Iker Zabala: 'Urdaibai ixteko arrazoietako bat izan da motibazino faltea'

Koldo Isusi Zuazo 2016-10-03 08:48   Barriketan

Santurtziko Ama arraun taldeko entrenatzailea

Bizi guztia egin dau arraunean, arrantzaleen semea eta lobea 11 urtegaz hasi eta Bermeon 1979an jaiotako mutilak sekulako palmaresagaz ekingo deutso Itsasoko Ama - Soteraren entrenatzaile zeregin barriari: Urdaibai - Bou Bizkaiagaz bost liga irabazi ditu, Kontxako zazpi bandera, sei Urdaibaigaz eta bestea Castrogaz; horrezaz gan, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak be irabazi izan ditu.

Orain, barriz, Santurtziko arraun taldeagaz urtebeterako sinatu dau entrenatzaile lanetarako baina arraunlari moduan be ibiliko dala aurreratu dabe.


1.- Zorionak Iker zeregin barriagaitik. Arraunean dana irabazi ostean, hauxe baino ez jatzun falta, entrenatzaile lanak egitea, hain zuzen be. Zelan hartu zenduan eskaintzea? Denporaldia amaitu aurretik egin eutsuen eskaintzea?

Eskerrik asko. Dakizunez zuzendaritza talde barria dago laneran Santurtzin eta pasa dan bagilean edo etorri jatazan eskaintzeagaz. Ordurako nik argi neukan Bermeoko etapea amaitutzat emongo nebala aurten. Bizi osoa daroat hemen, umetan sartu nintzan eta irabazi daitekeen guztia irabazita eta abar, hauxe zala momentua pentsau neban. Klub barria, jente barria, ilusino eta indar handiagaz ekin deutsat zeregin barriari.


2.- Oso oker ez bagagoz zure aitita Isidorori esker zara zarena arraun munduan. Aitaren ofizioa, barriz, azkar kendu jatzun burutik...

[Barre algarea]. Bai, holan da. Aitak beti esan deust ikasteko baina txikitatik beti egon naz neure aitaren baporan eta baten esan eustanean beragaz joateko itsasora joan egin nintzan eskolan piper eginda. Apropos eroan ninduan itsaso txarreko egun batean eta horixe izan zan onena mundu horri uko egiteko, lan nekeza, gogorra, arriskua, hotza, zorabiotuta egin neban bide osoa eta hori izan zan nire azken loturea arrantza munduagaz.  

Aitita Isidoro zan arraunlaria, donostiarra eta haren ilusinoa zan ni ikustea Kontxa irabazten; pena handia daukat ze zazpi aldiz Kontxako Banderea irabazi arren, ezin izan eban hori ikusi baina badakit han goian izango ebala nire barri.


3.- Azken urteotan Bou Bizkaiaren nagusitasuna sekulakoa izan da eta aurten ligea eta Kontxa irabazita, zure azken urtean, pozarren egongo zara... Ahal dan guztia irabazita dagoeneko, zerk motibetan zaitu?

Lehen be esan deutsut, Urdaibai ixteko arrazoietako bat izan da motibazino faltea, hain zuzen. Ahal dan dana irabazita, baten baino gehiagotan ganera, urte asko izan dira, beti arpegi bardinak ikusten, herri bardina, zuzendari bardinak, zer pentsau emoten deutsu horrek eta azkenerako beste zeozeren faltea hartzen dozu. Beste ekipo bat, beste herri bat, dana barria, dana alde. Nik erabagita neukan arraunlaritzea betiko itxi edo zeozerk urten ezkero, horri ekin; Santurtziko talde historikoaren eskaintzea asko gustau jatan eta hemen gagoz beharrean.


4.- Momentu txarrak be bizi dozuez azken urteotan, estrobo auzia, doping salaketa eta enparauakaz. Ezerezean geratu dan kontu hori ahaztuta dagoeneko?

Ez. Ahaztu sekula ez dot ahaztuko. Bospasei urtetan hor bizi izan genduzan momentuak, salaketak, presinoa ez dodaz ahaztuko, ezta nahastea eragin eben personak be. Min handia egin euskuen baina ni beti alde positiboa bilatzen ahalegintzen naz eta gaur egun Urdaibai taldeak dauen palmaresa egoera horrek eragindakoa dala esango neuke.

Ganerakoan, lesino larririk be ez dot izan, asko zaintzen naz, lanagaitik be ez dot egiten esfortzu handirik eta entrenamentuen ostean, deskantsua hartzea, berbarako, zorrotz segiduten dot. Nahikoa formala naz, nahikoa monje eta egia esan ez dot izan holako lesino larririk.


5.- Aurten entrenatzaile barria eta presidente barria be badauka Itsasoko Ama arraun taldeak: Juan Carlos Alvarez, hain zuzen be. Egon zara beragaz? Zer esan deutsu?

Bai, sarritan egon naz beragaz ze aspaldi gabiz mutilek fitxau guran eta. Sotera historikoko arraunlaria izan zan Juan Carlos Alvarez eta bere ilusino da hareek denporak berreskuratzea; oso gatxa izango da, maila horretara heltzeko las asko egin behar da eta urteak behar dira, egoerea ez da urte batetik bestera aldatzen. Edozelan be, beharrerako faseak eta emon beharreko pausuak nahikoa argi daukaz; santurtziar asko dabiz kanpoko taldeetan eta horreek danak herrira ekarri gura ditu eta beste bi edo hiru neurrigaz traineru polita geratuko dala uste dot. Datorren urtean KAE 2 mailan arraun egingo dogu eta segurutik lekuz kanpo izango gara, liga gogorra izango dalako baina urte batzuk aurrerago TKE ligan sartzea da asmoa. Urtebeterako sinatu dodan arren, taldearen asmoa epe luzerakoa da ebaina kargu honetan barria nazenez, astiro-astiro joango gara ikusten gauzak zelan doazen, zelan moldatzen nazen, arraunlariek zelan hartzen naben eta abar.   

6.- KAE 1etik KAE 2ra bajatu da aurten Santurtzi. Zeintzuk dira helburuak?

Dana dago egiteko, behe-behean dago taldea eta goranzko bidea baino ez da izango Santurtzik hartuko dauena. Ez dakit nora helduko garen baina prebisinoak beteten badira, aurrera egitea espero dot.


7.- Ze lan prebisino daukazu?

Beharrean hasita gagoz. Santurtziko arraun taldea nahikoa berezia da ze banko mobilean be badabil, dakizunez, historian zehar arraunlari oso onak izan ditu, baita mundialetan eta ibilitakoak. Beraz, banko mobilean be ibiliko gara eta udan, barriz, banko finkoan, traineruan, hori dalako guretzako inportanteena.  


8.- Datorren denporaldiari begira, Itsasoko Ama arraun eskolea martxan dago. Ume eta gazteakaz be lan egin dozu ala nagusiakaz bakarrik?

Duda barik, behetik zer datorren be, beti egon behar da adi. Santurtzin talde polita dago mutilak eta neskak tarteko dirala. Danetariko jentea dago, plantilea oraindino ez dago zarratuta baina igazko taldeko arraunlari guztiek segiduteko amesagaz dabiz, nahiko gazteak dira eta ilusino faltarik be ez daukie. Baina barruan daben guztia atarateko lan handia dago egiteko. Era berean, kanpotik diran santurtziar batzuk, 30 urte ingurukoak, berreskuratu eta maila oneko beste hiruzpalau fitxetea da asmoa, beteranoak izan arren, oraindino arraun-gosea daben beteranoak. Gauzea nahikoa zehaztuta dago, kontaktuak eta hasita baina zarratuta oraindino ez dago ezer.


9.- Entrenatzaile eta arraunlari be ibiliko zarela aurreratu dau arraun taldeak. Zelan buztartuko dozuz zeregin biak?

Modan dago entrenatzailea be arraunean ibiltea. Lehiarako barruan izango nazen ala ez, ez dago jakiterik. Nik arraunlariei eta esan neutsiena izan zan entrenamentuak eta egingo dodazala eta merezidu badot barruan egongo nazela eta bestela ez.


10.- Urteak joan dira Santurtziko Soterak Kontxa irabazi ebanetik, 37 zehatz esateko. Badago botika magikorik Kontxa irabazteko? Datorren urtean nor ibili daiteke puntako postuetan?

Lana eta lana, beste botikarik ez dago. Talde lana da hau, asmoak argi eta danak batera ekitekoa. Orain momentuan, denporaldiaren amaieran taldeetan izan diran joan-etorriak eta kontuan hartuta, Hondarribiako taldea da faborito argia dana irabazteko. Urdaibaik baja nahikotxu izango ditu, pisu handiko arraunlari batzuk eta entrenatzailea be barria izango ditu aurten, Joseba Fernandez. Aurten ikusi da Hondarribiari aurre egin deutsona Urdaibai izan da eta hirugarrena nahikoa urrun ibili da. Baina kirolean ezusteak be izaten dira eta zehatz esaterik ez dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu