Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldia papelean eta interneten dago

Dabi Piedra 2016-10-06 12:42   Euskerea berbagai

Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak adierazo dauenez, hiztegia barritu eta zabaldu egin dabe. Edizino barriak 37.884 sarrera dakarz.

Andres Urrutia, Leire Aragon, Miriam Urkia eta Andoni Sagarna | Ikusi handiago | Argazki originala

Nobedade ugari daukaz Euskaltzaindiaren Hiztegiaren 2. argitaraldiak, 2012an agertu zan lehenengo edizinoagaz alderatu ezkero. Batetik, berba eta informazino gehiago sartuta, osotu egin dabe. Bestetik, interneten doban konsultau leiteke (hemen). Sarean egoteak dakarzan abantailak aprobetxauta, ganera, Akademiaren beste tresna batzuetarako zuzeneko sarbidea dauka hiztegiak, berba bakotxaren inguruko informazinoan sakontzeko.

Gure materialak gizartearen eskura egotea da asmoa, esan dau Andres Urrutia euskaltzainburuak. Horregaitik, interneten doban ikusi leiteke hiztegi barria. Euskaldun guztientzako beharrezko tresnea dala ganeratu dau Urrutiak, berbak dira hizkuntza guztien bizkarrazurra. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren egitasmoaren zuzendari Andoni Sagarnak ganeratu dauenez, gaurko hiztunek dituen beharretara egokitutako tresnea da, arau-emolea eta modernoa.

Erreferentzia izateko jaio da Euskaltzaindiaren Hiztegia, eragile ugariren arteko alkarlanari esker. BBK Fundazinoak be parte hartu dau hiztegia egiten eta bertako kide Leire Aragonek esan dauenez, beste hiztegi eta aplikazino batzuen oinarri izateko sortua da.

Bigarren argitaraldiak 37.884 sarrera dakarz, lehenengo edizinoko 20.000 sarreren aldean. Ganera, 6.944 azpisarrera, 44.828 forma eta 61.398 adiera batzen ditu. Berben definizinoa ez eze, bakotxaren inguruko datu gehigarriak emoten dira: ze berba klase dan, ze arlotan erabilten dan, adibideak, sinonimoak eta abar.

Interneteko bersinoak, ganera, papelezkoak ez daukazan tresna erabilgarri batzuk eskaintzen deutsaz erabiltzaileari. Hatan be, internetek hiztegigintzeari emoten deutsan abantailea garbi ikusten dau Andoni Sagarnak: Papelezko argitalpenak fosilen modukoak dira, behin amaituta ezin dira barritu hurrengo edizinora arte.

Miriam Urkia Hiztegi Batuaren Lantaldeko buruak emon dau bersino digitalaren abantailen barri. Alde batetik, bilaketa aurreratuak egiteko aukerea dago. Erabiltzaile arruntak ez dau tresna hori larregi erabiliko, baina berben informazino zehatzagoaren bila dabilenak bai. Esaterako, irakasleek, ikerlariek edo itzultzaileek.

Bilaketa aurreratuan, erespide ugariren araberako bilaketak egin leitekez. Adibidez, amaieran atzizki jakin bat daukien berbak topetako edo euskalki baten ze berba erabilten diran jakiteko. Erespide bat baino gehiago aukeratuta, bilaketa oso zehatzak egin leitekez.

Halandabe, bersino digitalak dakarren abantaila eta barritasun nagusia Euskaltzaindiaren ganerako tresnakaz daukan lotura zuzena da. Iturriak erakutsi atalean sakatu ezkero, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren oinarrian dagozan tresnen loturea agertuko da. Hau da, Orotariko Euskal Hiztegia, Hiztegi Batu Oinarriduna, XX. mendeko corpusa eta Lexikoaren Behatokia. Berba bakotxa lau iturri horreetan zelan agiri dan errez ikusi leiteke, klik bakarrean. Hartara, sarrera bakotxean lortzen dan informazinoa biderkatu egiten da.

Hiztegi interaktibotzat jo dau, beraz, Andres Urrutiak, Euskaltzandiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldia. Euskaltzainburuak ganeratu dauenez, beste aldi baten sartuko da Akademia, euskera batuari jagokonez. Aurrerantzean, etenbako prozesu baten osotuko dau hiztegia, euskarri digitalak emoten dauen aukereari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu