Artearen klasiko handiak eta Francis Bacon, aurrez aurre Bilboko Guggenheim Museoan

Dabi Piedra 2016-09-29 13:20   Kulturea

Sortu zanetik izan dauen helburu bat bete dau Bilboko Guggenheimek: Francis Baconen, 20. mendeko artista esanguratsuenetako baten, atzera begirakoa antolatzea. Urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai.

Ignacio S. Galán, Lucía Agirre, Juan Ignacio Vidarte eta Martin Harrison, erakusketearen aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Francis Bacon (1909-1992) margolari britainiarraren 50 artelan inguru batu ditu Bilboko Guggenheim Museoak Francis Bacon: Picassotik Velázquezera erakusketan. Horreetako batzuk gitxitan ikusi dira museo baten. Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheimeko zuzendariaren arabera, 1997an sortu zanetik museoak izan dauen helburuetako bat izan da Baconen ganorazko atzera begirako bat antolatzea Bilbon eta erakusketa honegaz zorra pagau dabela ganeratu dau. New Yorkeko Guggenheim, ostera, aitzindaria izan zan Baconen erakusketa bat ipinten, 1950eko hamarkadan.

Protagonista nagusia Francis Bacon dan arren, erakusketan artearen historiako margolari entzutetsuenen pieza asko be ipini ditue. Izan be, artista handiek Baconen obran izan eben eragina aztertzea da erakusketearen asmoetako bat. Izenburua be hortik jatorko. Espainiako eta Frantziako artistak dira, funtsean, Baconen lanen alboan ipinteko aukeratu dituenak: El Greco, Velaázquez eta José de Riberatik hasi eta Toulouse-Lautrec, Braque, Juan Gris eta Picassoren sasoiraino, tartean Zuloaga, Zurbaran, Goya eta abar ahaztu barik. Auguste Rodin-en eskultura bat be badago erakusketan.

Lucía Agirre eta Martin Harrison dira erakusketako komisarioak. Harrison da Baconen katalogo arrazoitua idazteaz arduratu dana eta artistearen inguruko aditu handienetako bat da gaur egun. Artista ezagun handiek bere obran izan eben eragina batzuetan ukatu egiten ebala Baconek baina eragina ukatu ezinezkoa dala azaldu dau Harrisonek: Erakusketako artista batzuk inoz ez zituan aitatu, baina alderdi askotan dago euren eragina.

Picasso, Braque, Juan Gris eta Pariseko Abangoardien inguruko artistak izan ziran Baconen gaztetako inspirazino-iturriak. Harrisonen arabera, Baconek ez eukan formakuntza artistiko sakonik, gurasoak ez ziralako arte zaleak. Teknikea ondo landu bako hasikerako obretan, Picassoren eta bere garaikideen eragina garbia da.

Halandabe, Harrisonek bitxikeria legez azaldu dau, Baconek esaten ebala Guernica ez ebala atsegin. Nik uste dot hori ez dala guztiz egia, ikusten eban artelan bikaina zala, baina Baconek esaten zituanetatik asko ez dira sinistu behar. Bestetik, hasikerako urte hareetan, marraztutako koadro gehienak apurtu egiten zituan Baconek eta, beraz, gitxi batzuk baino ez dagoz gaur egun ikusteko moduan.

Urteetan aurrera egin ahala, garapena nabaria da Baconen obretan, Guggenheimen dagozan lanek erakusten dabenez. Batzuetan, abstraktutik hur dagozan obrak sortu zituan, baina Harrisonek ohartarazo dauenez, beti arte figuratiboari eutsita. Bestetik, urteakaz koloretsuago bihurtu ziran Baconen koadroak.

Aurreko mendeetako artisten eragina, batez be, detaileetan ikusten dala azpimarratu dau Harrisonek. Esate baterako, txoriak marrazteko orduan, Francisco de Goyaren oihartzuna ikusten dau komisarioak. Gurutziltzatzearen inguruan Baconek egindako koadro deigarrietan, bestalde, Zuloagaren eragina sumatu dau, lehenengo begiratuan bataren eta bestearen estiloak guztiz desbardinak diran arren.

Auguste Rodinen eskulturea, ostera, mobimentua erakusteko Baconek erabili zituan teknikak nabarmentzeko erabili dabe komisarioek. Estilo berezia eukan Baconek, parekorik ez daukan uniberso bat sortu eban. Baina, Harrisonek azaldu dauenez, Espainiako eta Frantziako kulturea ezagututa sortu eban hori guztia.

Beste alde batetik, Baconen artelanen oinarrian dagoz, esaterako, beste gizon batzukaz izan zituan hartu-emon sexualak, obra batzuetan era gordinean ikusten diranak. Harategiko hildako okeleak sortzen eutsan ikusmina be agirikoa da, adibidez Gurutziltzatzearen ganean egindako triptikoan. Obra horren inguruan Baconek behin esan eban, behi-okelearen ordez bere burua ikusten ebala, dino Harrisonek.

Gizakia eta mundua erakusteko era barria ekarri eban Francis Baconek, ordura arteko tabu batzuk apurtuta. Haren obran indarkeria agirikoa dala dinoe aditu batzuek, baina Harrison ez dator bat: Kasu batzuetan bai, margolan biolentoak dira, baina orokorrean ez dot uste horrenbesterako danik. Apustuak eta alkohola be aitatu ditu Harrisonek, Baconen ibilbidean eragina izan eben eta. Urte askoan ia diru barik ibili zan, beti lagunei laguntzinoa eskatzen, azaldu dau komisarioak.

Irailaren 30etik urtarrilaren 8ra bitartean ikusi ahal izango da erakusketea Bilboko Guggenheim Museoan. Monakoko Grimaldi Forum erakundeagaz batera antolatu dabe. Urriaren 22an eta 23an ate edegiak egongo dira, nahi daben guztiek erakusketa hau eta museoko beste guztiak doban ikusi daiezen.

Mugarria izango da erakusketa hau guretzat, azpimarratu dau Juan Ignacio Vidartek. Ez da gitxiagorako, izan be, Baconen 50 obra inguru batzea, batzuk publikoari gitxitan erakutsitakoak, lorpen handia da. Horri gehitu behar jako, Espainia eta Frantziako artista gorenen obrak be ikusgai dagozala areto berberetan. Holan, ikusleak bertatik bertara alderatu leikez Baconen eta beste artisten estiloak.

Artista barritzailea izan zan arren, tradizinoak Baconen lanetan izan eban eraginean arretea ipinten dau erakusketeak, Ignacio Sánchez Galán Iberdrolako presidenteak azaldu dauenez (erakusketearen babesle nagusia da enpresa hori), etorkizun oparoa iraganean oinarritu leitekela ikusten da.

 

Martin Harrison, Gurutziltzatzearen triptikoaren aurrean, azalpenak emoten

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu