabe. 2017an, besteak beste, espresionismo abstraktua, Pello Irazuren atzera begirakoa, mende amaierako Pariseko jokera artistikoak eta David Hockney-ren erretratuak izango dira protagonista.
Bertoko arte komunidadea eta eragile kulturalak
Guggenheim Museoak lankidetzearen bideari heldu deutso, 20. urteurreneko ekitaldietan beste eragile kultural batzuek lekua izan daien. TopARTE ekimenaren bidez, proposamen kultural eta artistikoak erakarri nahi ditu museoaren geletara. Holan, nahi daben erakundeek doban erabili ahal izango ditue horreek aretoak, emonaldi bereziren bat egiteko bada (kontzertuak, jantzea, performanceak, gastronomia, antzerkia...).
Dagoeneko eragile ugarik bat egin dabe ekimenagaz. Urrian bertan, Bilboko Udal Musika Bandeak, Bilbao 700 Fundazinoak, BAD jaialdiak eta Kraftwerk kontzertuek euren eskaintzearen zati bat eroango dabe museora. Hurrengo hileetan etorriko dira Loraldia, Zinebi, La Fundición, Kuraia, OLBE eta beste asko.
Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko artistentzako deialdia zabalduko dau Guggenheimek. Museoan euren obrak erakustea eta horren bidez lan hori ezagunago egitea da asmoa. Urte amaieran zabalduko dabe deialdia eta arte plastiko zein performatiboetan dabilzan sortzaileek parte hartu ahal izango dabe. 2017ko udabarrian hasiko dira aukeratuen lanak Guggenheimen erakusten.
Herritarrentzako ospakizunak
Belaunaldi guztietako jentea erakarteko asmoz, hainbat ekintza antolatuko ditu hurrengo 12 hileotan Guggenheimek. Urriaren 21ean, Art After Dark zikloaren saio bat egongo da, eta hurrengo egun bietan doban sartu ahal izango da museoan.
Bestetik, Kide Korporatibo edo Museoaren Lagun diranek, ekintza berezietan parte hartu ahal izango dabe. Guggenheimeko arduradunek dinoenez, hareen ekarpenek museoaren funtzionamenduari eta autofinantziazinoari laguntzen deutsie eta, hortaz, lagun edo babesle diranentzako beren-beregi antolatuko ditue jarduerak.
20 urte datutan
Hogei urteko ibilbidea beteta, atzera begiratzeko tartea be hartu dau Guggenheim Museoak. 1997ko urrian zabaldu zanetik, 18.827.000 bisitari joan dira museoa ikusten, horreetatik % 13 Euskal Autonomia Erkidegokoak. Aurtego abendura arte, aldi baterako 87 erakusketa zabaldu dira eta bilduma iraunkorragaz lotutako 69 aurkezpen egin dira.
Jente gehien erakarri dauen erakusketea Andy Warholen Itzalak izan da (829.000 bisitari), aurten bertan. Hasikerako urteetako, 1998ko, Txina: 5000 urte erakusketea da, ostera, bataz beste eguneko bisitari gehien hartu dituana (5.790 lagun).
Gaur egun, 16.356 Museoaren Lagun dagoz, 120 Kide Korporatibo eta Erdu taldeak 8.034 partaide ditu. Hezkuntza jardueretan miloe erdi ikaslek baino gehiagok parte hartu dabe hogei urteotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!