Biribilko programako euskera ikastaroetan izena emon leikie Bilboko merkatariek

Dabi Piedra 2016-10-03 12:46   Euskerea berbagai

Bilboko Udalak eta Bilbao Dendak alkarteak eratutako kursoetan, urriaren 13ra arte dago izena emoteko modua. 2009tik dago martxan Biribilko.

Koldo Narbaiza eta Unai Aizpuru | Ikusi handiago | Argazki originala

Dendarien mailearen arabera, ikastaro bi dagoz aukeran: Bata, euskeraz ezer ez dakienentzat, oinarrizko kursoa da. Bestea, maila altuagokoa, euskerea hobetzeko da. Urritik bagilera bitarteko ikastaroak dira, 90 ordukoa bakotxa, eta 90 euro pagauta emon leiteke izena. Ohi baino merkeagoa da hori, Bilboko Udalaren eta HABEren diru-laguntzinoa dagoalako.

Biribilko programako ikastaroak dendarientzat diran ezkero, merkatarien jarduerara guztiz egokitutako ezaugarriak ditue. Alde batetik, ordutegiak bat egiten dau dendarien ohiko beharrizanakaz: Goizean goiz eta eguerdian egin leitekez ikastaroak. Bestetik, erakusten diran berbak eta esamoldeak dendetan gehien erabilten diranak dira.

Bilboko zortzi euskaltegitan emongo ditue Biribilkoko kursoak: Bilbo Zaharran, Gabriel Arestin, Indautxuko AEKn, Lizardin, Juan Mateo Zabalan, Santutxuko AEKn, Ulibarrin eta Matxintxun. Urriaren 13ra arteko epea dago izena emoteko. Bilbao Dendak, Bilboko merkatari alkarteko dendaren baten behargin izatea da programan parte hartzeko baldintza bakarra.

Bilbao Dendak erakundearentzat, aukera parebakoa da Biribilko, bezeroari emoten jakon arretea hobetzeko, Unai Aizpuru alkarteko kideak azaldu dauenez. Euskereak hurbiltasuna emoten dau, bezero batzuek euskeraz berba egiten dabe eta euren beharrizana beteteko dendariak euskeraz jakin behar dau, azaldu dau Aizpuruk, fidelizazinoan laguntzen dau. Unamuno Gozoa dendako jaubea da Aizpuru eta, adierazo dauenez, berak eta dendako beste behargin batek izena emon dabe ikastaroan. Ganerako beharginak euskaldunak dira denda horretan.

Bezeroarentzat ez eze, dendearentzat berarentzat be onuragarria dala uste dau Aizpuruk, ikuspegi komertzialetik euskeraz jakiteak aukerak zabaltzen ditualako. Marka ezagunetako dendek gero eta euskera gehiago erabilten dabela dino, konturatu diralako hori balio gehigarria dala. Aizpuruk uste dau, Biribilko oso erabilgarria izango dala, batez be, Zazpi Kaleetan: Bizkai guztiko jentea ibilten da hor eta askok eskertu egiten dabe euskeraz atendiduten baditue.

Bilboko Udalak, bere aldetik, euskerearen erabileran eragin nahi dau Biribilko programearen bidez. Euskerea komunikazinorako tresnea izatea nahi dogu, euskerea kalera atera, adierazo dau Koldo Narbaiza zinegotziak. Erabilerea handitzeko bidean, merkatariek zeregin garrantzitsua daukiela uste dau. 

Narbaizak azaldu dauenez, aurten bederatzigarren ikasturtea beteko dau Biribilkok. Urtetik urtera gero eta interes handiagoa sortzen dauen programea dala azpimarratu dau. Igaz, 180 dendarik egin eben ikastaroa. Unai Aizpuruk ganeratu dauenez, Biribilko erreminta ona da merkatarientzat. Ganera, merkatarien beharrei erantzuten deutsela dino: Ordutegiak eta edukinak aproposak dira, oso praktikoa da guretzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu