Galeseko gobernuak euskerearen hurrengo hamarkadetarako hizkuntza plangintzeagazko interesa azaldu dau
2016-10-05 11:10 Euskerea berbagaiGalesko Gobernuak hurrengo hamarkadetarako hizkuntza-plangintzea abiatu dau, 2050. urterako galesereak miloe bat hiztun izatea helburu hartuta.
Korsikako Gobernuak antolaturiko mintegian parte hartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak berbaldia emon dau Cardiffen, Galesko Gobernuak konbidauta, Miloe bat hiztun galeseraz 2050 urterako izenburuko nazinoarteko biltzarrean. Galesen ondorengo hamarkadetan gauzatuko dan hizkuntza plangintzea osotzeko abiatu daben hausnarketa prozesuaren barruan kokatzen da Cardiff-eko mintegia. Galeseko Gobernuak hurretik ezagutu nahi izan ditu, bai Euskadiko esperientzia, baita Quebec-eko egoera linguistikoa be. Horregaitik, hizlari izan dira beste zenbait eragilegaz batera, Patxi Baztarrika sailburuordea Eusko Jaurlaritzatik, eta Rod Dumbar unibersidade irakaslea Quebec-etik.
Biltzarrak buru izan dau Galeseko Gobernuko Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Ministro Alun Davis. Honek, galeserea bizibarritzeko atontzen dagozan Plan Estrategikoaren aurkezpena egin dau oraintsu. Ministroaren ondoren, Hizkuntza politika eta plangintza EAEn izenburupean, euskereak azken 30 urteetan izan dauen bilakaerea azaldu dau Baztarrikak, eta gure hizkuntzearen bizibarritze prozesuan zeintzuk izan diran ardatz nagusiak azaldu. Baina batez be, Eta hemendik aurrera zer? dokumentuak ondorengo 20 urteetarako jasoten dauen planifikazinoa azaltzeari eskaini deutso denporea sailburuordeak, dokumentuaren erronka eta helburuak zeintzuk diran nabarmenduz. Eusko Jaurlaritzeak osotutako dokumentu hori Euskerearen Aholku Batzordeak onartu dau aurten bertan, maiatzean.
Berbagai izan dan dokumentu horrek datozen 20 urteei begira Euskadin garatu beharko litzatekeen hizkuntza politikearen oinarri sendoak finkatzen ditu, euskerea hamarkada bi barru orain baino biziagoa izateko helburuz. Bizibarritze prozesu horretan sektore publikoa, ekimen soziala eta sektore pribatua buztartzea da asmoa. Berbaldian zehar, adostasun politiko eta sozialak prozesu horretan izango dauen garrantzia azpimarratu dau Baztarrika sailburuordeak.
Galeseko erakundeek gaurdaino euskerea bizibarritzeko egindako esperientziakazko interesa erakutsi dabe, baina baita ondorengo urteetarako planifikazinoagazko be, euren plan estrategikoagaz konparau egin ahal izateko. Izan be, bitxia emoten badau be, Galesen, 3,1 miloe biztanle inguru dituan herrialdean, galesereak miloe bat hiztun lortzea hartu dabe helburu erakundeek 2050 urtea baino lehen, Eta hemendik aurrera zer? dokumentuak Euskadin, 2,2 miloe biztanle ingurugaz, 2036rako dauen helburu berbera.
2050erako helburua: galesereak miloe bat hiztun
Galesko Gobernuak antolaturiko biltzarra, gobernu hori Miloe bat hiztun galeseraz 2050 urterako izenburu argigarriagaz atontzen dagoan Plan Estrategikoaren inguruko hausnarketa eta parte-hartze prozesuaren barruan kokatzen da. Aitaturiko Plan Estrategiko horren zirriborroa Interneten dauka zintzilik gobernuak joan dan abuztuaren amaieratik, Galeseko herritarren eretxi eta iradokizunak jaso ahal izateko. Urriaren 31ra arte izango dabe zabalik iradokizunak egiteko epea eta modua. Dokumentu horren ingelesezko bersinoa, hemen irakurri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!